Ainhoa Azpirotz. Hik Hasiko kidea

«Gaur egun inor gutxik irudika dezake Hik Hasi ez egotea»

BERRIA.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ainhoa Azpirotz (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) 1996tik da Hik Hasiren kidea. «Proiektuaren bigarren ikasturtetik». Nabarmendu du egitasmoaren «balioetako bat» dela barne antolakuntza horizontala izatea, eta hori horrela izan dela hasieratik. «Egun, halako antolakuntza molde gehiago ikusten dira». Esker oneko mezua eman die proiektuaren harpidedunei. «Funtsezkoak dira» Egitasmoak jarraitzen du Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkariak kaleratzen, urte osoko formakuntza eskaintzen, eta «beharra eta hutsunea» ikusten duen arloetan materiala argitaratzen.

Zer balantze egiten duzue azken 25 urteez?

Hasieran, inork ez zuen egiten horrelako proiektu baten aldeko apusturik; ez zen bideragarria ikusten. Baina 25 urte geroago erreferentea da, eta Euskal Herritik kanpo ere bada ezaguna. Urte hauetan guztietan Hik Hasi aldizkariaz gain beste proiektu asko sortu dira. Azken finean, behar, nahi, gogo batzuek bultzatuta sortu zen proiektua, eta, indar horrekin, helburu du euskal hezkuntza sistema propio bat eratzea, Euskal Herrira egokitua. Gaur egun inor gutxik irudika dezake Hik Hasi ez egotea.

Kontuan hartu behar da zein zen garai hartako euskal hezkuntza sistemaren egoera, testuingurua: euskaraz ez zekiten irakasle asko zeuden, sareen aldetik eta administratiboki zatituta zegoen, gure curriculuma ez zegoen garatuta, eta, besteak beste, ikastetxeetan erabiltzen zen material gehienak Euskal Herritik kanpoko erreferenteak zituen. Beraz, hori dena aldatu nahi zen. Eztabaidatzeko, trinkotzeko, erronka berri horiei heltzeko nahia zegoen hezkuntzaren esparru askotan. Esan dezakegu hainbat tokitan su txiki batzuk pizten ari zirela, eta Hik Hasik su horiek denak bildu zituen egitasmo baten barruan. Eta aurrera atera zuen. Nabarmendu nahiko nuke Joxe Mari Auzmendi zena, bera izan bultzatzaile nagusia.

Batez ere zertarako izan da baliagarria Hik Hasik hezkuntza komunitatean egindako ekarpena?

Batez ere, elkarren berri izateko. Izan ere, bakoitza bere ikastetxean dabil, aldamenekoan zer egiten den jakin gabe. Hasieran, aldizkaria izan zen proiektuaren bizkarrezurra, eta bilakatu zen elkarren berri izateko tresna: Euskal Herrian zer esperientzia zeuden, zer ekarpen... Horrekin batera, beti parte hartzea bultzatu izan da. Helburua zen irakasleek aldizkaria bere sentitzea. Batetik, beraz, funtzio bat bete du aldizkariaren bidez.

Eta, bestetik, euskarazko formakuntzaren arloan egindako lana dago. Hori da Hik Hasik egin duen beste ekarpen bat. Duela 25 urte, oso zaila zen formakuntza euskaraz jasotzea; gazteleraz edo frantsesez zen. Orduan, ikusi genuen hutsune bat zegoela. Azken finean, hezkuntza komunitate bat sortzea lortu du: eskolatik familiara, eta familiatik herrira. Horrek komunitatea bera aberastu du.

Proiektuak duen eragile senari ere garrantzia ematen diozue.

Hasieratik izan du euskal hezkuntza sistema propioaren alde lanean ari direnak batzeko nahia. Hainbat ikuspegi daude, hainbat sare, eta bakoitzak bere izaera du. Horri uko egin gabe gabe, saiatu da horiek denak Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren bidean jartzen. Gainera, alde batetik eta bestetik aitortu zaio izaera bateratzaile hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.