Lanean, ilusioz gainezka

Realak, Athleticek eta Alavesek hasi dute denboraldiaurrea, helburu desberdinak dituztela

Realeko jokalarien talde irudia, denboraldiaurreko lehen lan saioa egin aurretik. REALA.
Ainara Arratibel Gascon - Pettan Uralde
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Iraileko bigarren asteburuan jarriko da martxan Lehen Maila, eta Reala, Athletic eta Alaves hasi dira lanean egun horretara sasoi onenean iristeko. Nekearen, gogorduren eta gainkargen egunakdira. Baina baita berriro ere baloiarekin hartu-emana izatearena ere. Eta, noski, ilusioarena, orri zuri bat betetzen hastekoa.

Realarentzat denboraldi berezia izango da, lehen aldiz Europan jokatuko baitu. Natalia Arroyoren taldea atzo hasi lanean, euripean, eta zaleen babesarekin. Izan ere, ateak irekita izan zen entrenamendua Zubietan. Ume asko izan ziren animatzen.

Momentuz bi aurpegi berri ditutalde txuri-urdinak: Alejandra Bernabe ezker hegalekoa, eta Andreia Jacinto erdilaria. Jacinto ez zen taldekideekin entrenatu, min hartuta baitago. Selekzio arteko txapelketak direla eta, lehen taldeko hainbat jokalari ez ziren Zubietan izan: Amaiur Sarriegi, Sanni Franssi, Manu Vanegas, Gaby Garcia, Elene Lete, Adriana Nanclares, Ana Tejada, Izarne Sarasola eta Mirari Uria. Hala, bigarren taldeko hamar jokalari aritu ziren lanean lehenengoarekin.

Entrenamendu amaieran pozik zegoen Arroyo: «Gogoz geunden bueltatzeko, eta lehen entrenamendu honetan intentsitate handia ikusi dut». Teknikariak berretsi zuen fitxaketa gehiago egingo dituztela. «Multzo handiagoa izango dugu. Asmoa erdialdea eta hegalak indartzea da».

Txapeldunen Liga jokatzea «motibazio eta ilusio» handia dela nabarmendu zuen. Baina, aldi berean, ezin diotela ligari arreta kendu. «Aurreko sasoian ondo egin genuen guztia gehiagotan errepikatzen ahaleginduko gara. Horri abiadura eta zehaztasun handiagoa gehitzen saiatuko gara», berretsi zuen.

Athleticen, proba medikoak

Athleticek ere denboraldiaurreari ekin dio azterketa fisiko eta medikoekin. Ostiralean izango dutelehen saioa zelaian, eta ondoren Boltañara (Huesca, Espainia) joango dira. Talde zuri-gorriak hamarkada bat darama sasoiaurreko egonaldia han egiten, eta hilaren 25etik 30era bitarte izango dira bertan. Lehiaketako erritmoa hartzeko, bi lagunarteko baieztatu ditu Bizkaiko taldeak. Lehena Real Oviedoren aurka izango da, abuztuaren 6an. Bigarrena, berriz, Eibarren aurka jokatuko dute, abuztuaren 10ean hain zuzen.

Lau jokalari garrantzitsuk utzi dute taldea: Lucia Garciak, Ainhoa Morazak, Vanesa Gimbertek eta Erika Vazquezek. Baina, oraingoz, ez dute fitxaketarik egin taldea indartzeko. Errefortzu bakarra bigarren taldetik igotako jokalariak dira. Horien artean, Ane Elexpuru, Maite Zubieta, Amaia Martinez, Paula Esteban, Alejandra Estefania, Sara Ortega eta Jone Amezaga. Pinedo, Elexpuru eta Zubieta aurrerago hasiko dira lanean, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan egongo baitira.

Aulkian, berriz, Iraia Iturregik jarraituko du. Talde zuri-gorriaren helburu nagusia lehenengo bost sailkatuen artean geratzea da, eta Europako postuetan egoteko borrokan aritzea. Azken bi denboraldietan ez dute lortu, eta gogotik egin beharko dute lan taldearentzat ohikoak ziren postuetara hurbiltzeko.

Alavesek, berriz, astelehenean hasi zuen denboraldiaurrea, erabat eraldaturik. Lehenengo Mailan egongo diren bigarren urte honetarako zazpi fitxaketa egin dituzte: Rebecca Elloh, Camila Saez, Emmanuella Aby, Elba Verges, Patricia Larqui, Carla Morera eta Fatima Pinto. Taldea utzi duten jokalariak ere asko izan dira, zortzi guztira. Kontratu berritzeak ere egon dira, Alba Aznarrena eta Miriam Dieguezena. Teknikari Mikel Crespok segitzen du. Helburua Lehen Mailan sendotzea izango da, eta aurreko sasoiko itxura ona ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.