Albistea entzun

Arrauna

Ondo bukatzea geratzen zaie

KAE 1 ligan, San Pedrok du gertuen lehiaketa irabaztea, eta ETE ligan, Hibaikak bideratua du liga nagusira igotzea, bigarren bada ere. Launa estropada falta zaizkie.
San Pedroko <em>Libia</em> trainerua ziaboga ematen KAE 1 ligako bigarren estropadan, Zumaian.
San Pedroko Libia trainerua ziaboga ematen KAE 1 ligako bigarren estropadan, Zumaian. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko abuztuak 11

Tokitan da iazko udazkena. Arraunlariak entrenatzen hasten diren garai horretan, edo aurrerago akaso, datorren udako helburuak jartzen hasten dira klubetan. San Pedroren kasuan, onenen arteko lehian ibili nahi zuen KAE 1 ligan, sari nagusiren bat arrantzatzeko aukera izate aldera. Hibaikari dagokionez, ETE ligatik Euskotren ligarako jauzia egitea zuen xede, datorren urteko udari begira.

Joan zen udazkena, negua ere joan zen, udaberriak udari utzi zion lekua, eta bi taldeak daude aurrez nahi zuten lekuan eta egoeran: pasaitarrak baino talde hoberik ez da ligan oraingoz, eta, Errenteriakoei dagokienez, Hondarribia bakarrik da hobea oraingoz.

Asier Carballeda (Pasaia, Gipuzkoa, 1979) berria da entrenatzaile lanetan, eta ezin hobeto ekin dio langintzari San Pedron. Hasierako asmoa betetzen ari da taldea, eta bi bandera astindu ditu, gainera. «Gehiago izan zitezkeela uste dut, estropada batzuetako baldintzek kalte egin digutelako». Bi garaipen horiek altxor oparoa dira sailkapenean buruan ibiltzeko, baita beste balio bat ere: erregulartasuna. Bitan bakarrik izan da bosgarren, behin hirugarren, eta bost bider bigarren. «Asko balio du goian sendo ibiltzeak», azaldu du Carballedak.

Egina, bale esaten da, eta San Pedrok asko egin du. Baina ez du lana osatu oraindik. Burutzea falta zaio, lehen bietan geratu eta Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatzeko. Zortzi puntu atzetik du Arkote, eta bederatzira jarri zaio Pedreña. Entrenatzaileak badaki zer behar duten iraileko hirugarren asteburuan kanporaketako bi estropadak jokatzeko: «Ezin dugu hutsik egin, eta gure esku dago». Lau estropada geratzen zaizkie: hiru itsasoan (Plentzia, Castro Urdiales eta Zarautz), eta bat ibaian, erlojuaren aurka (Bilbon). Bietan ibili da ondo Libia trainerua, Carballedak onartu badu ere itsasoan dabiltzala biribil antzean.

Ligari dagokionez, «oso lehiakorra»izaten ari dela dio:«Lauzpabost talde ari gara lehian goian, eta ez da aurreko urteetan bezala, talderen bat edo beste nabarmendu baitzen. Polita doa aurtengoa, eta gu goian gauden arren, ezin izan dugu lasaitu inoiz».

Hibaika, gehiagoren bila

ETE ligan, Hibaikaren talaiatik begiratuta, bestelako lehia bat ari da ikusten Iñaki Mendizabal entrenatzailea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966): «Espero nuen lehia estuagoa lehen lauren artean, aurreko denboraldiak ikusita, baina uste baino alde handiagoak dauzkagu goikoek». Lehen pertsonan eta pluralean ari da, bere taldea delako ia puntaren puntan dabiltzanetako bat: «Prestaketa aldian beti izaten dira zalantzak; besteak beste, aurkari batzuen berri ez delako izaten». Horrek ere, akaso, eramango zion burua berdintasuna iragartzera.

Kontua da, baina, lau estropada falta zaizkienean liga amaitzeko (Castro Urdiales, Zarautz, Bilbo eta Erandio), eta lehen biek lortuko dute sari nagusia: igoera. Hirugarrena kanporaketara doa, eta Deustu da talde hori, oraingoz. Hamasei puntu gehiago ditu Hibaikak. «Igotzea dugu helburutzat, eta bideratuta daukagu. Errematatzea falta zaigu. Itsasoan eta ibaian bina estropada dira, eta ez daukat kezkarik, ondo ari garelako moldatzen denean», esan du Mendizabalek. Bi bandera eta hiru garaipen ditu taldeak, eta bat berezia, etxeko estropada: «Udako unerik bereziena izan zen, etxean irabazteagatik ez ezik, une hartan kolpetxoa emateko ere balio izan zigulako sailkapenean».

Badaki gertu dutela helburua, baina badaki lan egin beharko dutela ere oraindik:«Ez dago erabakita, eta, gure esku badago ere, egin egin behar dugu». Hibaika ere erregularra ari da izaten: hirutan izan da hirugarren, eta bost bider hirugarren, irabazi ez duenean. Gehiago nahi, baina, entrenatzaileak: «Ea geratzen den honetan bandera gehiago irabazteko ditugun, garesti badaude ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JCD FOTOGRAFIA / FETRI

«Ez dut sekula galdu borrokatzen segitzeko gogoa»

Ainara Arratibel Gascon

Mateok hainbat egoera zaili aurre egin behar izan die bizitzan. Baina, denak gainditu, eta hirugarren Paralinpiar Jokoetan egoteko lanean ari da jada. «Amets bat litzateke Parisen egotea».
Osasunako jokalariak, Jagoba Arrasate airean dutela. ©JESUS DIGES / EFE

Markoa jarri, eskegi eta miretsi

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak inoiz ez bezalako sasoia osatu du, Kopako finala jokatu eta Europan sartuta. Talentuaz eta zaleen grinaz baliaturik, Arrasatek beste dimentsio batera gidatu du taldea.
Alaveseko Benavidez eta Eibarreko Matheus larunbateko lehian. ©JON URBE / FOKU

Final handia jokoan

Beñat Mujika Telleria

Alavesek eta Eibarrek gaur jokatuko dute Lehen Mailara igotzeko lehen kanporaketako itzulerako partida. Eibarrek nahitaez irabazi behar du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Manterola Garate

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.