Albistea entzun

Eukene Larrarte. Bizkaia-Durango taldeko txirrindularia

«Goitik behera aldatu da taldea, eta, pixkanaka, elkar ezagutzen ari gara»

Laboral Kutxan urtebete egin eta gero, Larrarte Bizkaia-Durangon ariko da aurten. Taldearen «anbizioa» goratu du, eta azaldu du «lehiakorrak» izan nahi dutela; besteak beste, Tourrerako gonbidapena lortzeko.
BIZKAIA DURANGO Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2022ko otsailak 24

Probarik onenetan esperientzia hartzeko asmoz iritsi da Eukene Larrarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1998) Bizkaia-Durango taldera. Errepideko ziklismoari arreta handiagoa ipiniko dio aurten, baina pista bazter utzi gabe: Parisko Olinpiar Jokoetan aritzea dauka amets.

Valentzian hasi duzue denboraldia. Zer moduz sentitu zara?

Oso lasterketa gogorra izan da, sekulako maila baitzegoen. World Tourreko talde guztiak lehiatu dira, bat izan ezik. Oso azkar joan gara, eta, niretzat, nahiko aberatsa izan da, denetarik izan dudalako: egun txar bat, egun on bat, matxura, erorikoa… Pozik nago, lasterketa bukatu dudalako eta ikasi ere egin dudalako.

Zortzi ziklista berri iritsi zarete Bizkaia-Durangora. Zer moduzkoa ari da izaten egokitzapena?

Oso pozik nago taldearekin nahiz taldekideekin. Iritsi nintzenean, uste nuen ni egokitu beharko nintzela talde berrira, baina iruditzen zait denok gaudela egoera berean, taldea goitik behera aldatu delako. Adibidez, Valentzian ibili garen guztiak berriak gara, eta aldea nabaritu dugu lehen egunetik azkenekora. Elkar ezagutzen ari gara pixkanaka.

Zu Laboral Kutxatik iritsi zara. Zergatik erabaki zenuen taldez aldatzea?

Egutegi finko bat eduki nahi nuen, nazioarteko proba gehiagorekin. Laboral Kutxan oso pozik nengoen, ez daukat kexarik. Baina, objektiboki, lasterketa gehiago behar nituen, eta Bizkaia-Durangok oso egutegi zabala dauka. Pausoa ez dut aldez aurretik eman nahi izan, agian egutegi horretan erantzuteko gai izango ez nintzelako. Gauzak ongi egin nahi nituen, eta heldu da momentua.

Egutegiaz landa, alde handia dago Laboral Kutxaren eta Bizkaia-Durangoren artean?

Bizkaia-Durangon, helburu finko bat dugu txirrindulari guztiok: profesionalak izatea. Alde horretatik, Labora Kutxa gehiago hurbiltzen da amateur mailara, eta exijentzia maila txikiagoa da. Txirrindularien eta taldearen ikuspegia ezberdina da. Bizkaia-Durangok anbizio handiagoa du emaitza aldetik.

Iaz koska bat igo zuen, Valentziako Itzulian etapa bat irabazita. Garaipenen arrastoan jarraitzea da aurtengo helburua?

Langa goian ipini zuten iaz, Sandra Alonsoren garaipenarekin. Agurtzanek [Elorriaga, taldeko zuzendaria] anbizio handia du, eta nik neuk ere bai. Garaipen bat lortzea izugarria izango litzateke, baina, errealistak izanik, badakigu oso zaila dela World Tourreko taldeen aurka irabaztea. Lehiakorrak izan nahi dugu behintzat. Gauzak txukun eginez gero, lasterketa gehiagotara gonbidatuko gaituzte.

Handia litzateke Frantziako Tourraren gonbidapena jasotzea. Posible ikusten duzue?

Talde honek izen ona du tropelean, eta horrek erraztu egiten du gonbidapenak lortu ahal izatea. Tourrari dagokionez, taldea beti gonbidatu izan dute Le Coursen aritzeko [ASOk antolatu izan duen egun bateko proba]. Tourra ezberdina da, itzuli bat delako, baina, jakin dakidanez, oraindik baditugu Tourrera joateko aukerak.

Aurten, buru-belarri ariko zara errepidean. Zer helbururekin?

Eskarmentua pilatu nahi dut. Euskal Herriko Itzulian aritzeko gogo handia dut, eta Italiako Giroa ere oso helburu polita izango da. Irabazi egin beharko dut bertan izateko aukera. Hamar egun asko dira, eta, nire lehen Giroa izango denez, lasterketa bukatzea izango da helburua.

Errepideko txirrindularitza pistaren aurretik jarriko duzu?

Beldurra ematen dit hori esateak. Inoiz ez dut gustuko izan bat bestearen aurretik jartzea. Baina lehen urratsa aurreko astean egin nuen: pistako Espainiako Txapelketak jokatu ziren, baina Valentziako Itzulira joatea erabaki nuen. Dena den, pista ez dut alde batera utziko. Etorkizunera begira, Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu nahiko nuke. Errepidean egiten dudana lagungarria izango zait pistan.

Eta errepidean baliagarria izan dakizuke pistan orain arte pilatu duzun esperientzia guztia.

Egia esan, bai. Hor dudan kontraesana da neure buruari ezin diodala gauza bera eskatu modalitate batean eta bestean. Pistan urte gehiago daramatzat, eta aurrean sartzeko helburuarekin ateratzen naiz. Inkontzienteki, errepidean asmo bera izan dezaket, eta, oraintxe, hori ez dator bat errealitatearekin. Oreka lortu behar dut. Pistak tentsio uneak kudeatzen eta kokapen ona lortzen lagun diezadake. Egoera batzuk ezagutzen ditut jada.

Bizikletan hasi aurretik, futboleko atezain izan zinen. Orduan ikasitakoak zerbaitetarako balio al dizu gaur egun?

Ezer gutxi oroitzen dut atezain izan nintzeneko garai haietaz [barrezka]. Txirrindularitza bakarkako kirola da, baina taldeak garrantzi handia du. Eta futboletik zerbait ekarri banuen, hori izan zen: taldeko balioak oso barneratuta izatea. Atezaina oso bakarrik egoten da; lasterketetan, ordea, ez zaude dirudien bezain bakarrik, taldekideen babesa hor dagoelako.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Anbizioaren langa, goian

Haritz Gallastegi

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Biak bolada onean daude joko eta emaitza aldetik. Sarrerak agortu dira, eta giro bikaina egongo da

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Naturala izan behar du huts egiteak; denek egiten dugu»

Ainara Arratibel Gascon

Realak Betisen kontra jokatuko bihar Zubietan (12:00, ETB1). Arnaizek nabarmendu du zaleentzat erakargarria den joko bat egin nahi dutela, eta lehiakor izan. «Joko zuzenak presentzia handiagoa izango du».
Olatz Arregi, Atletico San Sebastian klubaren instalazioetan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Esfortzuarekin konprometituta

Pettan Uralde

Olatz Arregi piraguistak zilarrezko domina irabazi berri du Munduko Txapelketan. Hurrengo erronka Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko sailkapen probetan jarri du. Lekua lortzea du helburu.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etxean talde sendoa izatea da gure erronketako bat»

Ainara Arratibel Gascon

Athleticek sasoiko lehen hiru puntuak berreskuratu nahi ditu Levante Las Planasen zelaian. San Adrianek nabarmendu du «borroka handiko» partida izango dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.