Amaia Gonzalez de Garibay. Zuazoko jokalaria

«Talde gaztea gara, eta oraindik tarte handia daukagu hobetzeko»

Bigarren denboraldia du Zuazon Amaia Gonzalez de Garibayk. Ez du helburu zehatzik jarri nahi izan; nahiago du «partidaz partida» joan, baina aitortu du «itxaropen handia» duela proiektu berrian.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Ohorezko Mailako hirugarren jardunaldiko partida jokatuko du gaur Zuazok, Castelloren pabiloian (18:30). Partida «dibertigarria» espero du Amaia Gonzalez de Garibayk (Valladolid, Espainia, 1994). «Azkar jokatzen dute, eta horrek mesede egiten digu».

Morvedreren kontra irabazi egin zenuten, eta Atletico Guardesen aurka, galdu. Espero zenituzten emaitzak dira?

Aurkariak kontuan hartuta, bai. Baina partidak nola joan ziren ikusita, arriskua izan genuen Morvedreren aurka galtzeko, eta, zertxobait gehiago estutu izan bagenu, Guardesi irabaziko genion. Pena izan zen.

Oro har, beraz, pozik zaudete egindako lanarekin?

Bai. Oso talde gaztea dugu. Taldekide askok apenas duten eskarmenturik Ohorezko Mailan. Baina erakutsi dugu gai garela ondo lehiatzeko, eta edozein kontrariori aurre egiteko. Gainera, hobetzeko tarte handia daukagu. Hori da onena. Hortik harago, oso talde batua gara. Taldekideak ez ezik, lagunak gara, eta hori antzeman egiten da kantxan.

Aldaketa dezente izan dira taldean. Zortzi jokalari joan dira, eta sei etorri. Nola ari dira moldatzen?

Oso ondo. Jaito [Joseba Rodriguez entrenatzailea] lan ikaragarria egiten ari da horretarako. Oso ondo ezagutzen ditu etorri diren jokalariak, eta horrek asko errazten ditu gauzak. Egindako fitxaketek ez dute zerikusirik aurreko sasoikoekin. Jokalaria gazteak dira, eta gehienak harrobitik edo inguruko taldeetatik datoz; ondo ezagutzen dute Zuazoren filosofia. Egin nahi zen jokoaren arabera egin dira fitxaketak. Aurreko sasoian, aldiz, lehenbizi fitxaketak egin ziren, eta gero erabaki zen nola jokatu nahi zen.

Aurreko sasoian, talde eskarmentuduna zenuten; orain, berriz, talde gaztea. Aldaketa handia da hori?

Ainhoaren [Hernandez] eta nire kasuan, bai. Aurreko sasoian gu ginen eskarmentua zuten jokalariei aholkua eta laguntza eskatu eta haien aginduei jarraitzen genienak. Orain, berriz, gu gara erreferenteak gazteentzat, eta haiek jotzen dute guregana. Guk dugu ardura hori orain, eta lan hori ondo egiteko ilusioa dut.

Zein iritzi duzu gazteen aldeko apustuaz?

Primeran. Jokalari onak dira, eta lan egiteko gogo handia dute. Proiektu hau ez da sasoi baterako, epe luzerako da. Jokalari gazte horiek hemen jarraitzen badute, eskarmentua pilatzen badute eta beren mailari eusten badiote, hemendik bi edo hiru sasoira oso goian egoteko taldea izango du Zuazok.

Zer aldatu du Jaitok Juanjo Gonzalezekin eta Aritz Alvarekin alderatuta?

Juanjok eta Aritzek, entrenatzeaz gain, lan egiten zuten; Jaitok ez. Horrenbestez, denbora gehiago du entrenamenduak eta partida aztertzeko eta prestatzeko. Entrenatzeko moduan ere bada alderik. Nabari da Jaitok asko entrenatu duela harrobian, eta aditua dela arlo teknikoan. Ariketa motzagoak egiten ditugu, ez horrenbeste sei seiren kontrakoak. Ez zaitgustatzen ariketak errepikatzea. Entrenamendu bakoitza diferentea da. Oso entrenatzaile gertukoa da, eta beti gauzen alde onari erreparatzen dio.

Eta zer aldatu duzue jokatzeko eran?

Bizkorrago eta defentsa irekiagoarekin jokatzea nahi du, eta jokalari guztiak oso aproposak gara horretarako. Oso dibertigarria da, eta asko disfrutatzen dugu. Ikusleentzat ere erakargarria da.

Castellon jokatuko duzue gaur. Nolako partida espero duzue?

Aldaketa batzuk egin ditu Castellok. Besteak beste, Montse [Puche, Bera Berako entrenatzaile ohia] da orain entrenatzailea.Erasoan oso joko bizkorra, zuzena eta dinamikoa egiten du. Lehen lerro oso ona dauka, eta bi jokalari nabarmenduko nituzke: Noelia Lopez eta Noelia Sala. Asko gustatzen zait nola jokatzen duten. Bestalde, defentsa oso irekiarekin jokatzen dute. Haien jokatzeko era aproposa da guretzat. Partida dibertigarria izango da. Irabazteko, ezin ditugu baloi inozoak galdu, Morvedreren aurka egin genuen bezala. Pazientziaz jokatu behar dugu.

Duela hilabete batzuk berritu zenuen kontratua. Pozik zauden seinale, ezta?

Bai, oso pozik nago hemen. Bigarren sasoi dut. Aurrenekoan, kostatu egin zitzaidan egokitzea: lekua, klima, entrenatzeko modua, jendea... Baina hilabeteak aurrera joan ahala, ikusi nuen gero eta gusturago nengoela. Maiatza iritsi, eta ez nuen zalantzarik izan: hemen segitu nahi nuen, are gehiago buruan zuten proiektua azaldu zidatenean. Oso eskertuta nago klubaren aldetik jasotako tratuarekin.

Jarraitzaile taldea ere baduzue.

Ilusio handia egin zigun. Gure senideen eta lagunen ekimenez sortu zen, eta oso pozik gaude. Beti esaten zuten giroa hotza zela Lasesarren, pabiloia oso handia zelako. Baina antzeman dugu hori aldatzen hasi dela zale taldeari esker. Guretzat oso inportantea eta lagungarria da. Espero dugu gero eta jende gehiago animatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.