Albistea entzun

Mendi lasterketa. Aritz Egea. Mendi korrikalaria

«Izugarri sufritu nuen beroagatik»

Euskadiko Ultra Txapelketa jokatu zen larunbatean, Domusa Teknik 40 ML lasterketaren barruan. Bero handia egin zuen, eta horrek baldintzatu zuen mendi korrikalarien jarduna. Aritz Egeak eta Oihane Azkorbebeitiak nagusitasunez irabazi zuten.
INTZA ELUSTONDO / UROLA KOSTAKO HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko maiatzak 17

Urtea biribil doa Aritz Egearentzat (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Parte hartu duen hiru lasterketetan podiumean izan da, horietako bitan gorenean; besteak beste, orain bi aste jokatutako Atletismoko Federazioaren Espainiako Ultra Txapelketan. Gogotsu dabil, eta ultra distantziari neurria hartuz doa.

Eguraldiak ez zuen asko lagundu larunbatean. Bero handia egin zuen. Asko sufritu al zenuen?

Lasterketa erdira arte oso gustura joan nintzen, batere sufritu gabe, baina azken zatian izugarri sufritu nuen beroagatik. Mandubiara arte [33. kilometroa], oso azkar joan nintzen, jendearekin hitz eginez ere bai, baina handik aurrera beroa asko areagotu zen, eta Loiolatik [55. kilometroa] Xoxoterainoko zatia [60. kilometroa] infernua izan zen niretzat. Zorabioekin ere ibili nintzen azken kilometroetan, eta, amaieran, karranpak izan nituen. Inoiz igo gabeak nituen giharrak ere igo zitzaizkidan! Nahiz eta asko edan nuen, horrelako eguraldiarekin oso zaila da dena kontrolpean izatea.

Zer iruditu zitzaizun ibilbidea?

Ezagutzen nuen ibilbidea, eta oso polita iruditu zitzaidan. Tartean, Hernio, eta nire mendirik kutunetako bat, Izazpi, igotzen dira, eta, biribiltzeko, Xoxote. Egia esan, ez zidan grazia handirik egin Xoxote igotzeak, baina eskualdeko mendirik gustukoena izango zen gehienentzat, eta amaiera polita ematen dio lasterketari. Datozen urteetan erreferentziazko lasterketa bat bilakatuko den sentsazioa daukat. Oso azkar ibiliko da jendea hemen etorkizunean, eta nik lortutako denborari puska handia jaisteko aukera ikusten diot.

Lasterketa irabazteko faborito nagusia zinen.

Bai, nahiz eta errazagoa izaten den faborito izatea, gero erakustea baino. Aurten oso gustura nabil. Bikain sentitzen naiz, eta asko gozatzen ari naiz. Banekien zer lasterketa egin behar nuen, eta, nahiz eta amaieran asko sufritu, gustura nago egindako lanarekin.

Une oro aldeak handituz joan zara. Horrek patxada eman zizun?

Bai. Erreferentziarik gabe atera nintzen. Neska lagunak pasatzen zizkidan denboren arabera, alde nahikoarekin iritsi nintzen azken kilometroetara, eta banekien gauzak asko okertu ezean irabazteko adinako tartea zela. Beste batzuetan ez bezala, estresik gabe egin nuen lasterketa.

Orain arte denboraldi aparta egiten ari zara. Hemendik bi astera Zegama-Aizkorri dator.

Bai, baina aurtengoa oso ezberdina izango da. Faboritoen eta faborito ez direnen zerrenda horietan ez sartzen saiatzen ari naiz. Egiten dudana gustuko dudalako egiten dut; ez daukat ezer demostratu beharrik. Zegama ona ateratzen bada, ondo, eta, bestela, orain arte lortutakoa hartuko dut gogoan.

Larunbateko garaipenak lasaitasuna ematen dizu Zegama-Aizkorrira begira?

Bai. Domusa Teknik 40 ML urteko helburuetako bat zen; Zegama, aldiz, ez. Halere, hamabost egun barru ahalik eta lanik onena egitera aterako naiz. Gaizki ateraz gero, aitzakia badaukat [barrezka]. Beste urteetan ez bezala, aurtengo lasterketetan ez nago Zegamara begira. Urte asko pasatu ditut hari begira. Baina beti esan izan dudan bezala, oso lasterketa berezia da niretzat. Mendi lasterketetan jarraitzen dudan heinean, beti saiatuko naiz Zegaman aritzen.

Euskadiko Ultra Txapelketa irabazi berri duzu. Lehen ere txapeldun izana zinen bertikalean eta lineakoan ere. Zer dakar lortutakoak?

Domusakoek Gabonen inguruan deitu ninduten, parte hartzera animatuko ote nintzen galdetuz. Etxe inguruko mendietatik igarotzen denez, ez nuen zalantzarik egin. Distantzia aproposa zen niretzat, eta babesle gisara ere laguntzen ari dira aurten. Hau zen falta zitzaidan txapelketa bakarra, eta, egia esan, oso pozik nago. Nahiago nuke Euskadiko Txapelketak izan beharrean Euskal Herriko Txapelketa izan balitz, lortutako beste biak bezala. Baina gauzak horrela dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: BERRIA Pilota Txapelketa

Lazkaoko LAPKE, BERRIA txapelketako XVII. edizioko txapeldun

Berria

Hiru hilabete pasako lehiaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarte onenak elkarren aurka aritu dira finalean, Hernaniko udal pilotalekuan. Finaleko hiru partidak irabazi ditu Lazkaok.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hamar garaipenekin, urteak ez ziren onak»

Iñaki Berastegi

Hermansek bere biografia aurkeztu du Euskal Herrian. Orbearekin hasi zen profesionaletan, eta talde hura «familia» bat izan zela dio.
Zumaiako arraunlariak eta kideak, atzoko banderarekin. ©BERRIA

Zumaia ere azaldu da

Aitor Manterola Garate

ETE ligako bigarren estropadan irabazi du sasoiko lehen bandera, Donibane Lohizunen

Eraso, atzo, helmugan. ©FEC

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...