Iñigo Merkader. Herri kirolaria

«Konfiantza osoa nuen nigan. Banekien ondo prestatuta nengoela»

Korrika eta sega uztartu dituen apustua irabazi du Iñigo Merkaderrek. Gustura geratu da Mikel Lizartza aurkariak eta berak emandako mailarekin, eta esan du garaipenarekin orain artekoen «fruitua» jaso duela.

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Jokatu duen lehen apustuan garaile izan da Iñigo Merkader (Hernani, Gipuzkoa, 1990). Mikel Lizartzaren aurka herenegun egindako jokoan sei kilometro korrika egin, eta ordu eta erdi osatu artean segan aritu ziren gero: 3.017 kilo belar bilduta nagusitu zen Merkader; 2.981,5 jaso zituen Lizartzak.

Giharrak beren onera itzuli al zaizkizu?

Ez, oraindik minez josita nago, eta egun pare bat, behintzat, horrela pasatuko ditut.

Izan ere, lehia estua izan zenuten.

Bai. Korrika uste baino denbora hobea egin nuen, eta horrek ekartzen du segan denbora gehiagoz aritzea.

35,5 kiloren aldea besterik ez zenuten izan. Tarte txikiak dira horiek, ezta?

Lehia handia izan zen, eta proba bukatu zenean epaileak hogei kiloko zigorra sartu zigun, eta horrekin bagenuen beldur pixka bat. Baina azkenean nahikoa izan zen irabazteko.

Zer dela-eta atera zizun hogei kiloko zigorra adierazten duen txartel gorria?

Azken momentuetan korrika eta presaka aritu ginen, eta ez nuen ondo ebaki. Horren ondorioz atera ziguten txartela.

Horren alde txikia izatea espero zenuen?

Ez dakit horren tarte txikia espero zen, baina borroka estua izango zela bai. Bagenekien [Lizartza] korrika asko ibiliko zela eta guk genuen aukera bakarra sega zela. Segan, lan erdiak egin arte oso ondo aritu ginen, buruarekin jokatuz, baina gero gauza arraro batzuk gertatu ziren, eta gure onetik atera ginen. Horren ondorioz, kostatu zitzaigun lehengora bueltatzea, eta ez aurrera ez atzera geratu ginen. Halere, irabazi egin genuen. Pozik gaude, noski.

Gauza arraroak egon zirela diozu: zertaz ari zara?

Besteen biltzaile bat gure sailetik belarra hartzen ikusi genuen, eta bere sailera botatzen. Horrelako gauzak. Kirolaria 190-200 arteko pultsazioetan ari denean horrelako gauzak ikusita... Uste dut esan behar ez direnak eta guzti esan zirela, eta gure onetik atera ginen. Epaileak ere hor zeuden, eta kito.

Lehian zehar nolako sentipenak izan zenituen?

Korrika oso-oso gustura hasi nintzen. Banekien behar baino azkarrago ari nintzela. Gure asmoa zen kilometroa [batez beste] 4.15-4.20 inguruan egitea, eta erlojuan ikusten nuen 4.00 azpitik ari nintzela. Sentipen onak nituen, eta horrela segitu nuen. Gero, segarako trantsizioa oso ondo hasi nuen. Ia igarri ere ez nuen egin. Lan erdiak aldera, txakalaldi txiki bat eduki nuen, eta esandako gauza haiekin ere txakalaldia handitu egin zela uste dut. Gero, amaierara arte ondo heldu nion.

Hauspoz ondo prestatuta heldu zinen, beraz?

Konfiantza osoa nuen nigan; banekien ondo prestatuta nengoela. Apustua egiteko konfiantza nuen, egiteko gai nintzela, eta baietz ikusi zen. Uste dut lan handiak egin ditugula: korrika sei kilometro 24 minutuen azpitik egitea eta gero segan 3.000 kilotik gora ebakitzea ez dut uste txorakeria denik.

Arrauneko prestakuntzak lagundu al dizu horretarako? [Donostiarra B-n aritzen da].

Bai, dudarik gabe. Urte osoan diziplina bat mantentzen da, militarren moduan, serio-serio, eta hori antzeman egiten da.

Nolako kontrarioa izan zen Lizartza?

Hark ere sekulako lana egin zuen. Asko pozten naiz bion artean horrelako apustua egin izanaz; ikusgarria izan zen, bai jendearentzat, bai guretzat.

Proba amaitzean asko hunkitu zinen. Garaipenak zer esanahi du zuretzat?

Segan ibili naizen garaian entrenamendu asko izan dira, eta emaitzak, agian, ez dira beti nahi bezalakoak izan. Oraingoa fruitua jasotzea bezala izan da; segan egindako zortzi-bederatzi urteetan gertu izandakoak oroitu nituen: lehengo laguntzaileak, oraingoak, nire umore on eta txarrak aguantatu dituztenak... Horrelako bat lortzean, dena etortzen da gogora.

Garaipenak aurrera begirako bultzada ematen al dizu?

Bai, baina argi dut orain arraunean zentratu behar dudala. Oso esperientzia polita izan da, baina burua arraunean jarri behar dut.

Beraz, luze gabe beste apusturik ez duzu egingo?

Ez, oraingoz behintzat ez. Akaso hurrengo udazkenean, baina ikusi egin beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.