Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Jonathan Lastra. Caja Ruraleko txirrindularia

«Caja Ruralek izan dituen taldeen artean onenetako bat da sasoi honetakoa»

Lehiakor aritzea ez da aski Caja Ruralentzat, eta Lastrak dio garaipen gehiago lortu nahi dutela sasoi honetan. Sinetsita dago horretarako kapaz direla; haatik, «zail» ikusten du Vueltarako gonbidapena lortzea.
CAJA RURAL Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2022ko martxoak 3

Hasi berri den denboraldi honetan, bi «arantza» kentzen saiatuko da Jonathan Lastra (Bilbo, Bizkaia, 1993). Irabazi egin nahi du berriro, eta behingoz World Tourrera jauzi egin. Zazpigarren sasoia izango du Caja Ruralen talde profesionalean.

Erori egin zinen Algarveko Itzulian, eta erretiratu egin behar izan zenuen. Zer moduz zaude?

Osorik nago, zorionez. Hausturarik ez nuen eduki; kolpeak izan ziren bakarrik. Ukondoarekin zalantza batzuk izan nituen, baina, azkenean, ez da aparteko arazorik izan. Penaz gelditu nintzen, ezin izan nuelako berdindu iazko emaitza [laugarren izan zen sailkapen nagusian].

Bestelakoan, zer sentipenekin hasi duzu denboraldia?

Ongi sentitu naiz, horrek emaitzetan halako islarik izan ez duen arren. Bizikleta aldatu izana nabaritu nuen hasieran, baina txukun aritu naiz bestela. Orain, altueran nabil, Arrabidako klasikora eta Alentejoko Itzulira sasoiko iristeko. Gero, altueran beste kontzentrazio bat egingo dut, Miguel Indurain sarian eta Euskal Herriko Itzulian lehiatu aurretik. Blokea Asturiasko eta Alpeetako itzuliek osatuko lukete.

Altuerako lanaz gain, ziklo-krosa ere prestaketaren parte izan da aurten zuretzat. Aspaldi zinen lokatzetan hainbeste lehiatu gabe. Zergatik egin duzu hori?

Txinparta eta erritmo aldaketa bortitzak egiteko gaitasuna berreskuratu nahi nituen. Eta, era berean, konfiantza apur bat hartu nahi nuen bizikleta gainean, iazko erorikoen ostean. Jaitsieretan ez nintzen ohi bezain eroso sentitzen, eta, alde horretatik, ziklo-krosa oso baliagarria izan zait. Eta uste dut txinparta apur bat ere lortu dudala. Orain, sasoia ahalik eta gehien fintzen lagunduko dit altuerako lanak.

Iaz oso ondo jardun zenuten, baina garaipen bakarra lortu. Zer asmorekin heldu diozue denboraldi berriari?

Gehiago irabaztea da helburua, argi eta garbi. Han eta hemen, oso emaitza onak lortu genituen iaz. Sasoirik onena osatu genuen Caja Ruralen nagoenetik. Garaipenen aldetik, ordea, uzta eskasa izan zen. Aurrean sartzea ondo dago, baina badakigu gehien inporta duena irabaztea dela. Erronka hori izango dugu aurtengo sasoian.

Aurten, Espainiako Vueltak bi talde gonbidatuko ditu bakarrik. Horrek handitu egin al du sasoi hasieran emaitza onak lortzeko presioa?

Uste dut presioa urtero dugula. Dena den, egia da aurten gauzak bereziki estu izango direla Vueltaren deia jasotzeko. Guretzat, zaila izango da gonbidapena lortzea. Uste dut erabakia ez dutela hartuko soilik kirol arloaren arabera. Gauza asko aztertuko dituzte. Adibidez, Kern Pharma ez da sekula lehiatu, eta logikoa da toki finko bat edukitzea, iaz Euskaltelek bezalaxe.

Mikel Nieveren fitxaketa da Caja Ruralek erabiliko dituen amuetako bat.

Garbi dago: Mikelen mailako ziklista bat izateak erakargarriago bihurtzen zaitu talde gisa. Eta proba garrantzitsuetan emaitza onak lortzen baditugu, are eta hobeto. Dena den, Mikel beste gauza asko ematen ari zaigu: esperientzia, lasaitasuna... Asko ikasten ari naiz hura ikuste hutsarekin. Eredua da niretzat, urte askoan iraun duelako gorenean, lana isilik eta umiltasunez eginez.

Guztira zazpi txirrindulari fitxatu dituzue, eta seik utzi dute taldea; tartean dira Jon Aberasturi eta Oier Lazkano. Xabier Muriel kirol zuzendaria ere irten da [Josemi Fernandez eta Ruben Martinez arituko dira zeregin horretan]. Pozik zaudete osatu duzuen taldearekin?

Ikusi beharko da emaitzak iristen diren ala ez, baina, printzipioz, Caja Ruralek izan dituen taldeen artean onenetako bat dugu. Uste dut bulegoetan oso ongi egin direla gauzak. Mikelek ez ezik, Eduard Pradesek eta Fernando Barcelok ere asko emango digute, eta iritsi diren gazteek ere bultza egingo dute. Bestalde, ez dugu askorik nabaritu kirol zuzendaritzan izan den aldaketa. Dinamikari eusteko ahalegina egin da, ez baitzegoen aldaketa handiak egiteko beharrik.

Zazpigarren urtea hasi duzu profesionaletan. Zer erronka duzu esku artean?

Garaipenik lortu ez izanaren arantza gelditu zitzaidan iaz, inoizko urterik onena osatu nuen arren. Taldea nola, ni ere hala ibili nintzen, eta anbizioz helduko diot denboraldi honi. Itzuliaren ostean oso sasoi ona izaten dut, eta ea etaparen bat ehizatzeko aprobetxatzen dudan. Helburua hori izango da, sailkapen nagusietan borrokatzea baino gehiago.

Beste arantza bat ere izango duzu, akaso: Astanara joateko zorian izan zinen iazko sasoiaren ostean, baina, azkenean, fitxaketa ez zen gauzatu.

Dena bide onetik zihoan, baina, tamalez, zapuztu egin zen. Gezurretan ariko nintzateke esango banu ez dudala World Tourreko talde batean egon nahi. Helburu eta ilusio hori dut etorkizunerako. Aurtengo denboraldiari zukua ateratzen saiatuko naiz, eta ea aukera iristen zaidan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Antoine Griezmann eta Kylian Mbappe, Frantziaren atzoko partidako bi izarrak, irribarrez elkarri eskua ematen. ©JOSE SENA GOULAO / EFE

Hautagaitza aurkeztuz

Beñat Mujika Telleria

Frantziak partida ederra egin du Danimarkaren aurka, baina nahi baino gehiago sufritu du azkenerako. Argentinak lehen jardunaldiko arantza atera du
Thomas Mueller Alemaniako aurrelaria, Hansi Flick hautatzaileari bostekoa ematen Japoniaren aurkako partidan. ©RUNGROJ YONGRIT / EFE

Garai batekoen aldean, antzu

Eñaut Agirrebengoa

Gaur egungo aurrelaririk ez dago Munduko Kopako golegile nagusien artean. Orain arte, soilik Thomas Muellerrek gainditu du hamar goleko langa.
 ©RONALD WITTEK / EFE

Qatar, potentzia izan nahi zuen emirerri txikia

Ricard Gonzalez

Diktadura absolutista bat ezarria dute Qatarren. Oso azkar garatu da azken urteetan, atzerriko langileen esplotazioari esker. Anbizio handia du nazioartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.