Facundo Bosch. Baionako jokalaria

«Ezin da esan etxetik kanpoko partidetan ondo aritu ez garenik»

Baionan lehen sasoia du Facundo Boschek. Uste du taldeak «espero baino hobeki» hasi duela denboraldia. Lyonen aurka jokatuko dute etzi (17:00), Jean Daugerren. Aurkari indartsua da Frantziako taldea.

ICON SPORT.
Iñaki Berastegi.
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Baionako orpokatzaile titularra da Facundo Bosch (Necochea, Argentina, 1991). Arroxela errugbi taldetik iritsi da Baionara, eta martxoan izango du kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera. «Orduan erabakiko dugu, baina gauzak ondo doaz. Klubari buruz kontatu zidatenak eta ikusi dudanak bat egiten dute». Taldearen mailarekin eta berak duen rolarekin «oso pozik» dago.

11 jardunaldi jokatuta, 25 puntu eskuratu dituzue. Hasiera ona da?

Bai, denboraldiaren lehenengo erdia ona izan da. Iragan asteburuan beste garaipen bat lortzeko aukera on bat galdu genuen, baina, oro har, gauzak ondo egiten ari gara.

Espero baino hobea izan al da hasiera?

Ziurrenik, bai. Jakinda talde igo berria garela, eta hogei jokalari berri iritsi direla, bai. Jokalarien maila aztertuta, ordea, ez da hain ezustekoa izan horrela hasi izana.

Dena den, azken-aurreko sailkatua, Perpinya, ez dago hain urrun, ezta?

Ez, eta horrenbestez, badakigu denboraldia oso borrokatua izango dela amaierara arte. Zazpi punturen aldea dago, baina ezin gara erlaxatu. Sailkapenari baino, gure lanari begiratzen diogu gehiago. Liga erdia baino gehiago falta da oraindik.

Etxeko partida guztiak irabazi dituzue, baina kanpoan garaipen bakarra lortu du taldeak. Zergatik dago horrenbesteko aldea?

Partidak aztertuta, kanpoko neurketa guztietan izan dugu garaipena lortzeko aukera. Beraz, ezin daiteke esan etxetik kanpoko partidetan ondo aritu ez garenik: neurketak hobeto ixtea falta zaigu. Etxetik kanpo ere puntuak eskuratzea garrantzitsua da, etxeko partidak lasaiago jokatzea ahalbidetzen dizulako.

Ligako aurreneko hiru sailkatuak menderatu dituzue Jean Daugerren, eta asteburu honetan laugarrena datorkizue: Lyon. Nolako partida espero duzu?

Stade Toulousainen aurka partida ona eginda datoz [21-14 irabazi zuten]. Partida ona da ikusteko beheko borrokan egoteko taldea garen, edo gorago egoteko gaitasuna dugun.

Gaetan Germain taldeko atzelari titularrak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua apurtu berri du. Taldeak nabarituko al du haren hutsunea?

Guretzat jokalari garrantzitsua zen, ostikoengatik eta sartzen zituen puntuengatik ez ezik, joko zelaian ematen zigun guztiagatik. Dena den, badaude beste jokalari batzuk lan hori egin dezaketenak: erabateko konfiantza daukat haiengan eta taldearengan.

Azken bi partidetan gutxiago jokatu duzun arren, jokalari garrantzitsua sentitzen zara?

Taldearen mailarekin eta nik dudan rolarekin oso pozik nago. Clermonten aurka atseden hartu nuen, eta logikoa iruditu zitzaidan, Montpellierren zelaian, Clermonten kontra garaipena lortu zuen hamabostekoari segida ematea. Ea orain hasierako hamabostekora itzultzen naizen.

Arroxelarekin kontratua amaituta sinatu zenuen Baionarekin. Gregory Patat ezagutzen zenuelako hartu al zenuen erabaki hori?

Arroxelan ez zidaten eskaini kontratu berritzea. Nazioarteko lehiaketak jokatzen dituzten talde gehienek, oro har, ez dute nahi bere selekzioarekin aritzen den jokalaririk. Greg [Gregory Patat, Baionako entrenatzailea] Arroxelan ezagutu nuen, eta hark esan zidan nazioarteko jokalari bat hartuko lukeela taldean, eta, beraz, Argentinak deitzen baninduen aukera izango nuela selekzioarekin joateko.

Berriki, Barbarians talde historikoarekin ere jokatu duzu Zeelanda Berriaren aurka. Nolako esperientzia izan da?

Profesional orok bere ibilbidean behin izan beharko lukeen esperientzia bat da: bikaina izan da, eta asko gozatu dut.

Patatek lehen aldia du Top14an taldeko entrenatzaile nagusi gisa. Nola ari zara ikusten?

Oso lan ona egiten ari da. Greg oso pertsona lasaia eta zentzuduna da. Taldearen errespetua du, eta emaitzak aldeko ditugu, gainera. Taldea oso lasai eta sasoiko mantentzen du. Horrez gain, oso pertsona ona da.

Zer mantendu behar du taldeak bigarren itzulian? Eta zertan hobetu behar du?

Nire ustez, partida ongi irakurtzea da taldearen bertute nagusia. Defentsan izan dugun garapena ere nabarmenduko nuke, baina, era berean, defentsan gauza asko hobetzea falta zaigu. Horrez gain, erasoan baloia hobeto mantendu behar dugu.

Gauzak ondo doazenez, kontratua luzatzeko asmoa duzu?

Martxora arte dugu nik eta klubak erabakia hartzeko tartea. Orduan erabakiko dugu, baina gauzak ondo doaz. Klubari buruz kontatu zidatenak eta ikusi dudanak bat egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.