Erlojua arerio euskal bideetan

Etzi hasiko da Euskal Herriko Itzulia, erlojupeko batekin. Itzulian jokatuko den 56. bakarkako etapa izanen da. Sean Kellyk eta Alberto Contadorrek dute marka, launa erlojupeko irabazita. Primoz Roglicek kopuru hori berdintzeko aukera du aurten.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel rodriguez
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Itzulia bakarkako erlojupeko etapa batekin hasiko da, etzi, Hondarribian (Gipuzkoa). Itzuliak irabazteko nahitaezkoa da espezialitate horretan ongi ibiltzea, eta halaxe gertatzen da Euskal Herrikoan ere. Itzuliak 1969an egin zuen lehenbiziko erlojupekoa, lasterketa 34 urtetako etenaren ondotik berriz antolatu zutenean, eta aurtengoa halako 56. etapa izanen du. 



 

HASIERAN EDO BUKAERAN?

Itzuliak gehien erabili duen formatua izan da erlojupekoarekin bukatzea lasterketa —1975etik 2017ra arte urtero izan zen horrela—, baina, egiazki, denetarik probatu du: 1969tik 1974ra tarteko etapetan jokatu zuten —baita 2018an ere—, eta 1975-1977 arteko hiru aldietan bat ez, bi erlojupeko egin zituzten itzuli bakoitzean. 1976an lasterketa hasteko proba izan zen lehenbiziko aldiz, eta, ordutik, hiru bider baino ez da erlojupeko batekin hasi: 1977an, 2019an eta 2021ean —eta aurten, bortzgarrenez-. 

Azken bi Itzuliak, erlojupekoa sarreran eginda, hagitz ikusgarriak izan dira, baina ezin da erran azken buruan egiteak emozioa kendu izan dionik lasterketari. Datu bat: hamarretik lautan Itzuliko irabazleak azken erlojupekoan lortu du maillot horia. Joan den hamarkadan bertan bortz aldiz gertatu zen hori: Joaquim Rodriguezek birritan (2011n eta 2012an) eta Sergio Henaok hiru aldiz (2013an, 2015ean eta 2016an) galdu zuten Itzulia horrela. Rodriguezek, behintzat, 2015ean arantza atera ahal izan zuen —Henaoren kontura, hain zuzen—.

Eta herio batean bukatutako Itzuliak ere eman ditu azken erlojupekoak. Guzietan estuena, 1989an, Stephen Roche irlandarrak etapa eta Itzulia segundo hamarren batzuen aldearekin irabazi zizkion Fede Etxabe kortezubitarrari.

NOLAKO ETAPAK?

Hasi zirenetik (1969) 2005era arte erlojupekoak beti bi sektoretan banatutako etapetan jokatu zituzten, baita bi erlojupeko egin ziren urteetan ere. 2006an UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak debekatu egin zuen bi sektoreko etapak antolatzea, eta, horren ondorioz, Itzulia egun batez luzatu zuten. 

Itzuliko lehenbiziko erlojupekoak 43 kilometro izan zituen, Gernika eta Bilbo artean, 4. etapako bigarren sektorean, eta ezin garaile ospetsuagoa izan zuen: Raymond Poulidor frantziarra. Gaur egun pentsaezina litzateke luzera horretako bakarkako proba bat ikustea, itzuli handietan ere ez baita batere ohikoa 40 kilometrotik goitiko erlojupekoak egitea. 1975era arte ez zuten antolatu 30 kilometro baino gutxiagoko bakarkako proba bat —azken etapako bigarren sektorea, 8 kilometrokoa—. Ordutik egin den luzeena 2017koa izan da, 27,7 kilometro, Eibarren hasi eta bukatuta —Primoz Roglicek irabazi zuen—. 1975 eta 2005 artean normalena erlojupeko motzak egitea izan zen, hamar kilometro baino gutxiagokoak, edo normalki hamabortzetik pasatzen ez zirenak. 2006tik aitzinera, ez da arraroa izan erlojupekoak hogei kilometro baino luzeagoak izatea, eta aurten hamar kilometrotik beheitiko langara itzuliko da (7,5).

NORK IRABAZI DITU?

Ondorio ia matematiko bat betetzen da: Itzuliaren dominatzaile handiak nagusi izan dira erlojuaren aurkakoan ere. Sean Kelly irlandarra eta Alberto Contador espainiarra dira erlojupeko gehien irabazi dituzten ziklistak: lau bakoitzak. Kellyk 1984tik 1987rako erlojupeko denak irabazi zituen, eta horietako hiru alditan eraman zuen Itzulia (1985ean ez bertze guzietan). Contadorrek itzuliak adina erlojupeko irabazi zituen, eta horietako hirutan lortu zuen biak bateratzea (2005ean ez bertze hiruretan: 2008an, 2009an eta 2016an).

Contadorrekin batera haren herrikide Jose Antonio Gonzalez Linares da Itzuli gehien irabazi dituen ziklista, eta horien erdietan lortu zuen erlojupekoa ere zakuratzea (lehenbiziko bi tituluetan, 1972an eta 1975ean).

Kellyk gainditu arte, Jose Enrique Cima espainiarrak zuen marka, 1976 eta 1978 artean hiru jarraian irabazi baitzituen. Kellyren markara Tony Rominger suitzarra hurbildu zen: 1992 eta 1994 arteko hiru itzuliak irabazi zituen, eta, haiekin batera, bakarkako etapak. Gaur egun, lauko langa berdintzea eskura du Roglicek. Esloveniarrak bi itzuli irabazi ditu (2018koa eta iazkoa), eta hiru bider nagusitu da erlojupekoan.

Itzuliko erlojupekoen garaile handienen artean, Tony Martinena aparteko kasua da. Alemaniarra espezialista purua zen, eta hiru bider irabazi zuen Euskal Herriko Itzulian, sailkapen nagusiko lehiatik kanpo bazegoen ere (2011n, 2013an eta 2014an).

EUSKAL ZIKLISTAK, ZER GISA?

Euskal txirrindulariek 55 erlojupekotatik zazpi irabazi dituzte. Carlos Etxeberria nafarrak irabazi zuen lehenbizikoa, 1970ean. Javier Elorriaga eta Julian Gorospe izan dira hobekien aritu direnak, bina irabazita. Elorriagak Itzulia hasteko egin ziren lehenbiziko bi erlojupekoak irabazi zituen, 1976an eta 1977an. 1976an hirugarren etapan galdu zuen lidergoa, eta bigarren tokian bukatu zuen lasterketa. Gorospe, berriz, Itzuli gehien irabazi dituen euskal ziklista da: bi (1983an eta 1990ean). 1982an Lazkaomendirako kronoigoera irabazi zuen, baina maillot horitik lau segundora gelditu zen. Hurrengo urtean, ordea, Azpeititik Errezilerako hamabortz kilometroetan erakustaldi bat eman zuen, eta etaparekin batera eraman zuen Itzulia.

Euskal ziklistek irabazitako azken biak 2002koak eta 2003koak dira. Biak, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariek: David Etxebarriak 2002an eta Iban Mayok hurrengo urtean. Eta bien kasuan, gainera, goizeko sektoreko proba ere irabazi zuten —Mayok, baita Itzulia ere—. Bi euskal herritarren aitzinetik, soilik bi txirrindularik lortua zuten egun bereko bi sektoreak irabaztea: Kellyk 1986an, eta Erik Breukink herbeheretarrak 1988an. 2005az geroztik errepikatu ezin den marka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.