Xabier Muriel. Movistar taldeko zuzendaria

«Egun, zuzendariek denetik jakin behar dute erabaki onak hartzeko»

Xabier Muriel Movistar taldeko zuzendaria izango da datorren sasoian. Aurretik, Muriasen eta Caja Ruralen aritua da gipuzkoarra, eta jada buru-belarri dabil hurrengo denboraldirako prestatzen. llusioz dago.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Urtebeteko «atsedenaldiaren» ostean, txirrindularitza talde batera itzuli da Xabier Muriel (Zaldibia, Gipuzkoa, 1981). Movistarrekin, debuta egingo du World Tour mailan, eta, zuzendari lanetan aritzeaz gain, prestatzaile eta biomekanikari modura ere ibiliko da Nafarroako taldean. «Gustura» dago hartu duen erabakiarekin.

Datorren urtean, taldeko autoetan arituko zara berriro ere. Pozik egongo zara, ezta?

Bai, gustuko lanean aritzea sekulakoa da. Gainera, goi mailan lan egiteko da, eta oso pozik nago.

Nola sortu zaizu Movistarrera joateko aukera?

Ez da oraingo gauza. Aspalditik dator. Nik deitu nien aurreko urtean, Caja Ruralen nenbilenean. Elkarrizketa asko izan ditugu aurten, eta, gutxi gorabehera lehenengo mailan geldituko zirela ikusi zutenean, prozesua bizkortu zen, eta dena itxi genuen.

Movistar kenduta, ez zenuen beste ezer?

Tira, banenbilen beste talde batzuekin hizketan. Nik gogoa nuen datorren urtean itzultzeko, baina hau zen nire lehenengo aukera. Movistarrekin saiatu nintzen, eta, zorionez, atera da.

World Tourrean arituko zara orain. Kontinental mailan eskarmentua baduzu, Caja Ruralen eta Euskadi Muriasen, baina hau koska bat gorago dago...

Bai, maila gorena da. Horixe nahi nuen: munduko txirrindularirik onenen aurka lehiatzea zen nire ilusioa, eta lortu dut. Ea orain zer moduz joaten den.

Kirol arloari erreparatuz, zer eskaini dizute? Zer egiten utziko dizute Movistarren?

Gauza asko egiten ditut: zuzendaria naiz, prestatzailea, baita biomekanikaria ere. Pentsatzen nuen noizbait bat edo bestea aukeratu beharko nuela, eta haiek hiru esparruak jorratzeko aukera eman didate. Oso pozik nago, oso eroso sentitzen bainaiz osotasun horretan.

Zurekin batera, beste bi zuzendari fitxatu ditu taldeak: Yvon Ledanois eta Juergen Roelandts. Biak txirrindulari profesionalak izandakoak dira. Zukbeste ezaugarri batzuk dituzu...

Txirrindularitza aldatzen ari dela uste dut. Lehen, taldeak zuzendari batekin joaten ziren lasterketetara, eta, orain, Ineos eta Jumbo laurekin joaten dira, adibidez. Badakit orain Tourrera, Girora eta Vueltara hiru zuzendarirekin joatea dela Movistarren ideia. Zuzendari gehiago behar zituzten, soslai ezberdinetakoak denak, eta ni izango naiz horietako bat.

Punta-puntako kirolean, askori kalte egiten die gai batean ez espezializatzeak. Zuretzat, baina, mesederako izan da.

Bai, nik uste dut baietz. Esan bezala, ziklismoa aldatuz doala uste dut, eta, gaur egun, prestatzaileek eta zuzendariek denetik jakin behar dute erabaki onak hartzeko.

Jada hasia zara Movistarrekin lanean. Caja Ruralekin eta Muriasekin konparatuta, aldaketak nabaritu dituzu lehen egunetan?

Bai, noski. Batez ere, jende kopuruari dagokionez: prestatzaile multzoa nola dagoen banatuta arloetan... Dena profesionalagoa da. Muriasen eta Caja Ruralen, pertsona bakar batek erantzukizun handia zeukan, eta, hemen, dena banatuago dago. Baina lan egiteko modua antzekoa da.

Aurten bukatu da Movistarrihainbeste buruhauste ekarri dizkion hiru urteko liga hau. Larri samar, baina eutsi zioten mailari. Hurrengo urtean beste hirurteko bat hasiko da. Puntuei begira hasiko duzue sasoia?

Movistarrekoek aitortzen dute oso gaizki pasatu dutela, eta, gaizki pasatzen denean, gauza asko ikasten dira. Egutegi berria aurreko sasoietan baino osoagoa izango da, baina hasieratik erreparatuko diegu puntuei.

Nolakoa izango da 2023ko egutegia?

Hasieratik lasterketa gehiagotan izango dugu presentzia; ez iragan berri den sasoi amaieran bezainbaetan, baina bizpahiru lasterketatan ibiliko gara lehenengo egunetatik. Horrexegatik ekarri dituzte zuzendari gehiago.

Eta zu non ibiliko zara?

Tourrera arteko egutegia egin da, eta ni, printzipioz, Giroan izango naiz. Giroko taldeak egingo duen ibilbidea egingo dut. Lehenik, Valentzia eta Mallorca; gero, Italia aldeko lasterketak: Tirreno-Adriatikoa, Milan-Sanremo, Strade Bianche... eta, azkenik, Giroa.

Euskal Herrian ezer ez?

Giro aurreko asteak libre samar dauzkat, eta pentsatzen dut baten bat izango dudala. Baina zuzendari gisa eramaten ez banaute ere, inguruan izango naiz.

Jakinda datorren urtean Frantziako Tourra zure herritik, Zaldibiatik, pasatzen dela, pena ematen al dizu han ez izateak?

Bai, aurrekoan beste lagun batek galdera bera egin zidan, baina, aukeran jarriz gero, nik Giroa aukeratuko nuke. Kutsu erromantiko bat duelako edo... Baina izango da denbora Tourrean egoteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.