urtzi urkizu
IRITZIA

Errealitateak mugimenduan

2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Berezko energia duten dokumentalak ikusi ahal izan dira azkeneko hamabi egunetan DocsBarcelona jaialdian —Filmin plataforman, alegia—. Bihar, igandea, azkeneko eguna, eta energia distiratsuko filmak grabatzen zituen zinemagile bat ezagutzeko modua izango da: Forman vs. Forman. Milos.

Energia baino gehiago, «bi espirituko» flow batekin ematen ditu pausoak Ivan Monalisak New Yorkeko kaleetan, zenbait metroko mototsa herrestan daramala. Idazten ari da bidea egiten El viaje de Monalisa-ko protagonista —Iban del Camporen Glittering Misfits gustatu zaion ikusleari ez dio kale egingo—.

Baina Monalisak oraino ezin du legez Txilera itzuli. Sun Yi, berriz, Indonesian dago —zegoen, hil arte—, eta ezin Txinara itzuli; kontzentrazio esparru bateko torturak jasan zituela idatzi zuen gutun batean, gutuna AEBetako etxe batera iritsi zen kutxa batean, eta munduan zabaldu zen salaketa. Gutuna jaso zuen andreak bidaia egingo du Indonesiara, Yi ezagutzera. Letter from Masananjia hunkigarria da oso.

Gutun bat bere buruari idazten dio Fernanda Pessoak, baina ez oraingo emakumeari, 15 urterekin Mesa hirira (Arizona, AEB) ikastera joan zen nerabeari baizik. Eskuineko muturreko ideiak zer diren azalduz lerro finetan, Zona árida-n.

Funtsik gabeko sinesmenak dituzte Kenyako zenbait gizasemek, eta heriotza mehatxuekin gutunak bidaltzen dizkiete adineko emakumeei, sorginak direlakoan —The Letter—. Hil dituzte haietako batzuk.

Hil zituzten 43 ikasle Mexikon, eta bizirik eraman zituztela oihukatzen dute haien senideek Vivos lan gogor zein bikainean.

Hil dituzte Palestinan gaztetxo batzuk, behin baino gehiagotan. Indarkeriarekin erantzun ala ez, Israelgo epaileen aurrera eramaten dituzte palestinar ugari. Defentsako abokatua, energia amaigabekoa, Lea Tsemel izaten da—Advocate—.

Palestinatik ez, baizik eta Siriatik doaz Uruguaira bizitza berri bat hastera El gran viaje al país pequeño laneko protagonistak. Errefuxiatuen familia bat.

Errefuxiatuez eta migrazioez badakite zerbait Mauritanian. Migratzaileen txalupa ugari ateratzen dira Nuadhibuko badiatik—Salka, en la tierra de nadie—. Tren batean doa gazte bat, eta tuaregen olerki anonimoak entzuten dira. Basamortuari eta itsasoari eskainiak. Ez-lekuan.

Beste tren batetik, irudiak mugimenduan, Il Varco-n. II. Mundu Gerrako artxibo irudiak hamabi urtez biltzen aritu ostean, harribitxi horren egileek soldadu italiarren gutunak erabiltzen dituzte off-eko ahotserako. Hotzikara eraginez, Italiatik Ukrainarako bidean.

Italiakoa eta zuri-beltzekoa da baita Faith ere, baina ez du aurrekoarekin zerikusirik. Sekta bat, bere konfinamenduan.

Derrigorrezko itxialdia pasatu du zentro batean Martin Perino Argentinako piano jotzaileak-Solo—. Eskizofrenia du, baina musikaren sormenean aurkitu ohi du sendabidea. Alai dago orain, festa batean Parole parole kantatzen.

Sendabidea eta ihesbidea rol joko bizidunak dira The magic life of V-ko neska protagonistarentzat. Zer gertatzen da Finlandiaren eta alkoholaren artean? Aita alkoholikoak tratu txarrak ematen zizkion protagonistari haurtzaroan, baita haren nebari ere.

Haurtzaroan tratu txar gogorrak jasan zituen Hi, A.I.-n agertzen den estatubatuar batek. Robot bat du orain lagun, emakume gazte ilehoriz jantzita. Inteligentzia artifiziala, arimarik gabekoa.

Laika txakurraren arima, berriz, Moskuko kaleko txakurren artean dagoela dio kondairak, dio Space Dogs liluragarriak.

Arima bereziko aktorea izan zen Bruno Ganz —hil aurreko azken interpretazioa Winter Journey-n ikusi ahal izan da—.

Jaume Plensa Kataluniako eskultoreari, berriz, ez zaio azkenekorik entzuten. Garrantzia ematen dio artelanek berezko energia izateari. ¿Puedes oírme? filma sendagarria da ikuslearentzat, jaialdiko sendatzaileena. Filmin bidez entzun da errealitate guztiak daudela mugimenduan, gaurko dokumental generoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.