begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinemaren lokeraz lokera... zoratu arte

2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Mintzatu gara eta luze jarraituko dugu berbetan Berlinalez, baina Goya sarien burrunbak bertan dirau, tontamentean, almodovartarrek astindua.

Esan oneko, otzan eta mantso garaikur horiek partitzen ari zirela Valentzia aldean —Canto cósmico ez zen agertzen ez inon ez inoiz; ezta final aurrekoetan ere. Bestalde, lepoa gehi burua eta sorbalda jokatuko nituzke soinua sortzen, hartzen eta nahasten hoberenak zeintzuk ziren erabaki zuten horiek ez zutela izan Xabier Erkiziaren eta Tamara Garcia Iglesiasen O gemer horren berririk. Ezta existitzen zenik jakin ere...—, batzuok zinema bihurrikeriatan ginen. Saltoka Historiak ahaztuko ez dituen hainbat filmek eskainitako biraguneetan barna. Aipatuko ditudan guztiak plataformetan zein Yoububera igota dira, beraz, ez izan ardurarik, nahi izanez gero, dantzan ibiliko zarete zuen etxeetan, pelikulaz pelikula, sorpresaz sorpresa, begiak bete dir-dir eta bihotza zoro moduan taupadaka.

Iazko udazkenean hasi eta aurtengo udaberriarekin amaiera izango duen denboraldi honetan, Robert Bresson maisuari ari zaio ziklo bat eskaintzen Donostiako Kresala zinekluba. Iragan asteartean, Martin Scorsese, Paul Schrader eta antzekoak arnasarik gabe, zinemarekiko amodio bizian utzi zituen Pickpocket pantailaratu zuten.

Ez dizuet lerrootan bere alabantza idatziko, aspaldian eginda baita, baina bai eskatuko inoiz begiratzeko zirrara barrenetan sentitzen baduzue, bertako bi konturi erreparatzeko...

Apaindura gutxiko kreditu titulu gartsuetan, izen bat antzemango duzue bitan: Kassagi. Kassagi aktore artean, Kassagi ekoizpen aholkulari gisa. Zertan? Harrituko zarete gero frantsesez irakurri orduko: conseiller technique pour les gestes des voleurs. Zera, Kassagi pelikulan lapurreta txikietan grazia handiz, trebezia osoz jarduten zuten pertsonaia eta aktoreen mugimendu eta moduak kontrolatzen zituen maisulanetan. Bada eszena txundigarri bat, eskuen dantza zoragarria: ezustean eta ezer nabaritu gabe harrapaturiko ibiltarien poltsiko, zorro, maletatxo edo jaka arakatzen dituzte hatz abilek, merezi ez duena baztertuz, eta altxorra dirudiena hartuz...

Eta zergatik izan behar zuen pertsonaia nagusiaren maisu eta konplizearena egiten duen Kassagik Robert Bressonen laguntzaile? Ba... Tunisian jaiotako gazte fin hori parekorik ez zuen zorro-lapur, litxarrero dotorea zelako. Europako polizia guztiek zuten bere berri, baina batek ere ezin izan zuen inoiz harrapatu.

Lancelot du Lac eta Procès de Jeanne d'Arc artelan eztabaidaezinak (nahiz eta mundu gurean dena gerta litekeen eztabaidagai) egingo zituen Bressonek bestelako ospe mota eskaini zion, eta Frantziako agertokietan Kassagi bihurtu zen berdinik, lehiakiderik ez zuen prestidigitadore bat. Dakizuen bezala, ikuskizunaren munduak jan egiten ditu bere seme-alabak. Kassagiren azken egunak ez ziren izan gozoak, baina azken aurrekoetan esnetan bizi zen.

1959an estreinaturiko Pickpocket filmaren kreditu tituluak ezabatu aurretik beste izen bat gertatuko zaigu deigarri. Batik bat garai haietako zuri-beltzak sorgintzen gaitu eta. Horra hor argazki zuzendaria zein: Leonce-Henri-Burel argiaren aztia. Bila hasten zara plazer hutsagatik eta ahoa bete hortz geratu bere zinemarekiko amodio istorioa 1915ean (!) hasi zela ikustean. Norekin? D. W.Griffithen beraren eta Sergei Eisensteinen beraren parekoa izan zen Abel Gancerekin, anbizio handiko maisua. Bere Napoleon (1927) mirari bat da. Oinaze handiz aurrera ateratakoa.

Konexioak konexio. Akordatzen zara, boteprontoan, Bartzelonan ikusgai den maskararen gaineko erakusketa txit sinestezinean, Ganceren J'accuse erraldoiaren zortzi minutu daudela pantailetan. Baina zuk pelikula osoa duzu, zeluloideak zauritutako norbaitek Youtubera igo duelako.

Hasiera du arras paregabea. Mila giza gorputzek filmaren izenburua osatzen dute gerrarako deia den dantza makabro batean.

Bitartean, Valentzian, El buen patrón-ek eskuratu zituen hain merke eskaintzen diren ohoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.