Ez da irudipena izan

Ikerketek diote: eguraldiak zuzenean eragiten du animoan eta, are, portaeran eta izaeran; Euskalmeten arabera, «gogor samarrak» izan dira negua eta udaberria, baina, azkenean, uda iritsi da asteon Euskal Herrira.

2 JON URBE / @FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Igogailuko hizketaldietako gai nagusia da, alde handiz: bero egiten duenean, bero egiten duelako; euria eta haizea egiten duenean, euria eta haizea egiten duelako. Gai hutsala dirudi, baina ez dute hala uste psikologoek, eta horren adierazgarri da, esaterako, eguraldia hizketagai ohikoa izatea, Marian Machin Rodriguezen esanetan: «Hemen egunero gehien errepikatzen dugun esaldia izaten da: 'Zer eguraldi egiten duen!'».

Neguan eta udaberrian egin duen eguraldia tarteko, gainera, saihetsezina izan da ia. Izan ere, ez da irudipena izan: eguraldi eskasa egin du azken hilabeteetan, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko meteorologia arduradunaren arabera: «Eguzki ordu gutxi egon dira, batez ere Kantauri isurialdean: gogor samarrak izan dira negua eta udaberria». Eta ez eguzki ordu gutxi egon direlako soilik: erruz bota du euria. «Negua, oro har, nahiko berezia eta salbuespenezkoa izan da; batez ere, oso-oso bustia izan delako: aldi nahiko lehor batetik gentozen, eta azaroan hasi ginen prezipitazioekin. Abendua, urtarrila eta otsaila —aldi horri deitzen zaio meteorologikoki negua— hilabete oso hezeak izan dira, eta horregatik diogu negua bereziki hezea izan dela». Are, Arandaren esanetan, 30 urtean egon den negurik hezeena izan da. «Kasu honetan, 1980tik 2010erako tartea hartu dugu erreferentzia gisa, kalkulatzeko aurtengo eguraldia ohikoa den edo ez 30 urteko epe horren arabera».

Otsailean, gainera, ez zion euria egiteari utzi: «Ikaragarria izan da neguan bota duen ur kopurua, eta horri gehitu behar diogu, gainera, martxoa eta apirila ere hezeak izan direla: hau da, ohi baino euri gehiago egin duela». Zer gertatu zen maiatzean? Euria «ohiko» neurrian egin arren, tenperaturak pixka bat jaitsi zirela, eta apenas nabaritu den udaberria zenik: «Maiatzean ez dugu izan tenperaturak igo diren sentsaziorik, ez dugu sentitu uda zetorrenik, ezta udaberri betean geundenik ere: maiatzean ohikoa den tenperatura igoera hori sentitu ez dugunez, eta lurruntze maila txikia izan denez, esanguratsua izan da hezetasun sentsazioa».

Baina kito: iritsi da uda Euskal Herrira azkenean. «Azoreetako antizikloiak indarra hartu du, eta Baltikoetan eta Eskandinavia inguruan denbora luzez egon denak, berriz, galdu: horri esker sartu gara udan ohikoagoak diren patroi meteorologikoetan. Aste honetan, Azoreetako antizikloiak muturra sartu du Kantauri isurialdean, baita Europan ere». Arandaren esanetan, antizikloi horren erdigunearen araberakoak izaten dira patroi horiek: «Iparraldeko haizea bidal dezake, edo ipar-mendebaldekoa, baina normalean ipar-ekialdetik izaten da: batzuetan, ekialdera edo hegora aldatzen da, eta, orduan, tenperaturak igotzen dira bat-batean, asteazkenean bezala; asteburuan ere hori gertatuko dela dirudi, batez ere bihar. Gure udan ohikoak dira halakoak».

Beroago, irekiago

Uda nolakoa izango den ez du aurreikusi nahi izan Arandak, hanka sartzeko probabilitatea handiagoa baita asmatzekoa baino: «Urte asko dira ez ditugula egiten urtarokako aurreikuspenak, asmatzeko probabilitatea %30ekoa baino ez delako Euskal Herrian: munduko beste leku batzuetan indize horiek dezente handiagoak izaten dira, eta egiten dituzte. Euskal Herrian ez du merezi halakorik egitea: egunen batean probabilitate hori handitzen bada, egingo ditugu». Hurrengo egunetakoa egitera ausartu da, dena den: «Badirudi datozen egunetan izango dugun sentsazioa udakoa izango dela, egun batzuetan eguzkia gutxi ikusiko badugu ere: oro har, tenperatura atseginak izango ditugu, eta gozatzeko egunak izango dira. Goza dezagun daukagunaz, euriak utzi dizkigun gure paisaia berdeez».

Bada aldea eguna eguzkitsu edo lainoturik hastearen artean, Machinen esanetan: «Ikerketa guztien arabera, zuzenean eragiten digu eguraldiak animoan, eta, are, izaeran. Oso bitxiak diren kontuak badira alde horretatik—iristen zaizkigun albisteengatik diot bitxiak direla—; esaterako, Europa iparraldeko herrialdeetan dauzkate, batez ere Danimarkan, suizidio tasarik altuenak, eta hertsiki lotua dago eguzki argiaren faltarekin».

Beste leku batzuetan ez bezala, Euskal Herrian oso kontuan hartzen da eguraldia planak egiteko, Machinen ustez: «Horren arabera egiten ditugu planak, eta hori hemendik kanpo ez da hain ohikoa: gure egunerokoa eguraldiaren araberakoa da, eguzki argiaren araberakoa». Ezin, ordea, zeruari begira egon beti: «Egunerokoari eusten diogu ez daukagulako lanera joan beste erremediorik: aurrera egitea beste erremediorik ez daukagu».

Egunari energia gehiagorekin edo gutxiagorekin heltzeaz gain, portaerari ere eragin diezaioke eguraldiak, psikologoaren esanetan. «Klima epelagoak dituzten herrialdeetan bizi direnak zoriontsuagoak dira gu baino». Belgikako, Mexikoko, Espainiako eta Txileko zenbait unibertsitatek gai horren inguruan egindako ikerketa bat aipatu du Machinek: «Saiatu ziren frogatzen zein herrialdetako jendeak musukatzen zuen elkar gehiago, zeinek ukitzen zuen elkar gehiago eta zeintzuek zeukaten elkarri gauza politak esateko joera handiagoa lagunen eta maitaleen arteko harremanetan». Azaldu duenez, Mexikok «irabazi» zuen, «alde handiarekin».

Eguzkia eta ongi egotea

Eta, portaerarekin batera, izaeran eragiten du eguraldiak, Machinen ustez. «Tenperatura beroek jendea irekiago izatea dakarte: badakigu, esaterako, iparraldeko herritarrak askoz ere hotzagoak direla euren harremanetan hegoaldeko herrialde beroetan bizi direnak baino. Jakina da Hego Amerikako biztanleak askoz ere samurragoak direla; Espainian bertan ere ikusten da: Andaluziakoak askoz ere alaiagoak dira, irribarretsuagoak, eta etengabe erakusten dute».

Azken hilabeteetan eguzkia ez da askorik azaldu, ez modu nabarmenean behintzat, eta eguraldi lainotsuak denboran hainbeste luzatzeak frustrazioak sortzea ulergarria dela dio Machinek; kontsultan bertan ikusten baitu. «Ez digu denei berdin eragiten, kontsultan ikusten dugu: batzuk eguraldiarekiko hipersentsibleak dira, apatikoagoak, tristeagoak; ezer egiteko gogorik gabe egoten dira». Horixe gertatzen da eguraldia lainotsua denean. Eguzkiak, berriz, kontrako efektua lortzen du: «Eguzkiak gauzak egiteko beharra sortzen digu: esaterako, eguna eguzkitsua denean, mundu guztia kalera ateratzen da, eta terrazak eta parkeak bete egiten dira. Eguzkia behar dugu: D bitaminaz gain, eguzkia behar dugu animorako ere. Hala da jaiotzen garenetik: kontzienteki edo ez, eguzkia da ondo sentitzeko edo gaizki sentitzeko gure gida».

Harago joan da Machin: «Badago beste datu bat. Eguzkia etengabe duen jendeak estres gutxiago du: eguzki gutxi dutenak estresatuago daude, eta urduriagoak dira; hala frogatu dute hainbat ikerketak». Haren esanetan, eguzki argia oso estu lotuta dago tristurarekin eta alaitasunarekin.Eguzkia ongizatearekin lotzen da, eta adibide bat jarri du: «Jendea hondartzan estu-estu dagoenean, marea igotzen ari delako, jendeari berdin dio umeak inguruan korrika edo jolasean aritzea urarekin edo hondarrarekin jendea zipriztintzen: jendea ez da haserretzen, hondartzan dagoelako; hondartza eguzkiarekin lotzen dugu, eta eguzkia, ongi egotearekin. Toalla jartzeko ia lekurik ez dagoenean ere, jendetza egon arren, jendea ez da haserretzen».

Meteorologoa «erantzule»

Udaberririk egon ez den sentsazioa zabaldu izana ulergarria iruditzen zaio Arandari, baina ez du uste urtaroen arteko mugak lausotzen ari direnik. «Nabaria da, hamarkada askotako datuak konparatzen dituzunean, azken hamarkadak —bereziki, azken biak— ohi baino beroagoak izaten ari direla: batez ere, udaberrian, udan eta udazkenean; neguan apenas nabaritzen den alderik».

Ingurukoek askotan eskatzen dizkiote kontuak eguraldiagatik, batez ere eguzkirik ageri ez denean, barre artean kontatu duenez: «Eguraldi txarraren errudun ere egiten naute batzuek». Ulertzen ditu, hark ere egin nahi bailituzke aurreikuspen optimistagoak, baina ezin du: «Daukagun eguraldia daukagu, eta gogotsu gaude, normala den bezala, eguraldi ona ailegatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.