Atentatua Parisen. 'Charlie Hebdo'-ren aurkako erasoa

Gerra ekintza kritika satirikoari

Ongi antolaturiko talde bat 'Charlie Hebdo' aldizkariaren egoitzara sartu da Parisen, eta hamabi lagun hil ditu tiroz, tartean Charb zuzendaria.«Profeta mendekatu dugu» oihuka ihes egin dute

Gerra ekintza kritika satirikoari.
Adrian Garcia.
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Charlie Hebdo astekari satirikoa bete-betean jo dute. Beste behin. Atzo goizeko erasoan, baina, inor gutxik pentsa zezakeen bortxaz egin dute aldizkariaren aurka. Errukirik gabe bete dute helburua erasotzaileek. Bi lagun sartu dira astekariaren egoitzara, 11:30 inguruan, burua estalita eta beltzez jantzirik, kalaxnikov arma automatikoak eskuetan. Hamar kazetari eta egoitzan zegoen polizia hil dituzte, tartean Stephane Charbonnier zuzendaria, Charb. Haren bizkartzaina zen polizia. Ihesean beste polizia bat hil dute. Beste zortzi lagun zauritu dituzte; horietako lau oso larri daude. Azken urteetan Frantzian izandako atentaturik larrienetakoa da. Poliziak identifikatu ditu ustezko erasotzaileak. 32 eta 34 urteko bi anaia eta 18 urteko gazte bat lirateke, lehen biak behintzat frantziarrak. LePoint-ek dioenez, Siriatik itzuli ziren udan.

Beirak ilundutako Citroen beltz batean iritsi dira hiru erasotzaileak Charli Hebdo-ren egoitzara, Paris hiri barnean. Bat autoan geratu da, eta, antza denez, ez du tiroketan parte hartu.

Ongi prestaturiko erasoa izan da. Atzo goizean, asteazkenero moduan, asteroko bilera egiten ari ziren aldizkari satirikoko zuzendaritzakoak. Hamar minutu inguru iraun du tiroketak, eta Frantziako hedabideek aipatutako lekukoen arabera, hainbat kazetari izen-abizenez bilatu dituzte. Argitalpeneko aurpegi ezagunenen bila joan dira, ahalik eta min handiena egitera. Baina bereziki Charb zen haien helburua. Ikerketako iturriek Libération egunkariari azaldu diotenez, behin baino gehiagotan galdegin dute zuzendariarengatik. Charb ez ezik, sona handiko beste hiru marrazkilari daude hildakoen artean: Bernad Verlhac Tignous, Georges Wolinski eta Jean Cabut Cabu.

BFM TV telebistak lekuko batek grabaturiko bideoa argitaratu du. Hor ikus daiteke bi erasotzaileek ihes egin zuten unea.«Profeta mendekatu dugu», oihu egin dute frantsesez autoan sartu aurretik. Lekukoen arabera, «Ala Akbar [Jainkoa handia da]» oihuka sartu dira egoitzara. Iheseanbeste poliziabatekin egin dute topo, eta tiroketan zauritu egin dute. Lurrean zegoela hil dute, odol hotzean buruan tiroa emanda. Frantziako hedabideek kontsultaturiko adituak bat datoz: formazio militarra jasotakoak dira, «modu profesionalean» eta «patxadaz» jardun baitute.

Hiriburuko iparralderantz ihes egin dute autoan. Porte de Pantin inguruan utzi behar izan dute, plataforma bat jo ondoren. Renault Clio bat hartu dute ondoren, gidaria autotik kanporatuta. Ihesaldian oinezko bat harrapatu dute, eta larri zauritu. Poliziak ez du datu gehiagorik eman, baina Parisen ezkutatu direlakoan dago. Libération-en arabera, «lokalizatuta» dauzka Poliziak.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak 3.000 agente baino gehiago mobilizatu ditu erasotzaileen bila, eta gorenean jarri du atentatuen alerta. Prentsa egoitzak, saltoki handiak, gurtzarako lekuak eta garraiobideen gainean «zaintza berezia» jarri dute. Bernard Cazeneuve Barne ministroak azaldu du hiru pertsonak egin dutela atentatua. Ez du egileei, ez haien helburuei buruzko azalpenik eman.

Erreakzio uholdea eta bat-bateko elkarretaratzeak eragin ditu sarraskiak. Milaka eta milaka lagun atera dira Frantziako hiri nagusietan. Ipar Euskal Herrian ere antolatu dituzte astekaria babesteko ekitaldiak.

Charlie Hebdo-ren azken zenbakian Michel Houellebecq idazle polemikoaren inguruko azala egin zuten. Izan ere, Soumission haren azken liburuak hautsak harrotu ditu, alderdi islamista moderatu bateko burua errepublikako presidente kargua hartzen irudikatzen baitu. Zenbaki horretan Abu Bakr al-Bagdadi Estatu Islamikoko buruzagiaren karikatura bat egin zuten. Hain zuzen, atzo goizean jarri zuten irudi hori Twitter sare sozialean. Iragan azaroan, muturreko talde islamistak frantziar musulmanak gerra santura eta Frantzian erasoak egitera deitu zituen, sarean zabaldutako bideo batean.

Aspaldiko helburua

Muturreko islamistek aspalditik dute jomugan Charlie Hebdo, Mahoma profetaren karikaturak argitaratzeagatik. Aspaldikoa da auzia. Herrialde musulmanetan protesta franko eragin zituen 2005eko irailean Jyllands-posten Danimarkako egunkariak profetari buruz eginiko karikaturak. Frantziako astekariak ere argitaratu zituen gisa horretako marrazkiak, eta orduko zuzendari Philippe Val auzipetu zuten, Frantziako Erakunde Islamisten Erakundeak eta Parisko Meskita Handiaren salaketaren ondorioz. Irainaren eta adierazpen askatasunaren arteko muga lausoaren inguruan eztabaida sutsua eragin zuen aferak. Azkenean, kargurik gabe aske utzi zuten. 2012an beste karikatura sortek ere haserrea eragin zuen herrialde musulmanetan, Frantziak eta Mendebaldeko beste herrialdeek enbaxadak itxi behar izateraino.

Astekariko kazetariek mehatxuak oso present eduki dituzte ordutik, eta horiekin lan egitera ohitu dira. Segurtasun neurriak hartuak zituzten, batez ere 2011n egoitzari eraso ziotenean, molotov koktelak botata. Zuzendariari bizkartzainak jarri zizkioten.

Antonio Fischetti Charlie Hebdo-ko kazetariak Libération egunkariari azaldu dionez, azkenaldian segurtasun neurriak lasaitu zituzten. Polizia auto bat egon ohi zen erredakzioko atarian, baina baziren hilabete batzuk kendu zutela. «Une egokiairitsi arte itxaron dute». Fischettiren arabera, kontuan zuten helburu zirela. «Baina gisa honetako sarraski bat imajinatzea..., mundu guztia hiltzeko xedearekin...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.