Mahaia handitzeaz hizketan hasiko dira gaur

Maider Galardi
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Gaur elkartuko dira lehenengoz Nafarroako Parlamentuko Mahaiko eta Bozeramaileen Batzordeko ordezkariak. Joan den ostegunean eratu zen Mahaia, Unai Hualde Geroa Baiko kidea presidente izendatuta, eta gaur egingo dute lehen bilera, 10:30ean. Besteak beste, Parlamentuko Mahaia handitzearen eskaeraz arituko dira, baita uztaila lanerako hilabete izendatzeko proposamenaz ere. Gainera, Mahaiak talde parlamentarioak eratzeko ardura izango du. Datorren legegintzaldirako parlamentuko aulkiak eta bulegoak erebanatuko dira gaurko saioan.

Bost taldek egin dute talde parlamentarioa osatzeko eskaera: Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerra-Mistoak. Ahal Dugu-k, berriz, bi ordezkari ditu Nafarroako Parlamentuan, eta ebatzi dute Nafarroako Ahal Dugu-ren elkarte parlamentario izena erregistratzea.

Gaur-gaurkoz, Geroa Baik, PSNk eta EH Bilduk ordezkari bana dute Parlamentuko Mahaian —azken unean lortu zuten akordioa Hualde presidente egiteko eta EH Bilduko Maiorga Ramirezek lekua izateko—, Navarra Sumak, berriz, bi kide ditu Mahaian. Halaber, PSNk eta Geroa Baik adostu zuten mahaian beste bi kide egoteko beharrezko prozedura juridikoa aztertuko zutela egunotan. Hain justu, gaur dira gai horren inguruan hitz egitekoak; ados jarriz gero, PSNk beste ordezkari bat luke, eta Ahal Dugu-k, berriz, bat.

Mahaia zabaltzeko eskaera

Nafarroako Parlamentuko presidentea hautatzeko negoziazioak luze jo zuen joan den astean, eta, azken unean, PSNk babesa eman zion Hualderi. Geroa Bairen baldintza zen EH Bilduk ordezkaritza izatea Mahaian, eta hori adostu zuten PSNrekin —ez zuen eragotzi Ramirezen hautagaitza, baldin eta mahaiko kideak bost izatetik zazpi izatera pasatzeko beharrezko bide juridikoa aztertzen badute. Horri bide emango diote gaurko bileran.

Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea osatuta, Nafarroako lehendakaria hautatzea da hurrengo pausoa. Hualdek hamar egun ditu lehendakarigaiak proposatzeko, eta, horretarako, asteazkenean abiaraziko du bilera sorta. Ostiralerako prozesua amaitzea espero du Hualdek. Inbestidura saiora deitu beharko luke gero, gutxienez hiru eguneko tartearekin iragarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.