'Brexit'-a. Kronologia

DIBORTZIO LUZE BAT

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, itunaren berri ematen, Gabon gauean. PIPPA FOWLES / EFE.
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
1973-1975

Charles de Gaulle jeneralaren boikoten eta zalantza askoren ondoren, kontserbadoreak boterean zirela, Erresuma Batua Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen 1973ko urtarrilaren 1ean. Sartzeak ez zituen duda guztiak uxatu: gobernura iritsi eta erreferendumera deitu zuten laboristek, orduan euroeszeptikoak baitziren. 1975eko ekainaren 5eko galdeketan, herritarren %67,2k EEEn geratzearen alde bozkatu zuten.

1976-2016

Harreman tirabiratsua izan zuen Erresuma Batuak EEErekin. Merkatu bakarraren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Margaret Thatcherren garaian, baina batasun politikoari ahalik eta traba gehien jarri zizkion Londresek. Eurotik kanpo ere geratu zen Erresuma Batua. Euroeszeptizismoa ezkerretik eskuinera igaro zen 1980ko hamarkadatik aurrera, eta Alderdi Kontserbadorea bitan zatitu zuen. Alderdi barruko eztabaida behingoz bukatu nahian, David Cameron lehen ministro kontserbadoreak erreferendum bat antolatu zuen, Europa ekialdeko herritarren immigrazioa mugatzeko hainbat neurri lortu ondoren.

2016ko ekainak 23

Ustekabean, erreferenduma irabazi zuten EB uztearen aldekoek. Brexit-arekin Erresuma Batuak «kontrola berreskuratuko» zuela zioen mezuak botoen %52 irabazi zituen. Edonola ere, arrakala garbi bat agerian utzi zuen: eskoziarren %62k eta ipar irlandarren ia %56k geratzearen alde bozkatu zuten, eta Londresen eta beste hiri nagusietan ere remain bozkatu zuen. Adin arrakala ere ikusi zen: gazte gehienak EBren alde, adineko gehienak aurka.

2016ko uztailak 11

Porrotaren ondoren, Cameron lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta Theresa Mayk ordezkatu zuen. EBn geratzearen alde bozkatu zuen arren, irteera «arrakastatsua» agindu zuen Mayk. Nola? «Brexit is brexit» esaldi anbiguoa patentatu zuen, bere asmoak zeintzuk ziren garbi ez uzteko.

2017ko urtarrilak 17

Hitzaldi batean, Mayk iragarri zuen ez zituela beteko Erresuma Batuak EBko merkatu bakarrean geratzeko baldintzak, eta atea ireki zion erabateko hausturari: «Akordiorik ez lortzea hobea da akordio txar bat lortzea baino».

2017ko ekainak 8

Mayk hauteskundeetara deitu zuen, brexit-a gehiengo zabalago batekin lasai negoziatzeko asmoz. Usteak ustel, ordea: kontserbadoreek gehiengo osoa galdu zuten, eta DUP Ipar Irlandako alderdi unionista kontserbadorearen babesa bilatu behar izan zuen gobernatzen jarraitzeko.

2016ko uztailak 17

Banaketaren baldintzei buruzko negoziazio ofizialak hasi ziren. Alde bateko zein besteko herritarrek beste aldean izango zituzten eskubideak eta trantsizio garaian Erresuma Batuak EBren aurrekontuari buruz egin beharreko ekarpenak sortu zuten eztabaida, baina askatu beharreko korapilo nagusia Irlanda bilakatu zen. Zer egin Ipar eta Hego Irlanda arteko mugarekin, Ostiral Santuko bake akordioa kolokan jarri gabe?

2018ko uztaila

Dibortzioaren negoziazioak desblokeatu nahian, Mayk brexit bigunago baterako plan bat aurkeztu zien bere ministroei. Dimisioarekin erantzun zioten brexit zalerik sutsuenek, Boris Johnson Atzerri ministroa buru zutela.

2018ko azaroa

Dibortzioaren baldintzak adostu zituzten Bruselak eta Londresek. Besteak beste, hitzartu zuten ez zela muga gogorrik egingo Hego eta Ipar Irlandaren artean.

2019ko urtarrila-martxoa

Urtarrilaren 15ean, Mayren irteera planak porrot latza izan zuen Westminsterren: aurkako 432 boto, eta aldeko 202. Martxoan beste bi bozketa galdu zituen, alde txikiagoarekin izan bazen ere. Gehiengorik ez zuela ikusita, EBtik irteteko eguna —martxoaren 29a— atzeratzeko eskatu zuen Mayk. Beste erreferendum bat egiteko kanpainak indarra hartu zuen.

2019ko maiatzak 27

Irteera data berria urriaren 31 zenez, Erresuma Batua behartuta egon zen Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzera. Nigel Farageren Brexit Partyk bildu zuen boto gehien; emaitza onak lortu zituzten EBren aldeko alderdiek (Liberal demokratek, SNPk, Berdeek...); eta kolpe historikoa hartu zuten toryek eta laboristek.

2019ko uda

Bere irteera akordioa aurrera ateratzeko gehiengorik ez zuela-eta, Mayk alde batera egingo zuela agindu zuen, eta kontserbadoreek lider berria hautatu zuten uztailaren 23an: erreferendum kanpainaren gidaria, Boris Johnson. Lehen ministro izendatu zuten hurrengo egunean. Urriaren 31ko irteera eguna inolaz ere ez zuela atzeratuko agindu zuen hainbat aldiz hurrengo asteetan. Parlamentuak, ordea, bozkatu zuen akordiorik gabeko brexit bat ez zuela inolaz ere onartuko, oso kaltegarria izango litzatekeelako Erresuma Batuarentzat.

2019ko urria

Irlandako mugaren auzian atzera egiteko saioa egin zuen Johnsonek, baina EBk ez zuen onartu. Tentsio handiko giroan, konponbide bati bidea ireki zioten Johnson eta Leo Varadkar Irlandako Errepublikako gobernuburuak. Urriaren 17an, brexit-erako akordio berri bat adostu zuten. Horren bidez, Ipar Irlandak praktikan EBren merkatu bakarrean jarraituko du, eta kontrolak izango dira haren eta Erresuma Batuko beste nazioen artean. Brexit-aren data 2020ko urtarrilaren 31ra arte atzeratu zuten.

2019ko abenduak 12

Get Brexit done leloa hartuta (buka dezagun brexit-a), Johnsonek garaipen zabala lortu zuen hauteskundeetan, eta beste erreferendum bat egiteko aukera zapuztu zuen. Eskozian eta Ipar Irlandan, ordea, oso emaitza onak lortu zituzten EBren aldeko alderdi nazionalistek.

2020ko urtarrilak 31

Gauerdian, Erresuma Batua EBtik atera zen ofizialki, eta trantsizio epe bat hasi zen: 11 hilabetez haren arauei eta merkatuari lotuta jarraituko zuen, bien arteko etorkizuneko harremana negoziatu bitartean.

2020ko martxoa

Itxialdia hasi zuten Erresuma Batuak eta EBko herrialde guztiek, koronabirusaren hedapena oztopatzeko. Merkataritza akordioaren negoziazioak moteldu egin ziren. nabarmen.

2020ko udazkena

Trantsizio epea gerturatu ahala, negoziazioei bultzada bat eman zioten Michel Barnier EBko negoziatzaileak eta David Frost britainiarrak. Bi desadostasun nagusi: arrantza eta lan, ingurumen eta laguntza publikoen araudia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.