Alessandro Stella. Italiako ezkerreko militante ohia

«Italiak terrorismo gorriaren mamua astintzen segitzen du»

Duela bi aste Frantzian izandako ezkerreko hamar bat ekintzaile ohi italiarren atxiloketak bi herrialdeen interes politikoekin lotu ditu militante izandako Stellak: «Beldur naiz adiskideen egoeraz».

JON URBE / FOKU.
ander perez zala
Donostia
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Katilu txikia une oro eskuan duen arren, Alessandro Stellak (Asiago, Italia, 1956) denbora pixka bat behar izan du elkarrizketarako zerbitzatu dioten kafea edateko, galdera bakoitzari erantzun luze eta mamitsua ematen baitio. Stellarenak XX. mendeko ezkerreko militante esperientziadun baten ikuspuntutik ateratako hitzak dira, Europan hamarkada luzez iraultza eta beste sistema baten beharra aldarrikatzen duenarenak baitira; finean, horretarako oinarria ez datorkio edonolako herrialdeetatik, hark dioen bezala, 1960. eta 1980. urteen artean «gerra zibil baten hasiera» jasan zuen Italiakoa baita jatorriz. 1982tik, baina, historikoki borroka sozial eta politiko aberatsa duen Frantzian bizi da, beste hainbat italiarrek garai hartan harturiko bidea egin behar izan baitzuen: erbestera joatearena. Eta horietako batzuk dira, hain justu, duela bi aste atxilo hartu zituztenak; elkarrizketatuarentzat, ez dago zalantzarik: gertaturikoak Erromaren eta Parisen interes politikoekin du zerikusia.

Potere Operaio eta Autonomia ezkerreko erakundeetako militante izan zen Stella iragan mendean, Frantziara irisi aurretik, eta, egun, antropologia ikerketak zuzentzen ditu CNRS Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionalean. Hark bizi izandakoek, hortaz, bilan argigarria egiteko balio diote iragan apiril amaieran gertaturikoaz, eta horren harira izan da Donostiako Kaxilda liburu dendan, asteon: «40 urteren ostean, Italiako Estatuak terrorismo gorriaren mamua astintzen jarraitzen du. Estatuaren mendeku bat da bere aurkarien kontra. 40 urteren ostean mamua astintzen segitu behar badute, beldurra sorrarazteko da, eta gizartea kontrolatzen jarraitzeko».

Iragan apirilaren 28an, Italiak terrorismo delituengatik 1970eko eta 1980ko hamarkadetan epaitutako zazpi lagun atxilotu zituzten, Parisen, Erromako agintariekin batera koordinatutako operazio batean. Brigada Gorriak taldeko kide ohiak dira horietako bost: Enzo Calvitti, Giovanni Alimonti, Roberta Cappelli, Marina Petrella eta Sergio Tornaghi.

Eta, haiekin batera, beste bi taldetan ibilitako kide bana eraman zituzten: Lotta Continua taldearen fundatzaile eta kide ohi Giorgio Pietrostefani, eta NAR Nukleo Armatu Iraultzaileko militante izandako Narciso Manenti.

Atxilotuek hogei urte inguru daramate erbestean, Mitterranddoktrina-ren harira, orain arte Frantziak ez zielako jaramonik egin Italiaren estradizio eskariei. François Mitterrand Frantziako presidente ohiak 1985ean hartutako konpromisoari deitzen zaio horri, Frantziara ihes egindako ezkerreko aktibistak Italiara ez itzularazteko konpromisoa hartu baitzuen, betiere odolezko delituengatik zigortutakoak doktrinatik salbuetsita.

Zer aldatu da, hortaz, Emmanuel Macron egungo gobernuburuak baiezkoa emateko? Stellaren ustetan, 2022an egitekoak diren presidentetzarako bozak dira arrazoietako bat, atxiloketek ahalbidetuko diotelakoan hilabeteotako jarreran sakontzeko. «Segurtasuna bermatzen duen presidente baten irudia helarazi nahi du Macronek, eta horren harira agindu dituzte atxiloketak. Oroitu, Segurtasun Orokorreko Legea eta separatismoaren kontrakoa onarrarazi ditu berriki».

«Mendeku agorrezina»

Ez da ahazterik ere bi herrialdeen arteko harremana hobetu egin dela Mario Draghi agintera iritsi denetik, eta Parisek eta Erromak helburu, interes eta jarrera komunak dituztela, Europako Batasuneko estatu kide indartsuen artean izanik. Draghirentzat, gainera, gobernuari zilegitasuna eta ospea eman nahi izateko ere balio izan dio erabakiak, lantaldea nahiko berria baita, eta, hura, hauteskundeetatik pasatu gabe izendatu baitzuten lehen ministro; eta, bide batez, aurkariei ohartarazpen bat bidaltzekoere. «Estatuaren mendekua agorrezina da. Mugimendu sozialak blokeatu nahi ditu, bide gisa erabili. Beldur naiz adiskideen egoeraz».

Stella ez da pozik agertu ezkerraren erreakzioarekin, batez ere Italiakoaz, denak aho batez agertu baitira pozik atxiloketekin: alderdiak eta hedabideak; «azken egunera arte ordaindu behar dute» mezua gailendu da haien artean, haren iritziz, hori pentsatzea «lazgarritzat» duen arren.

Frantzian, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoaren Asanblea Nazionaleko talde parlamentarioko presidentea eta 2022ko bozetako hautagaia izan da kontrako iritzia eman duen agintari bakarretako bat. CNRSko kideak bat egiten du hark esandakoekin: «Ezker eta eskuin muturreko atentatu zikloa gelditzeko, akusatuen asiloa onartu zuen Frantziak, bakearen truke».

Baketzea. Hori da Stellak nabarmendu duen hitza: «Mitterrand estatu gizon bat izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.