Hiru 'volata', Mendi!

Eibarren sasoi honetako azkeneko notak epai zitalegia eman dio Jose Luis Mendilibarri. Galdu, berdindu edo irabazi baino askoz gehiago izan delako 'Mendi'. Guztiaren gainetik, oso gertukoa, jatorra eta zintzoa. Maitagarria. Izateko eta lan egiteko modu bat utzi du, eta hori da garaipenik ederrena.

KIKO HUESCA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Adrian, ederra goiza ari zara ematen! A zer goiz ...!». Jose Luis Mendilibarren oihuak Atxabalpeko zelaitik urrun ere entzun dira sei urte hauetan. Adrian ez bazen, Cote; Cote ez bazen, Taka; Taka ez bazen, Ivan; Ivan ez bazen, Paulo; Paulo ez bazen, Anaitz; eta horrela, Eibarreko entrenatzaile izan den sei denboraldi hauetan haren aginduetara izan diren jokalari guztiek edo ia guztiek entzun behar izan dituzte Zaldibarkoaren purrustadak. Lehen, okerrago zela onartu zion BERRIAri elkarrizketa batean: «Ahora etorri ahala botatzen nituen».

Arrasateko lan saioetara aurreneko aldiz joaten zena ikaratu ere egiten zen: «Hauxe gizon petrala!». Baina Adrianek erantzuna azkar entrenatzaileari, purrustadaren bueltan, besoak altxatuz eta oihuka, haserre. Cotek ere bai. Eta Takak. Eta Ivanek. Eta Paulok. Eta Anaitzek. Eta horrela, Mendilibarrek Eibarren zuzendu dituen jokalari guztiek edo ia guztiek.

Atxabalpera lehen aldiz joan zena, seko harrituta, nola demontre ote litekeen entrenatzaileak jokalariei hainbeste uztea. Erantzuna, jokalari horietako batek, Ramisek, kapitain ohiak, berripaper honetako elkarrizketa batean:«Utzi egiten digu hari epelak erantzuten, eta, gero, asteburuan, ez du kontuan hartzen gure jokabide hori hamaikakoa aukeratzerakoan».

Jatortasuna oinarri Mendik, eta ez bakarrik taldea bide zuzenetan barrena gidatzeko. Entrenamendu bat bukatu, eta zelaian bertan, kazetari batekin Eibarren aurreko partida batean Ander Capak ustez egindako hutsegiteaz hitz egiteko ere bai. Azalpen eta guzti. Kazetari bat Lehen Mailako talde baten entrenamenduko zelaiaren erdi-erdian, entrenatzailearekin jokaldi bati buruz hizketan, keinu eta guzti. Pentsaezina ziurrenik, Mendi izan ez balitz.

Hark izan behar haur batzuei zelaiaren izkina batean baloi batekin jokatzen utzi ziena, zelaiaren alde horretan Riesgo, Yoel eta Markel atezainak ariketak egiten ari baziren ere. Edo beste entrenamendu baten amaieran, aldageletara joan beharrean, Mikel Etxarrirekin bezperako Txapeldunen Ligako jardunaldiaz solasean hasi, eta hitzen joanean, atezain on bat identifikatzea zein zaila den aritu zena, zintzotasun osoz. Nahiz eta kazetari bat solasaldi horretako parte ere bazen.

Elkarrizketak emateko lekua aukeratzen hasi, eta Atxabalpeko haren bulegoko ateak lasai asko ireki izan ditu Mendik. Arbel batean, fitxa urdinak eta gorriak. Seguru bi taldeetako batean egitura 1-4-4-2koa zela, haen gustukoa. «Eseri lasai hor», eta haren mahaiaren parean, elkarrizketa. Futbolaz, jakina. Futbola jokoaren berezko ezaugarriez, esan nahi da. Gauzak garbi beti. Taldeak bolada txar bati buelta eman berritan, autokritika eta guzti: «Agian, gehiegi haserretu nintzen jokalariekin orduan, baina, aizu, azkenean niri ere eragin egiten didate emaitza txarrek». Edo autoestimuaren marra oso goian ez zuen beste batean, aitortza, kazetari batek galdetu zionean, iradokiz, lerroak atzeratuta defendatzen ere ikasi egin behar zuela taldeak: «Ba agian ez naiz entrenatzaile ona izango».

Asmakizun berrien aurka

Etxekoa, eta etxerako modukoa izan bera, eta, horregatik, Atxabalpeko instalazio zaharkituetan bertakoa eman izan du. Herri lanetako kaseta bat izan du prentsako areto han, eta, egun batean, BERRIAko eta ETBko kazetari bana, eta Gol TV kateko berriemailea bakarrik bertan, Mendirekin. Bi euskaldunak jo eta su gozamen ederrean galderak euskaraz egin eta egin. Mendi erantzun eta erantzun, lasai asko. Halako batean, klubeko komunikaziokoaren ahotsa: «Erdaraz ere erantzun behar dizkio galderak Golekoari».

Azkenaldian, prentsaurreko telematikoetan erantzun ditu galderak. Eta ia gehienetan, baieztapen sendo bat ahoan. Askotan, gaurko futbol ereduaren kontrakarrean. Nola ahaztu zein ondo utzi duen VAR-a jokoz kanpo, adibidez: «Hau ez da futbola».

Bada futbola, ordea, mailaz jaistea. Mendi beti egongo bada ere lehen mailan, Eibar Bigarrenean utzita doa. Merezi zuen akabera loriatsua. Handia izan dena handiagoa izango zen. Jokalariak zigortzeko haren modu berezia gogoan, «hiru volata, Mendi!» oihukatzeko sasoia izan da hau. Baina ez. Hiru txilinbuelta ez egin. Zigorrik ez. Txalo handi bat, eta eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.