'AMORIA' KONTZERTUA

Ezkerretik hasita, Thierry Bizkari, Harkaitz Martinez de San Vicente, Katia eta Marielle Labeque eta Mikel Ugarte, duela urtebeteko argazkian. PABLO AXPE.
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
XVI. mendea

Con amores, la mi madre. Joanes Antxieta (Azpeitia, Gipuzkoa, 14621523) Fernando Aragoiko erregearen kantore eta kapera maisu izan zen. Zortzikoaren erritmoa dauka, eta Carlos Mena kontratenorrak kantatzen du. Labeque ahizpek pianoa jotzen dute.

XVII. mendea

Sarabande. Bernardo Zala Galdeano (Faltzes, Nafarroa, 1675heriotza data ezezaguna) musikariaren 1700eko Arpa liburua-n ageri da pieza hau, dantza bilduman. Labeque ahizpek Elena de Murgia Urretarekin interpretatzen dute.

Tono al Nacimiento de Nuestro Señor Jesucristo. Euskarazko hitzekin ezagutzen den partitura polifoniko zaharrena da (1705ean dago datatuta). Gabon kanta bat da, ez zaio egilerik ezagutzen, eta zortzi koplakoa da. Hala dio lehenak: Eder dek olaan gabia/ larre onean ardia./ Nafarra baina obe diagu/ Zaragozako zuria./ Brindatzen diat Zeledon;/ onixek egiten dik on./ Sekulako onezkero/ izango gaituk gu gizon. Lardizabaldarren Laurgaingo jauregian (Aia, Gipuzkoa) aurkitu ei zuen Manuel Lekuonak, eta Eresbil musika artxibategiko funtsetan dago jasota. Easo Eskolaniako haurrek kantatzen dute.

XVIII. mendea

Agota. Kantu herrikoia da, eta Argi-azkorrian jinik izenez ere ezagutzen da. Balere Artxu-Idiart (Altzürükü, Zuberoa, 1780- data ezezaguna) bertsolariaren esanetan, maitasun kanta bat da, agoten gutxiengo egoeraren testuinguruan. Julie-Adrienne Karrikaburuk Souvenir des Pyrénées (1869) diskoan jaso zuen melodia, baina J.D.J. Salaberrik ezagutarazi zuen batez ere, 1870eko Chants populaires du Pays Basque bilduman. Francisco Ibañezek (Oion, Araba, 1951) moldatu du ahotserako eta pianorako. Carlos Menak eta Thierry Bizkarik kantatzen dute, Labeque ahizpen pianoa lagun.

XIX. mendea

Prière, op. 17. Pablo Sarasate (Iruñea, 18441908) biolin jotzaile eta konposatzailearen Prière et Berceuse, Op. 17 pieza 1869an editatu zuen Alphonse Leducek, Parisen, biolinerako eta pianorako. Diskoan, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko Ezkonduien koplak poema lagun (Thierry Bizkariren ahotsean) interpretatzen du pieza Katia Labequek.

XX. mendea

Oñazez. Jose Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostia-k (Donostia, 18861956) Lekarozen (Nafarroa) jaso zuen melodia herrikoi hau, 1912an, Nik baditut izenburupean. 1913an, pianorako egokitu eta Oñazez izenarekin ezagutarazi zuen. Kanturako eta pianorako bertsioa urtebete geroago plazaratu zuen. Katia Labequek pianoarekin interpretatzen du.

Deskalabratua naiz. Jesus Guridi Bidaolak (Gasteiz, 1886Madril, 1961) Resurreccion Maria Azkueren herri kantutegitik hartu zuen, eta pianorako moldatu. Azkuek, berriz, Erron jaso zuen (Nafarroa). Marielle Labequek interpretatzen du Amoria-n.

Ave María. Jesus Guridik sortutako pieza. Amoria diskoan ez dute sartu, baina biharko kontzertuan Labeque ahizpek interpretatuko dute, pianora, eta Easo Eskolaniakoek kantatuko.

Kaddisch. Maurice Ravelek (Ziburu, Lapurdi, 1875Paris, 1937) 1914ko maiatzean sortu zuen Deux mélodies hébraïques, Ziburu sorterrian, eta melodiotan lehena da Kaddisch. Hebreera eta arameera nahastu zituen piezaren hitzetan. Carlos Menak kantatzen ditu hitzok, eta Katia Labequek jotzen du pianoa.

Bolero. Aurkezpenik ere behar ez duen Ravelen pieza da. Amoria-n, bi pianorako jatorri bertsioa interpretatzen dute labequetarrek, euskal perkusio tradizionalak gehituta.

Haurtxoa sehaskan. Gabriel Olaizola Gabarainek (Hernani, Gipuzkoa, 18911973) moldatu zuen melodia herrikoia, Klaudio Sagarzazuren (Hondarribia, Gipuzkoa, 18951971) hitzak gehitu eta Eresoinka abesbatzarekin estreinatu, 1938an, Parisen. Easo Eskolaniakoek kantatzen dute Amoria-n.

Haika mutil. Aita Donostiak Saran (Lapurdi) jaso zuen kantu herrikoi hau, eta Mikel Laboak (Donostia, 1934 - 2008) ezagutarazi. Marielle Labequek interpretatzen du, eta Eñaut Elorrietak kantatzen.

XXI. mendea

Elurra Iruñan. Thierry Bizkarik (Anhauze, Nafarroa Beherea, 1976) Aurelia Arkotxaren poema bat musikatu du, eta David Chalminek egokitu du pianorako. Labequetarrek eta Bizkarik berak interpretatzen dute.

Bateran. Oreka TXko Harkaitz Martinez de San Vicenteren eta Mikel Ugarteren pieza.

Le Charme Discret aux Arbres. Alberto Iglesias (Donostia, 1955) konposatzailearen arlorik ezezagunenetako bat da ganberarako, orkestrarako eta dantza garaikiderako sortu dituen lanena. Horietako baten zatia da hau. Labeque ahizpek eta Carlos Menak interpretatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.