Iker Irribarria

Beste patxada batez jantzi du txapela

22 urterekin, bigarrenez lortu du buruz buruko txapeldun izatea Iker Irribarriak. Ez dio bere buruari presiorik jarri nahi, eta jarraitutasuna izatea du helburu nagusi orain.

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Lehen buruz buruko txapela «bizkorregi» iritsi zela onartu du Iker Irribarriak, txapeldun berriak. 19 urte baino ez zituen orduan. «Ezjakintasun horretan gauzak gehiago kostatzen dira. Bigarren honek, nahiz eta berdin ospatu, beste zapore bat du», adierazi zuen atzo, txapela jantzi eta biharamunean.

Aramako aurrelariak Ordiziako (Gipuzkoa) sagardotegi batean ospatu zuen herenegun garaipena, senide eta lagunez inguratuta. Dantza, kantua eta bertsoak ez ziren falta izan.

Igandetik zuen irribarrea ezpainetatik ez zuen kendu atzo. Txapela eskuetan zuela pozik mintzatu zen herrian egindako agerraldian: «Irrikaz nago elastiko gorria janzteko. Aspaldi ez dudala aukera hori, eta pilotari batentzat beti da berezia Ahalik eta urterik onena egiten ahaleginduko naiz». Hala ere, bere buruari ez dio presiorik jarri nahi. «Norberak erabakitzen du hori. Hiru urte pasatu dira lehen txapela irabazi nuenetik, eta asko ikasi dut. Oinak lurrean izan nahi ditut».

Igandean izango du gorriz janzteko lehen aukera, Beasainen, lau eta erdiko San Fermin torneoko finalerdia jokatuko baitu Erik Jakaren kontra. Artean, herenegun Bizkaia frontoian lortutako garaipena zuen berean. 22-20 hartu zuen mendean Mikel Urrutikoetxea, final gogor eta handi batean. Bi jokalariek sekulako joa erakutsi zuten, eta nahiz eta 12-7arekin eta 15-10ekoarekin Urrutikoetxeak finala bideratua zuela zirudien, Irribarriak ez zuen etsi, eta gai izan zen une zail horietan eusteko. Gakoa hor egon zela uste du. «Buruan nuen gauza bakarra sakea berreskuratzea zen, eta ez etsitzea». Txapelketan Irribarriaren patua izan da atzetik joatea. Hala gertatu zitzaion Victor Estebanen eta Jokin Altunaren kontrako partidetan. «Hobeto izaten da aurretik joatea, baina aurten kontrakoa gertatu zait. Pozik nago, gai izan naizelako egoera horiek kudeatzeko. Esperientzia kontua izaten da. Batzuek berez dute horretarako gaitasuna; eta, beste batzuei, gehiago kostatzen zaigu halako egoerei aurre egitea».

Partidaren azken zatian bizpahiru pauso atzera eman, eta botean gehiago jokatu zuela onartu zuen, eta hori ere erabakigarria izan zela. «Asmatu egin nuela uste dut, horrek ahalbidetu zidalako pilotari altuera handiagoa ematea, eta min handiagoa egin nuen. Defentsan ere hobeto aritu nintzen». Sakean ere Urrutikoetxeak baino gehiago asmatu zuela onartu zuen: «Min dezente egin nion. Hori ez da erraza, errestoan Mikelek dohain handiak dituelako. Frontisa oso ondo aprobetxatzen du, eta pilotak pisu handia hartzen du jotzen duenean».

Estrategia aldaketa horiek botilero gabe hartu behar izan zituzten pilotariek, estreinakoz buruz buruko finalean ez baitziren pilotarien alboan egon. «Azken erabakia beti hartzen du pilotariak, bera delako jokatzen ari dena; are gehiago final batean. Baina botileroak ematen zuen babes eta laguntza hori faltan sumatzen da. Bai Mikel, baita ni ere begira ginen babes horren bila».

Udari begira

Finala «maila handikoa» izan arren, biek «huts dezente» egin zituztela azaldu zuen. «Baina jokatu genuen abiaduran, eta hasiera botean apenas jokatu genuela kontuan hartuta, normala da. Tanto politak ere egon ziren, eta horrekin eta garaipenarekin geratzen naiz».

Orain udako torneoei begira jarriko da. «Opor egun gutxi izango ditut, baina seinale ona da». Torneo horietatik bat du begiz joa: sanferminetakoa. «Bi aldiz iritsi naiz finalera, eta bietan aurkariek frontoitik atera gaituzte. Ea aurten hori aldatzen dudan». Hortik harago argi du zein den helburua: «Partida on asko jokatu nahi ditut, eta disfrutatu. Jarraitutasun bat eduki nahiko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.