Donostiako Aste Nagusia

Itsasargia izan da testigu

Mendikateak baino gehiago, itsasertzak lotu zituen Zetak taldea eta entzuleak. Izan ere, taldearen kantu bakoitzak goraino bete zuen Sagueseko plaza, gau giro ederrean. Zetak taldeak ez ezik, beste zenbait musika estilok eta taldek ere girotu zuten Donostia asteartean: La Jodederak, Miau DJak eta Ainhoa Larrañagak.

Zetak taldearen kontzertua. Taldeko abeslari Pello Reparaz, Saguesen, astearteko kontzertuan. JON URBE / @FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Su festa bukatu eta ordu erdi eskasera hasi zen Zetak taldearen kontzertua asteartean, Saguesen. Oholtzako fokuak piztu bitartean, batzuek azken hozkadak eman zizkioten izozkiaren kukurutxoari; eta beste askok, berriz, plazan bertan dauden postutxoetan erosi zuten afaria, kontzertuak iraun bitartean jateko.

Itsasertzeko petrilean eserita entzun eta ikusi zuten kontzertua Maite Alberdi donostiarrak eta haren senarrak. Izozki bana zuten eskuan, eta, etxeratu baino lehen, musika pixka bat entzuteko asmoz joan ziren Saguesera. «Pandemia hasi zenetik apenas joan garen kontzertuetara. Ezagutzen ditugu taldearen pare bat kantu-edo, eta hementxe eserita entzungo ditugu», azaldu zuen Alberdik, kontzertua hasi aurretik.

Idoia Martinez eta Itziar Lekuona, berriz, oholtzatik gertuago egon ziren. Barrez kontatu zuten: «Alabekin etorri gara, buruz dakizkite abesti guztiak, eta guri ere sartu dizkigute batzuk buruan». Lagunak dira Martinez eta Lekuona, eta, alabekin batera, «dena ematera» joan zirela adierazi zuten. Iragarritako orduan hasi zen kontzertua, eta txalo artean jaso zuten taldea. Ikusleekbesoak altxatu zituzten, eta oihu egin. Taldeak kanturik ezagunenak jo zituen: Zeinen ederra izango den, Akelarretan, Hegan... Isilune tarteak egin zituzten, ikusleek segi zezaten kantuen hitzak abesten. Baita segitu ere. Reparazen ahotsari oihartzun egin zioten plazan bildu ziren ahots guztiek.

Zain zegoen jendea, kantu ezagunetako bat noiz iritsiko. Eta, noski, amaiera aldera iritsi zen. «Ez zaituztegu ahaztuko; aurpegi guztiez oroituko gara. Prest zaude, Donostia?». Hala mintzatu zitzaien Reparaz ikusleei, eta, haiek, «Bai!» ozen batez erantzun. Segidan entzun zen kantua fokupetik: «Mendikate honek lotuta/ zure zauria nirea da/ ta kantu hau biona». Poztasun oihuak entzun ziren oholtzapetik, eta denen artean jarraitu zuten kantari. «Itsasargia testigu da/ zeuen urratsa geurea da/ ta itzulera denona». Erramun Martikorenarekin elkarlanean sortutako kantua da Itzulera. Han ez zegoen, ordea, Erramunik, baina Zetak taldeak ederki girotu zuen astearte iluntzea.

Zetak taldearena ez zen izan iluntze hura girotu zuen kontzertu bakarra, ordea. Izan ere, Ainhoa Larrañaga abeslariak bere egin zuen Bulebarreko kioskoa. Askotariko musika estiloek mugitu zituzten han zeudenen gerriak: Neosoulak, rhythm and bluesak eta musika elektronikoak, besteak beste. Gazteak eta helduak batu zituen Larrañagaren ahotsak, oholtzapea betetzeraino. «Oso gustura egon naiz, eta uste dut hala sentitu direla ikusleak ere», azaldu zuen oholtzatik jaitsi orduko. Gauez kantatzen zuen lehendabiziko aldia izan zela gaineratu zuen: «Uste dut gaua dela tarterik aproposena horrelako kontzertu baterako».

Doinu dantzagarriak

Dantzarako gaua izan zen, beraz, asteartekoa. Esate baterako, piratek La Jodedera taldeari ireki zizkioten ateak, Trinitate plazan, herri afariaren ondotik. Plazako txosnaguneak, gainera, mojitoak saldu zituen, eta hura eskuetan edukitzeak ez zion inori dantza egitea galarazi. Ohi bezala, taldeak kantu dantzagarriekin bete zuen plaza. Beraz, bikoteka jarri, elkarri heldu, eta dantzatzeari ekin zioten askok eta askok. Han izan zen Amaia Gartzia donostiarra ere; lagun batekin aritu zen dantzan, eta, tarteka, trago bat ematen zioten eskuan zuten mojitoari. «Ez da La Jodedera ikustera etorri garen lehendabiziko aldia. Ezaguna dugu taldea bera, eta, giro aparta jartzen dutenez, dantzatzeko aprobetxatzen dugu».

Piraten mugimenduko emakumezko kide ugari igo zen Flamenkako agertokira, eta gogorarazi zuten ez zutela inolako erasorik onartuko. Mezua garbi utzita, beraz, oholtzatik jaitsi ziren, eta, ondoren, Miau DJa oholtzara atera zen, foku more eta arrosen artetik. Mari kaletik —goitik— begiratuta, ez zen tarte bat bera ere ikusten ikusleen artean. Beraz, bete zuen oholtzapea hark ere; kantu ezagunei doinu elektronikoa erantsiz berotu baitzuen lehendik ere gori-gori zegoen giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.