KRITIKA. Opera

Mitoa non?

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

'Don Giovanni'

Zuzendariak: Iker Sanchez (musika), Pablo Ramos eta Carlos Crooke (eszena). Abeslariak: Marcelo Guzzo (Don Giovanni), Xavier Casademont (Leporello), Ainhoa Garmendia (Donna Anna), Francisco Corujo (Don Ottavio), Miren Urbieta-Vega (Donna Elvira), Maria Martin (Zerlina), Juan Laboreria (Masetto), Alessandro Tirotta (Il Commendatore). Egitaraua: W.A. MozartenDon Giovanni. Lekua: Kursaaleko Auditoriuma, Donostian. Eguna: Otsailaren 22an.

Gure kultur ondarean arras ezaguna da donjuanaren mitoa, Tirso de Molinak 1630eko El burlador de Sevilla y convidado de piedra obran lehenengoz jaso zuenetik beste hainbat idazle inspiratu dituena. W. A. Mozartek erabili zuen Lorenzo da Ponteren libretoak ez du, esentzian, historian ezer aldatzen. Baina Opus Liricak Kursaalean aurkeztutako jatorrizko ekoizpenak, euren hitzetan, «emakumearen ikuspuntua» izan behar omen zuen erdigune. Haatik, Pablo Ramosen eta Carlos Crookeren garapen eszenikoan zein kontzeptualean ez zen ikuspegi horren printzarik sumatu. Taulan erakutsi zituzten baliabide eszenikoek ibilbide motza zuten, eta espazioaren tratamenduari sakontasuna falta zitzaion; argi-jolas, dantza eta proiekzioek izateko arrazoi nahasia agertu ez ezik, gehienetan musika oztopatu ere egiten zuten.

Zaila izan zen Don Giovanniren pertsonaia Marcelo Guzzoren ahotsean sinestea. Horren ordez, Xavier Casademonten Leporellok mirabearen etiketa erauzi, eta jaun bihurtu zen taulan: ahots egonkorra zabaldu zuen obra osoan, komikotasuna eta irmotasuna kateatuz, hala nola Madamina, il catalogo è questo aria entzutetsuan. Miren Urbieta-Vegak ere Donna Elvira borobila aurkeztu zuen, eszenan zein ahotsean, gripeak jota egon arren. Zerlina benetan gustagarria suertatu zen Maria Martinen jardunean, Vedrai, carino lizunkeria xaloz jantziz. Ainhoa Garmendiaren Donna Annak eta Francisco Corujoren Don Ottaviok, aldiz, parte hartzeak ebazteko zailtasun nabariak izan zituzten, batez ere bukaerako Or che tutti atalean. Kolore ederra Juan Laboreriaren Masettok. Fosoan, tempoak luzatu egin ziren orokorrean, eta emaitza ez zen izan Mozarten musikaz espero daitekeena bezain doia eta zehatza.

Mitoak interesgarriak izan ohi dira, ez soilik euren jatorrizko formulazioak izan dezakeen kultura edo literatura balioagatik, baizik eta hausnarketa kontzientea egiteko bide bihurtu daitezkeelako. Taulan aukera galduta, bakoitzak etxean egin beharko du lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.