Udako estreinaldiak

Ez dadila dena Thor izan

Uztailean 'Thor: Love and Thunder' filmak piztuko du ikusmina, baina udak ekarriko ditu lan interesgarriagoak ere. Gaspar Noeren eta Hong Sang-sooren filmak estreinatuko dira

Gaspar Noeren Vortex filma Hego Euskal Herrira iritsiko da uztailaren 29an. BERRA.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Marvelek eta Disneyk marketinerako baliabide guztiak erabiliko dituzte datozen asteetan, Thor: Love and Thunder ekoizpena ahalik eta gehien saltzeko —Iruñeko sanferminak hasiko diren astean iritsiko da aretoetara—. Thor ekaitzaren jainkoak zenbait laguntzaile boteretsu izango ditu gertu, bere abentura berrietan. Gorr jainkoen harakinari aurre egin beharko diote. Baina fantasiazko lan horren dibertimenduaz gain, udan izango dira bestelako estreinaldiak ere. Bestelako istorioak eta begiradak areto ilun eta freskoetan gozatzeko.

Gaspar Noe zinemagilearen film berria, Vortex, uztailaren 29an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Iaz, Donostiako Zinemaldian ikusle gutxi batzuk dastatu ahal izan zuten, eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aretoetara heldu zen apirilean. Dementzia duten bi aitona-amona dira istorioko protagonista nagusiak. Bizitzaren amaierara iristen ari den bikote baten istorioa kontatzen du Noek bere seigarren pelikulan. Gizatasunez betea. Soila eta mamitsua, aldi berean. Uda honetako eskaintza zinematografiko erakargarrienetako bat.

Halakoa da Hego Koreako Hong Sang-soo zinemagilearen In Front of Your Face. Okerrik ezean, uztailaren 15ean estreinatuko dute aretoetan. Emakumezko aktore beterano baten bidea kontatzen du: jaioterrira itzuliko da, ahizparen etxera. Zinemagile gazte batek, berriz, bere proiektuan lan egiteko eskatuko dio. Hasieran, aktoreak ezezkoa emango dio. Baina Seulgo erdialdean elkartuko dira, elkarrekin mozkortu, eta euria erruz hasiko da...

Baltasar Kormakur Islandiako zinemagilearen lan berria ere udan iritsiko da: Beast. Abuztuko bigarren astean estreinatuko dute lan hori. Alargun gelditu den mediku baten bidea kontatzen du: Hegoafrikara itzuli da, emaztea zena ezagutu zuen herrialdera, eta animalia basati batzuk ikustera joango da. Baina alaben konpainian egindako bidaia lasaia izan behar zuena bizirik irauteko lasterketa bihurtuko da, ihes egindako lehoi bat haien atzetik ibiliko baita. Idris Elbak jokatzen du protagonistaren rola, eta Elbaren beste pelikula bat ere estreinatuko dute uda honetan: Australiako Three Thousand Years of Longing. Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten, eta George Miller da zuzendaria.

Iraileko lehen egunetan, berriz, Meritxel Colell Kataluniako zinemagileak Argentinako iparraldean grabatu duen drama bat estreinatuko dute: Dúo. Adi aztertu beharreko lana izango da Colellen fikzio berria.

Haurrentzako eskaintza

Uda guztietan ohikoa den moduan, neska-mutikoei zuzendutako makina bat film ikusi ahalko dira areto komertzialetan. Datorren astean bertan, animaziozko Minions: The Rise of Gru estreinatuko dute. Uztailaren 14an, Santiago Seguraren Padre no hay más que uno 3 iritsiko da —lehen bi zatiek arrakasta komertzial handia izan zuten—. Jesus Fonten HollyBlood abenturetako filma ere neska-mutiko askoren gustukoa izan daiteke. Ukrainatik, berriz, Gulliver returns marrazki bizidunetako filma helduko da. Hala ere, litekeena da azken horrek baino arrakasta handiagoa lortzea DC League of Super-Pets ekoizpenak —etxeko animaliak superheroi gisa agertuko dira—. Abuztuaren 26an, berriz, Tadeo Jonesen abenturen hirugarren filma estreinatuko dute, eta Mediaset taldeak jarriko du marketin makineria guztia martxan.

Gainontzekoan, komedia ugari iritsiko da aretoetara, eta horietako batzuk familia osoarentzat izango dira. Nerabe eta gazte —eta agian ez hain gazte— dira After sail erromantikoaren zaleak. Haientzat ere egongo da estreinaldia: After Ever Happy. Anna Todden eleberrian oinarrituta dago filma, eta, beraz, ez du ezusteko handirik ekarriko. Baina batzuk pozik utziko ditu, tarte baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.