IRITZIA

GAZTE(tasun)A

2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gazteako esatari ohia

Denborarekin sendatzen den gaitza da gaztetasuna», esan zigun hitzez hitz gure azken bileran nagusiak. Ez, ez ginen futbolariak, irrati esatariak baizik. Baina has gaitezen hasieratik:

Kazetaritza ikaslea Leioan. 21 urte. Hainbat hedabidetan praktikak egiteko eskaera egin eta Euskadi Irratirako beka eskuratu zuena. Bekadun izan aurretik, udan lantxo bat egin nahi zuen galdetu ziotena. Horixe nintzen ni 1997ko udan.

Hilabete bateko soldatarekin kotxeko karneta ordaindu ahal izango nuen, eta onena zen lana irrati-esatari moduan zela eta nik entzuten nuen irrati batean: Euskadi Gaztean!

Eta... uste baino ederragoa izan zen guztia. Lehen begiratuan maitemindu ginen. Hamar urteko bidea egin genuen batera, eta lehenengo maitasunak dakarren intentsitatearekin bizi izan nuen han egon nintzen minutu bakoitza.

Emisorako bizkaitar bakarra, hizkuntzarekin jolas egiteko tentazioa hasieratik izan zen handia. Paperean gauzak ez idatziz, nuen memoria gaitasuna neurtu. Inprobisazioak egiten ausartu. Jakin gabe, telebista-aurkezle lanetarako eskolarik onena aurkitu nuen. Telefonoz jendearekin hitz egin eta entzuleengandik jasotzen hasi nintzen konplizitate hura bihurtu zen lanera joatearen gauzarik onena. Kalean ahotsagatik ezagutzen gintuzten eta ez irudiagatik, Internet gabe lan egiten genuen... Zein hurbil dagoen denboran eta zein urrun geratu den guztia.

Musikarekiko maitasuna piztu zitzaidan eta, batez ere, euskal sortzaileen lanarekiko maitasuna, miresmena eta errespetua. Beste kontu batzuk ere bai, hogeita piko urte baikenituen. Gaztea Sariak urteroko zita ziren kirolari, musikari edo norbait interesgarrirekin ligatzeko. Eta, garrantzitsuena, nire bizitzan ezinbesteko diren bidelagunak aurkitu nituen: Maider, Ane, Galder, Andoni eta Garazi.

Tresna indartsua geneukan esku artean. Euskaraz milaka eta milaka gazteri iristen zitzaiona egunero eta, erabilera egokia emanez gero, eredu izan zitekeena hizkuntz-normalizazio eta erabilerarako.

Euskadi Gaztea izatetik Gaztea izatera pasatu zen gure irratia gero. Marketin aldaketa arrakastatsua, ustez, jende gehiagorengana iristea lortu baitzuen. Irudipena daukat, hala ere, oraindik ez dela ongi ulertu eta bideratu tresna horren erakarpen ahalmen izugarri hori. Guztia ez litzateke zenbakietan neurtu behar euskarazko hedabide bati buruz ari garenean. Baina hori, nire iritzia da.

Zuen baimenarekin, eta amaitzeko, esan nahiko nuke urte hauetan guztietan gauza bat ikasi dudala: gazte izaten jarraitzen dugula ilusioa eta gauzak egiteko gogoa daukagun bitartean. Atzera begiratu eta bere adina nueneko kontuak gogoratu dizkizuet. Hogeita bost urte. Zorionak, Gaztea, eta eskerrik asko nire gaztetasuna hain eder egitearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.