DBHko ikasleen erdiek ez dakite ezer ETAri buruz; GAL ezezagun zaie hirutik biri

Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Zer dakite Nafarroako gazteek talde armatuen jardunari buruz? Galdera horri erantzun nahian, Hezkuntza Departamentuak txosten bat eskatu zion Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiari, eta erakunde horrek inkesta bat egin zuen maiatzean herrialdeko Bigarren Hezkuntzako institutuetako ikasleen artean. Ondorio nagusietako bat da gehienek «ezagutza maila oso eskasa» dutela. Adibidez, «ETA ezagutzen duzu?» galderari baietz erantzun diote parte hartutako ikasleen %57k soilik. GALen jarduna, berriz, nabarmen ezezagunagoa da ikasleentzat: hiru ikasletik bik ez dakite zer den ere (%63). «Eraso edo ekintza terrorista zehatzen bat» gogoratzen duten galdetuta, %62k erantzun dute ezetz, ez direla bakar batez ere akordatzen. Are: DBHko ikasleen %2k bakarrik gogoratzen dute GALen erasoren bat.

Atzo aurkeztu zuten inkesta Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Luis Campos Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendariak. Kontseilariak azaldu du inkestaren helburua dela DBHko ikasleen ezagutza maila neurtzea, institutuetan «memoriari eta terrorismoaren prebentzioari buruzko unitate didaktikoak» martxan jarri aurretik.

Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendariak eman ditu inkestari buruzko xehetasunak: DBHko 1. eta 4. maila bitarteko ikasle guztiei helarazi zieten galdetegi anonimoa (28.355 ikasle), eta horietatik mila erantzun baino gehiago jaso zituzten: «Estatistikoki, oso lagin ona da, oso adierazgarria».

Jasotako erantzunak aztertuta, Camposek nabarmendu zuen gazte gehienek arbuiatu egiten dutela indarkeriaren erabilera politikoa: «%80k uste dute ez dagoela justifikatuta, eta %79ren ustez, ezein proiektu politiko ez daiteke egon bizitzeko eskubidearen gainetik». Hala ere, ikasleen %26k uste dute «indarkeriak justifikazioa izan dezakeela zenbait kasutan, helburu politikoekin». Horren gainean, kezka adierazi zuen Camposek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.