Maxime Reynie. Argazkilari kazetaria

«Manifestazioen kontakizuna kontrolatu nahi dute: zentsura da»

Argazkilari independentea da Reynie, eta manifestazioetan lan egitea eragotzi dio Frantziako Poliziak anitzetan. Haren ustez, ordena publikoa mantentzeko txostenarekin arriskuan ezarri dute prentsa askatasuna.

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Lehen lerroan egoten da manifestazioetan Maxime Reynie (Montauban, Okzitania, 1991). Argazki makina eskuan, mugimendu sozialak segitzen jardun du azken urteetan. Aditua da ordena publikoaren mantentzean, eta errepresioa goratu da, haren ustez. Txosten berriak kazetarientzat dituen ondorioez aritu da.

Manifestazioak segitzen dituzunetik, nola aldatu da ordenaren mantentzea?

Nik 2014tik segitzen ditut mugimendu sozialak, eta erranen nuke errepresioaren handitze baten lekuko izan naizela. Poliziaren bortizkeria emendatu da azken urteetan, eta justizia ere zentzu horretara joan da. Poliziak erabiltzen dituen armak ere garatu dira. Granada batzuk babestu beharreko guneetan baizik ez zituzten erabiltzen; GLI-F4 modeloa, erraterako, ez zuten sekula erabiltzen hirietako manifestazioetan. Baina 2016tik, manifestazioetan ere arrunt normalizatu da modelo hori erabiltzea. LBD jaurtigailuen tiroak ere izugarri goratu dira. Polizia talde mugikorrak ere orokortu dira, BRAV-M moto gainean doazenak, adibidez. Errepresioa azkarki emendatu da, eta ez da zentzu onera joan: ez da izan gatazkak kudeatzeko asmorik. Irudipena dut Poliziaren erantzuna geroz eta oldarkorragoa izan dela.

Zer du berririk eskemak?

Benetan ez da anitz gauza aldatzen, manifestazioetan jadanik ikusiak ditugun estrategiak baitira. Granada berri bat erabiltzea legeztatzen du eskemak, omen arinagoa dena; baina orduko 450 kilometroko abiaduraren ordez orduko 350 kilometrokoa baldin badu ere, zauriak berberak dira. Bestalde, LBD40 jaurtigailua erabiltzen duten poliziek erreferente bat beharko dutela diote doktrina berrian. Berez, horrela beharko luke aspalditik. Baina alde guztietara korrika ari direlarik, jaurtigailua eskuan, gaizki ikusten ditut erreferente bat deitzen jakiteko ea tirokatzen ahal duten ala ez...

Gero bada kazetariei buruz diotena: eztabaida anitz eragin du, eta problematikoa da, arrunt. Iruditzen zait azken urteetan Parisen ikusi dugun ordenuaren mantenuaren estrategia orokortzen dutela Frantziako Estatu osora.

Zer neurri hartu dituzte kazetariez den bezainbatean?

Berez, baimentzen dute kazetariek babes materiala eramatea, baldin eta probokaziorik egiten ez badute. Baina zer da probokazioa? Nork erabakiko du noiz den probokazioa? Kontrolatzen banaute enegarren aldiz, eta kaka eginarazten didatela erraten badiet, probokazioan sartuko naiz, eta materiala kenduko didate?

Gainera, frogatu behar duzu kazetaria zarela. Prentsa karta ez dugunontzat betiko arazoa da: zein paperek balio duen, zeinek ez... parean duzun poliziak erabakitzen du. Kazetaria zarelarik, ez duzu baitezpada prentsa karta ofizialik. Kontrolak saihesten segitu beharko dugu independenteok, orain arte bezala.

Neurririk larriena da Poliziak barreiatzeko agindua ematen duelarik kazetariei ere aplikatzen zaiela abisua, edozein herritarri bezala. Baina kazetaritzaren funtsa bera da momentu horietan hor egotea, zer gertatzen den ikusteko, eta kontatzeko. Poliziaren erantzunaz ezingo dugu informatu. Ez bada gehiago kazetaririk Poliziaren esku hartzea ikusteko, gertakizunaren parte bat bakarrik izango dugu. Manifestazioen kontakizuna kontrolatu nahi dute: zentsura da. Eskema horretan kazetarien kontra agertzen diren neurriek kazetari independenteak dituzte jomugan argiki. Gu gara trabagarriak, guk dugulako kontakizun osoa erakusten: manifestarien bortizkeriatik hasita Poliziarenera.

Prentsa askatasuna arriskuan ikusten duzu?

Bai. Oro har, manifestazioetan ditugun lan baldintzak okertu dira. Prentsarekiko mespretxua handitu da, gure lan baldintzak okertu dira, geroz eta prekarioagoak gara. Usu gertatu da Poliziek kazetariak zuzenki jomugan ukan gaituztela.

Nola bizi dituzu manifestazioak?

Argazkilari independentea naiz. Ez dut prentsa kartarik. Hasieran, usu joaten nintzen Poliziaren kontaktura irudiak lortzeko. Baina, behin, Tolosan (Okzitania), buruan borra kolpe bat eman zidaten, eta larrialdietara joan behar izan nuen, josi behar baininduten. Geroztik zailtasunak ditut lehen-lehen lerroan egoteko. Hala ere, segitu dut manifestazioetara joaten. Identifikatu naute behin baino gehiagotan, zauriak ere izan ditut berriz, materiala kendu izan didate... Azkenean, hori egiten dutenean, lanaldia izorratzen dizute.

Zer harreman duzu Poliziarekin orain?

Ez naiz eroso sentitzen, eta geroz eta okerragoa da. Karrika izkina batean BACeko poliziak [Kriminalitatearen Kontrako Unitatea] gurutzatzen ditudalarik, urduri jartzen naiz. Otoitz egiten duzu, ea ez zaituzten xehatzen. Ez dakizu sekula nola bukatuko den. Irudiaren gerra bat da. Prefeturak bere komunikazioa badu, eta bere zentzura ez doan komunikazioa murrizten saiatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.