Bukaerarik gabeko anabasa

Yemengo matxino xiiten arabera, 175 izan litezke Saudi Arabiak bonbardatu duen kartzelan hildako presoak: gerra hasi zenetik izandako sarraskirik handienetako bat

Bukaerarik gabeko anabasa.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Duela urtebete, iazko abuztuan, Saudi Arabiak zuzentzen duen nazioarteko koalizioak bi bonbardaketa handi egin zituen Yemenen zibilen aurka, eta, bertzeak bertze, dozenaka adingabe hil zituen. Eraso horiek gaitzespen zabala eragin zuten nazioartean, baita Saudi Arabiaren esku hartzea legitimotzat duten herrialde anitzenak ere. Inflexio puntu bat izanen zela iduri zuen orduan, baina, urtebete geroago, egoera orokorrak bere horretan jarraitzen du. Koalizioak espetxe bat bonbardatu zuen herenegun, eta, matxino xiitek atzo adierazi zutenez, 175 inguru izan litezke hildakoak. Gerra hasi denetik zibilen aurka egindako aire erasorik handienetako bat litzateke hori.

Dhamar hirian egin zuten erasoa, Sana hiriburutik 100 kilometro hegoaldera. Matxino xiiten (huthien) kontrolpean dago eremua, eta, Turki al-Malki Saudi Arabiaren koalizioaren bozeramaileak atzo erran zuenez, misilak eta droneak gordetzeko biltegi bati egin zioten eraso. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, ordea, bertzelako bertsio bat eman zuen herenegun arratsean bertan, adierazi baitzuen huthiek espetxe gisa erabiltzen zuten eraikin bati egin ziotela eraso, eta ehun inguru izan zitezkeela hildakoak; gehienak, presoak.

Huthiek atzo eman zuten haien bertsioa. Yusuf al-Haderi matxinoen gobernuko Osasun ministroaren arabera, 50 presoren heriotza baieztatu ahal izan zuten atzo, eta bertze 125 «hiltzat edo desagertutzat» jo zituzten. Franz Rauchestein Gurutze Gorriaren Yemengo delegazioko buruak herenegun arratsean deskribatu zuen txikizioaren tamaina: «Txikizio handi horren lekuko izatea, gorpuak hondakinen artean ikustea, egiazko shock bat izan zen. Amorrua eta tristezia erreakzio naturalak izan ziren. Borroketan aktiboki parte hartzen ez duten pertsonek ez lukete modu horretara hil beharko».

Hildakoen kopurua berretsiz gero, Saudi Arabiak eta haren aliatuek azken hiru urteotan zibilen aurka egindako erasorik handienetako bat litzateke. Duela hiru urteko apirilean hileta bat bonbardatu zuten Sana hiriburutik hurbil, eta 155 pertsona hil zituzten. Eraso horren ondoren, AEBek zehaztasun handiko jaurtigaien salmentak eten zizkioten Saudi Arabiari, baina gerrarako laguntza logistikoari eutsi zioten, baita babes politikoari ere. 2017an, Donald Trump presidentetza hartu ondoren, lehengora itzuli zuen armen salmenta.

Trumpen administrazioak iazko udazkenean egin zion presio gehien Saudi Arabiari negoziazio prozesu bat babestu eta su-etena eman zezan. Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarraren hilketaren ondoren Riaden aurka sortu zen nazioarteko presio giroan izan zen hori. NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatu duen prozesua, ordea, trabatuta dago. Trumpek aurten birritan erabili du betorako ahalmena AEBetako Kongresuak Saudi Arabiari arma salmentak eta gerrarako laguntza eteteko onartu dituen ebazpenak baliogabetzeko.

Saudi Arabia 2015eko martxoan hasi zen Yemenen aire erasoak egiten, Abd Rabbu Mansur Hadi presidentearen agintea berrezarri eta huthien mugimendua suntsitzeko. Huthiek 2014an konkistatu zuten Sana, eta ordutik Yemenen mendebalde gehiena dute kontrolpean. NBEren arabera, joan den urte bukaerara arte 4.600 inguru ziren aire erasoen ondorioz hildako zibilak; ekintza armatuetan hildako zibil gehienak horrela hil zirela ondorioztatu zuen nazioarteko erakundeak.

Aliatuen arteko gerra

Saudi Arabiak bertze zortzi herrialderekin batera osatzen du huthien aurkako koalizioa. 2015az geroztik gerra bi fakzio nagusiren artekoa izan bada ere, herrialdea alderdi askotariko gatazka batean murgilduta zegoen lehenagotik, eta bandoen arteko egoera liskartsu eta nahasi hori berriz ere azaleratu da uda honetan, huthien bi etsai, Hadiren gobernua eta hegoaldeko milizia independentistak, elkarren aurka hasi baitira. 1990era arte, Yemen bi estatutan banatuta egon zen, eta miliziek horietako baten independentzia aldarrikatzen dute, Hego Yemenena. Joan den astean Hadiren indarrei kendu zieten Aden hiria, eta Arabiar Emirerri Batuek aireko laguntza eman zieten miliziei.

Saudi Arabiak koalizioan dituen aliatu nagusiak dira Arabiar Emirerri Batuak. Al-Malki bozeramaileak atzo Riaden eman zuen prentsaurrekoan erran zuen Yemengo Xabwa probintzian Saudi Arabiako soldaduak hedatu dituztela emirerri batuekin koordinatuta, Hadiren indarren eta milizia independentisten arteko borrokak eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.