Pastor
DARWIN ETA GU

Lekunberriko txakurra

2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun

Hil zenetik zazpi urte pasatu ondoren, astelehenean omenaldia egin zioten Ajax txakurrari, Espainia hegoaldean. Animaliak Guardia Zibilarekin jarduten zuen. ETAk Mallorcan 2009an ipinitako bonba bat usaindu omen zuen eta «triskantza bat» izatea eragotzi zuen. Minutu batzuk lehenago ETAren lehen lehergailuak bi guardia zibil hil zituen han.

 

Ajax-i estatua bat egin diote Antequeran (Malaga). Sur egunkariaren arabera, ekitaldian Ajax-en ausardia aipatu zuten. Eta zortea. Izan ere, Ajax-i ez zitzaion ezer gertatu. Beste txakur bati, ostera, bai: Rinchi Lekunberrin hil zen 1990ean, ETAk bertako kuartelaren kontra sei granada jaurti zituenean.

Ajax ez ezik, Rinchi ere laudatu zuten Andaluziako zeremonian. Baliteke hango herritar batek baino gehiagok beren buruari galdetu izana Lekunberriko udala zeren zain dagoen, 30 urte igarota, herriko plazan Rinchi-ren omenezko oroigarri bat ezartzeko. Eta baliteke erantzun hau otu izana: gorrotoa besterik ez dute guardia zibilen kontra. Altsasun gertatu zena ikusi besterik ez dago. Eta orain telebistan serie bat ematen ari dira horri buruz, haien bertsio berezia hedatzeko.

Guardia zibilek gurean ernarazten duten ezinikusia patologikotzat jotzen zuen nerabezaroko lagun batek —haren aita UCDren zinegotzia izango zen gero herrian—. Familiak etxe bat zuen Maulen, eta bertara joaten zen ia asteburuero. Laguna amnistia osoaren aurkakoa zen. Hark esaten zuenez, Mauleon inguruan bazegoen euskal iheslari bat, guardia zibilei gorroto bizia ziena. «Noizbait guardia zibil bat berriro ikusiko balu, hantxe bertan akabatuko luke. Amnistia? Halakoekin ez dago zer eginik».

Gure lagunak ez zuen galdetzen nondik etor zitekeen sentimendu hori. Jadanik adin jakin bat dugunok badakigu Guardia Zibila zer den Euskal Herrian. Ondo ezagutzen ditugu haren metodoak. Horri buelta emateko zerbait egin beharra dagoela pentsatu du erakunde militar espainiarrak eta horretan ari da, dela TikTok-en bideoak eskegiz, dela haren irudia hobetzen duen jendea sarituz.

Saritu horietako bat da Lorenzo Silva. Idazleak Bevilacqua eta Chamorro guardia zibilak sortu ditu bere nobeletan. Pikoleto-en ohiko irudia hausten du bikoteak. Batez ere, Bevilacquak: Psikologia ikasi du eta buruz dakizki Shakespeare eta Verlaine-ren testuak. Hori dela eta, Benemerita-k ohorezko guardia zibil izendatu zuen Silva, 2010. urtean. Norvegian Poliziak ez dio saririk eman Jo Nesbori bertako Poliziaren irudia hobetzearen truke. Ez dute behar, antza. Espainian, ostera, bai.

Euskaldun askok ez dute Guardia Zibila maite. Zergatik? Zapalkuntza arrotzaren sinboloa delako. Errepresioaren, okupazioaren, kolonizazioaren ikurra. Trantsizioaren hasieran kaleratutako komiki batek, 1940ko Gernikan girotuak, ezin hobeto islatu zuen hori: badator baserritarra, seme txikia besoetan. Umea euskaraz ari dela konturatu dira txapelokerrak. Gelditu eta zigor moduan haurrari zaplaztekoa emateko agindu diote gizonari. Eman egin dio, samur eman ere. Ez du balio. Gogorrago jotzeko. Eta aitak gogor jo du semea, aurpegian, berarekin euskaraz egin duelako. Urrundu dira, pozik, guardia zibilak. Badoaz aita-semeak. Aitaren begiak bustita daudela konturatu da txikia. «Ez negarrik egin, aita».

Bevilacquaren seriearen lehen nobelako lehen orrian Satrustegui deritzon guardia zibil bat ageri da. Irudimenik ez duela iradoki dio brigadak, barreka: «Euskalduna izateaz gain, gaseosa duzu zainetan». Satrusteguik bere burua defendatu du: «Badut imajinaziorik, bai. Ez pentsa Amurrio osoan beste mutikorik zegoenik, txakurra izatea bururatu zitzaionik».

Txakurra da Satrustegui; txakurra da Bevilacqua. Txakurra zen Nafarroan hil zen animalia. Hala ere, Lekunberriko txakurraren benetako izena ez zen Rinchi. Ez Rinchi, ez Pinchi, ez Minchi. Hemengo izena jarri zioten, baina fonetikak —edo utzikeriak— ateraldia zapuztu zien jabeei eta txakurrari bestela deitzen hasi ziren. Ez zen, ez, pozik egongo Irrintzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.