Albistea entzun

Transexualitatea espetxean: mitoak eta kondairak

Iune San Millan Garcia eta Libertad Frances Lecumberri - Salhaketa Nafarroako kideak

2022ko abuztuak 5

Iragan ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Egun historikoa izan zen. Egun batzuk lehenago, maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen. Borrokarako eta erreibindikaziorako egunak dira horiek, eta ez da komeni egutegiko efemeride huts gisa hartzea. 30 urte bakarrik pasatu dira sexu berekoen arteko harreman sexual eta afektiboak ofizialki nahasmendutzat hartzeari utzi zitzaionetik. OMEk 1992an kendu zuen homosexualitatea nazioarteko gaixotasunen zerrendatik. Orain, 2022an, organismo horrek Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenetik kanpo utzi du, behin betiko, transexualitatearen kondizio edo esperientzia ere. Horregatik, transexualitateak estatuko espetxeetan duen egoeraz hitz egin nahi dugu.

Nafarroako Salhaketa espetxeen eta zigorren aurkako kolektibo bat da. Emakumeak pertsonak direla dioen ideia erradikal gisa ulertzen dugu feminismoa, eta baita generoan, arrazan eta klasean oinarritutako zapalkuntzak apurtzeko aukera gisa ere. Zapalkuntza horiei dagokienez, zigorra eta bakartze soziala askoz ere handiagoak dira espetxeetan beste arlo batzuetan baino.

Ispilu joko maltzur baten moduan, espetxeak gizartearen isla zehatza ematen digu, gizarteak berak sortua eta mantendua izanik baita, eta, horregatik, espetxea gune aporofobiko bat da, matxista, klasista, sexista, arrazista eta LGTBIfobikoa. Gardentasun faltak eta bermerik eta eskubiderik ezak ezleku bihurtzen ditu espetxeak, non ez-pertsonek ez-eskubideak dituzten. Transexualek gune horretan bete behar dute zigorra.

Ez da ez gure eginkizuna, ez gure asmoa, espetxeen arlotik eta defendatzen dugun ikuspegi antipunitibistatik aldenduriko eztabaidetan sartzea, baina bai gure ikuspuntua adieraztea transexualitateak espetxean duen egoeraz, jakitun baikaude egiazko informazio erreala falta dela edo zaila dela hori lortzea.

Espetxeen legediak (1978) derrigortu egiten du presoak sexuaren arabera bereiztera, eta, horregatik, gizonen moduluak eta emakumeen moduluak daude. Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak 2001. urtera arte ez zion erreparatu transexualek espetxean zuten egoerari, transexualak espetxeratzeari buruzko lehen barne araua argitaratu zen arte. Horrela, pertsona baten itxura eta haren dokumentazio ofiziala bat ez zetozenean, pertsona horrek sentitzen zuen sexuko kartzelariek miatuko zuten, mediku azterketa batean baieztatu ondoren haren genitalak bat zetozela kanpoko itxurarekin, eta zegokion departamentu edo moduluan sartzeko aukera zuen hala eskatuz gero, hori bai, zentro horretako funtzionamendua aldatzen ez bazuen betiere. Alabaina, Maria Jesus Lastrak bezala, zenbait emakume transek arrastoa utzi zuten historian, 1998an lehen aldiz emakumeen modulu batean sartu baitziren sexu aldaketarako ebakuntzarik egin beharrik gabe.

2006an, 7/2006 Barne Araua argitaratu zen. Arau horren arabera, transexualek eska dezakete (bai espetxean sartzean, bai beste noiznahi) beren identitatearen arabera tratatuak izateko harremanetan (ofizialetan ez), eta eska dezakete (edo ez) seguruen sentitzen diren moduluan espetxeratuak izateko. Beraz, emakume transexual batek, espetxera sartzean, eska dezake emakumeen moduluan sartzeko, eta gizon transexual batek ere gauza bera egin dezake hala nahi badu. Horrek ondorioak dauzka miaketetan, komunikazioetan, instalazio komunen erabileran, osasunean, tratamenduetan... Espetxeko zuzendaritzak kontuan hartuko du eskaera (edo ez), baina berriz ere segurtasuna lehentasunezkoa izango da presoen eskubideen gainetik. Gainera, martxan jartzen den prozesu batean, txosten psikosozialak egiten dira, eta kontuan hartzen da presoaren historia soziala, delituen historia eta espetxeetakoa. Oraintxe bertan, eta aipatutako jarraibidearen arabera betiere, genero disforiaren diagnostiko sendo bat eduki behar da, hamabi hilabetekoa gutxienez. Kataluniak eskumena dauka espetxeetan, eta 1/2019 Agindua dauka martxan. Diziplina askotako talde batek (oraingoan medikuen eta psikologoen txostenik gabe) txostenak egiten ditu aztertzeko nolako delitua den, zein den presoaren delituen historia eta espetxeetakoa, segurtasuneko langileek zer irudipen duten, eta ea posible den eskaera puntuala edo helburu jakin batekin egina izatea.

2022an, oraindik ere 2006ko Aginduak arautzen du Espetxe Erakundeen Idazkaritzaren menpeko kartzeletako transexualen egoera. Nahiz eta nazioartean despatologizatu den transexualitatearen kondizioa edo esperientzia, oraindik ere exijitu egiten da genero disforiaren diagnostiko sendo bat izatea. Izan ere, gaur egun oraindik, despatologizazioa ez da guztiz gauzatu, ez espetxeen barruan eta ez kanpoan. Dela agindua aspaldikoa delako, dela transexualak ikusezinak direlako (2021ean espetxeetan daudenen artean %0,025 direla ageri zen), garbi dago Espetxe Erakundeentzat garrantzi gutxi daukala kontuak.

Nafarroako Salhaketak Espetxe Erakundeen Idazkaritzari exijitzen dio errespeta ditzala kartzelan dauden guztien eskubideak, baita nortasuna modu askean garatzeari dagozkionak ere, garapen horrek eragina baitauka pertsonen bizitzaren hainbat arlotan. Baieztatzen dugu genero disidentzia eta aniztasuna oraindik ere ez direla aitortzen espetxeetan, gune horretan kontrola, segurtasuna eta bigilantzia beste edozein balioren gainetik baitaude.

Gizartea animatu nahi dugu gogoeta egin eta kontsideratzeko zer zaila den sentitzen den sexuaren arabera bizitzea kartzelan, gune guztiz sexista baita, eta genero rol tradizionalak betikotzen baititu. Errotik baztertzen ditugu diskurtso transfoboak, beldurrean oinarritzen baitira, eta presoa arerio gisa eta mehatxagarri zaigun beste gisa hartzen duen imajinarioan. Diskurtso horiek beste herrialdeetako berriez gizentzen dira. Haien kartzeletan ere, beste guztietan bezalaxe, izugarrikeriak egiten dira, instituzioaren inguruko utzikeriaren eta erabilera desegokiaren ondorioz. Kartzelak mina eragiten du goragoko onura ustezko baten izenean: zigorra. Nafarroako Salhaketak beti borrokatu izan du uste ustel hori. Eskubideak bermatzeak ez du inoiz esan nahi beste eskubide batzuk urratzea, ezta inoren segurtasuna arriskuan jartzea ere. Kolektibo zaurgarrien eskubideak aitortzea inoiz ez da berri txarra feminismoarentzat, ez behintzat feminismo transbertsalarentzat, zeinarentzat antipunitibismoa funtsezko ideia den.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Irati Jimenez Aragon, Maje Martinez Soto, Lorena Aleman Arostegui, Maria Rodes Laplaza, Ruth Martinez Latorre eta Ana Berruezo Lerga.

(Erredakzioan itzulia)

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...