Estresa: aho biko ezpata

Olatz Goñi
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lana, familia, aisialdia eta beste mila konpromiso uztartzea egokitzen zaigun honetan, estresa kontzeptu ezaguna zaigu gehienoi. Zenbat aldiz esan/entzun ote dugu: «Oso estresatuta nago!». Uda, aldiz, tentsio horiek alboratzeko garaia da. Baina zer da estresa? Eta nola eragiten du gure osasunean?

Estresa gure gorputzak egoera gatazkatsuen aurrean ematen duen erantzun fisiologiko egokitzailea da, biziraupenerako beharrezkoa. Hainbat egoeraren aurrean azkar eta energiaz jokatu behar dugu bertatik airoso ateratzeko, eta, horretarako, gure gorputzean hainbat aldaketa gertatzea beharrezkoa da. Aldaketa nabarmenena Hipotalamo Hipofisi Adrenal (HPA) ardatzaren aktibazioa litzateke. Ardatz horren azken emaitza glukokortikoideak dira, eta, feedback negatibo bidezko erantzuna baliatuz, ardatzaren aktibitate maila kontrolatzen dute.

Baina glukokortikoideek beste egitura eta sistemetan ere eragina dutela ikusi da, immunitate sisteman adibidez. Azken hamarkadetan agertutako psikoimmunologiak, hain zuzen, garunak immunitate sisteman duen eragina aztertzea du helburu. Gaian sakontzeko beharra orain mende bat ikusi zuten, arrosa artifizial batek emakume batengan alergia prozesu bat eragin zuenean (emakumeak ez zekien lorea gezurrezkoa zenik). Hortaz, arrosa artifizial batek immunitate sistemaren funtzionamendua alda badezake, estresak ere gaitasun berbera izan dezakeela pentsatzea ez da batere aldrebesa!

Estresaren aita gisa ezaguna den Hans Selyek 1936an esan zuen aurrenekoz estresa immunoezabatzailea izan zitekeela. Gerora egindako ikerketek erakutsi dute estresak funtzio immunitario ugaritan eragin dezakeela, baina datuak kontrajarriak dira, ondorio immunoezabatzaileak izateaz gain, gaixotasun autoimmunitarioetan ere eragin baitezake. Horren azalpenaren bila, estres-erantzunak fase ezberdinak dituela ondorioztatu dute: estresa azaltzean, immunitate sistemaren aktibitatea handitu egiten da, baina ordubete igarotakoan kontrako ondorioak eragiten ditu, hau da, immunitate sistemaren aktibitatea murrizten hasten da, eta, estres egoera luzaroan mantenduz gero (estres kronikoa), hasierako maila baino %4070 baxuago izan liteke. Hortaz, estres eragile handietan edota iraupen luzeko estres egoeretan soilik gertatuko da immunoezabatze prozesua. Bestalde, iraupen motzeko estres egoera ugari jarraian gertatuz gero, immunitate sistemaren aktibitate altua ez da murrizten, eta gaixotasun autoimmunitarioak azaltzeko aukerak areagotu egiten dira.

Jakina denez, immunitate sistemak lotura estua du gaixotasun askorekin, hala nola gaitz kardiobaskularrekin, diabetesarekin eta minbiziarekin. Hainbat iturrik estresak immunitate sistema hondatzen duela eta zenbait gaitzekiko zaurgarritasuna areagotzen duela diote, baina horretarako jasan beharko litzatekeen estres kroniko maila zenbatekoa den ez dago argi. Gainera, gutako bakoitzak modu oso ezberdinean atzemango du egoera estresagarri bat, norberaren ezaugarrien, bizitako esperientzien eta beste hainbat faktoreren arabera. Estresari aurre egiteko estrategiak ere ezberdinak izango dira, eta horiek estresaren erantzuna baldintza dezaketela ikusi da. Bestalde, harreman sozialek bizi-itxaropenean eragina izan lezakete, ustez, isolamenduan dauden pertsonen estres maila altuagoa delako. Eta zenbait ikerketak babes sozialak minbizidun gaixoen errekuperazioan eragin positiboa duela erakutsi badute ere, isolamendu soziala estres eragilea dela esatea oso balorazio subjektiboa litzateke.

Era berean, immunitate sistemak hainbat psikopatologiarekin lotura duela ikusi dute adituek, hala nola jokaera depresiboekin, eta hori bat dator estresa depresio nahasteen eragile nagusitzat jotzen duten teoriekin.

Baina alor honetako ikerketek eztabaida ugari sortu dituzte. Alde batetik, gizakiekin eginiko ikerketa gehienak atzera begirako metodoen bidez gauzatu dira. Hau da, pertsona gaixoei zein osasuntsuei bizitako egoera estresagarrien inguruan galdegin diete, eta ulergarria litzateke gaitzen bat duten lagunen gehiengoak, beren egoera dela-eta, bizitzan zehar egoera estresagarriak jasan dituztela esatea. Horregatik, etorkizunera begirako metodoak egokiagoak lirateke, norbanako osasuntsuz osatutako talde bat aukeratu eta hainbat hamarkadatan zehar jarraipena egitea, egoera estresagarriak bizi eta gaixotasunak garatzen dituzten behatzeko. Baina ikerketok oso garestiak eta luzeak dira. Animaliekin eginiko probek, halaber, hutsune nabarmenak dituzte, laborategian eragindako gaixotasunetan estresak eragina duela ikusi duten arren, ezin izan dute ondorioztatu estresak gaixotasuna bera sor dezakeen ala ez.

Hortaz, estresa gaitza eragiteko gai denik ezin baieztatu dezakegun arren («Zerbaitek araua osatzen duela baieztatu aurretik, oso seguru egon beharra dago, hori egiten dugun unean, arau horren edozein salbuespen modu objektiboan aztertzea oso zaila bihurtzen baita» —Sapolsky—), estresak immunitate sisteman eragina duela ondoriozta dezakegu. Eragin negatiboak prebenitzeko, berriz, estrategia egokiak landu eta babes soziala indartzea aukera aproposak lirateke. Hala, uda honetan lagunarte atseginaz eta atsedenaz gozatzea gomendatuko nizueke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.