Hezkuntza eta 'zubigintza'

2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ez da hezkuntzaren inguruko gogoetari ekiten diodan lehenengo aldia, eta ez da azkenekoa ere izango; aldizka horren inguruan darabilt burua. Pentsatzen dut irakasle izan naizen urte luzeetan galdera-zalantza-duda-muda ugari izan ditudala nire garunean. Sarri datozkidanak, hain zuzen. Uste dut hezkuntza dela bereziki edozein gobernuk zaindu beharreko esparrua, etorkizuna bera baitago jokoan. Eta horregatik, nire iritziz, politikaren zelaiko liskarretik kanpo geratu beharrekoa. Alor honetan, ezinbestekoak zaizkigu begirada luzea, auzolana, konpromisoa eta ardura, segregazioa, aniztasuna berdintasunean, hezkidetza, euskararena, elkarbizitza eta berrikuntza lantzean. Guztion ardura. Ez da inor soberan.

Behin baino gehiagotan aipatu izan dut Juan Carlos Tedesco, Unescoren Bureau de L'Education bulegoko zuzendari ohia izan zena hain zuzen: «Beti hitz egin izan da hezkuntzako krisiari buruz, baina oraingoa berezia da: ez dakigu zer irakatsi, ez nork irakatsi behar duen, ez zertarako». Hezkuntza formala eta informala. Erronka berriak eta erantzun egokiak bilatu eta aurkitu behar. Euskal gizartearen biharko eguna dugu jokoan. Euskadiren etorkizuna ikusmiran. Euskal Herri osoaren ibilbidea oso neurri handi batean jokoan dugu. Hezkuntza eta garai ezberdinen ezaugarri eta ibilbideak estuki lotuta daude, ditugu. Unean uneko edozein gizarteren beharrek eta erronkek baldintzatzen dute erabat hezkuntzaren gako eta funtsa.

Urte askotan izan naiz Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Beti saiatu izan naiz gauzak ongi egiten, ilusioa eta borondatea ikur, asmatuz eta erratuz. Uste dut ondotxo ezagutzen ditudala sistemaren mugak, eta jakin badakit, jendeak zituen ziurtasunak galdu eta oraindik beste batzuekin ordeztu ez dituen garai honetan, nahasketa dela nagusi batzuetan eta batzuengan. Pedagogia-teoria kontraesankorren zurrunbiloa jasan izan dut, moda psikologikoen desfileak ikusi ditut, eta hezkuntza-teorien karruselean ibili naiz. Ilustrazioak esan zuen eskola askatzaile handia zela; pentsamendu, nolabait esatearren, sasi-aurrerakoi batek eskolaren kontra egin zuen ideologia menderatzailea kopiatzen zuelako; ondoren etorri zen moda tekno-ekonomikoa, eta eskulan gaitu eta eraginkorra egiteko zeregina eman zion hezkuntza sistemari.

Baina eta beraz, zer irakatsi? Batzuek diote —besteak beste Jose Antonio Marina pentsalari eta filosofoak— adimenaren ikuskera berri batean oinarritu behar dugula: zoriontasuna lortzeko baldintzak eskuratzeko tresna izan behar duela adimenak, ez jakintza-biltzaile huts. Ez dakit. Agian. Maite dut erronka bakoitzak bere baitan daraman zalantza. Ziurtasun guztiak zalantzen esparruan kokatzen ditut aspalditxo. Bizi dugun garaia ez da informazioaren gizartearena agian, ikaskuntzaren gizartearena baizik. Ikaskuntza eten-gabeaz ari natzaizue, amaiezina, etenik gabekoa, hezkuntza-sistemak gizarte aurreratu eta aberats bateko oinarrizko egitura bihurtzen dituena. Ez gara ari digresio filosofikoei buruz, baizik eta bizitza-maila desiragarria diseinatu eta lortzeari buruz. Hezkuntzak bizitza-maila hobetzen lagundu behar du. Bizitza-maila onak, halaber, zoriontasun pertsonala eta bizikidetza duina izateko aukera handiagoak ematen dizkie herritarrei. Gure ekintza-eremua zabaltzen duen oro, gure trebetasun, jakintza, gaitasun, ohitura sortzaile, energia eta indarrak zabaltzen dituen oro, aberastasun pertsonal ordezkaezina da.

Ikasleen baliabide intelektual, afektibo eta kritikoak handitzea beharrezkoa da, zoriontsu eta onak izateko aukerak izan ditzaten. Horrek, nola ez, lan-munduan sartu ahal izateko aukera ere hartzen du, aukerak dituen pertsona, duintasuna duen herritarra, ziurtasun ekonomikoa duen langilea: hezkuntzaren hiru adar. Gizarte paradigma aldatuz dabil: luzaroan defendatu izan da adimenaren zeregin nagusia ezagutzea zela; orain, agian, ikasi dugu adimenaren zeregin nagusia portaera bideratzea dela bizi dugunetik onik ateratzeko, iturri zaharraren ur berria. Nortasuna garatzea da helburua, eta ez enplegua eta mantenua lortzeko borrokarako gaitasun erabilgarrien alde bakarrik.

Hezkuntzaren helburu bakarra ez litzateke izango pertsona merkatu-ekonomiak ezartzen dituen beharrizanetara egokitzea; aldiz, beste ororen gainetik, inguruan duen mundua kritikoki ezagutzen laguntzea eta autonomia pertsonalaren oinarri den multzoen adimena berritzen laguntzea ere, horrela aberastasunaren sorkuntzan eta banaketa justuan parte hartzea sustatuz. Errotik saiatu behar gizarte-ezberdintasunen aurka, zeren haurrak bizitzaren hasieratik bereizten baitira ekonomikoki hoberen eta ahulenen artean. Zaila? Jakina. Erraza ez, bai lorgarria.

Saia gaitezen akordioak lantzen, adostasunak ehuntzen, ezberdinen arteko uste eta iritziak begirunez eta errespetu osoz kontrastatzen eta lasai eztabaidatzen. Paktua eta akordioa beharrezkoa dugu, Hezkuntza Lege berri bat ate joka ari zaigu. Eman diezaiogun ba itxaropenari aukera. Ekin eta jarrai diezaiogun lanari asmoz eta jakitez. Ezina, ekinez egina egia bihur dezagun. Ireki diezaiogun akordioaren itxaropenari leiho zubigilea. Onenak emateko garaiak dira. Hezkuntza akordiorako zubigintzan, adiskide, izan zaitez beraz zubigile eraginkor. Lortuko dugu guztion partaidetzarekin. Auzolanean. Erronka kolektiboa denez, erantzukizun partekatua derrigorrez. Zubigintza izatez. Hala bitez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.