Hirugarren finalaren bila doaz

Espainiako Kopako finalerdietako partida jokatuko du gaur Athleticek Logroñoren zelaian (20:00). Zuri-gorriak bi aldiz izan dira finalean, baina ez dute sekula irabazi, eta arantza kendu nahi dute

Athleticeko jokalariak finalerdietarako sailkatu zirela ospatzen Taconen aurkako partidan, aurreko sasoian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Athleticen emakumezkoen taldeak bost liga dauzka irabazita. Mende honen hasieran, eta Bartzelona eta Atletico Madril indarra hartzen hasi ziren arte, nagusi zen talde bizkaitarra. Baina, badu arantza bat: ez du sekula Espainiako Kopa bat irabazi. Bitan lortu du finalera iristea, 2012an eta 2014an. Baina ez zuen Kopa altxatzerik izan. Lehenengoan, 2-1 galdu zuen Espanyolen kontra. Mingarriagoa eta krudelagoa izan zen, haatik, bigarrena, penaltietan galdu baitzuen Bartzelonaren aurka. Gaur arantza hori ateratzeko lehen urratsa egin nahi du, Logroñori irabaziz eta hirugarren finalera sailkatuz. Neurketa Las Gaunasen jokatuko da, 20:00etan. Kale edo baleko neurketa izango da, finalerdia partida bakarrera baita.

Berez, gaur jokatuko den norgehiagoka martxoaren 18an jokatu behar zen, aurreko sasoiko Kopako finalerdietako partida baita. Jakina zen jokatuko egingo zela, baina ostegun arte ez zuten jakin noiz izango zen. «Luze egin da itxaronaldia. Ilusio eta gogo handiz gaude», adierazi du Vanessa Gimbert jokalariak (Bergara, Gipuzkoa, 1980).

Tirapuk erretiroa hartuta, Nekane Diez, Erika Vazquez eta Eunate Arraizarekin batera, Bartzelonaren aurka final hartan egon ziren jokalarietako bat da. «Oso zorte txarra izan genuen partida hartan. Gogoan dut, penaltietan galtzeaz gain, Leire Landak lesio larria izan zuela. Oso gogorra izan zen porrot hura, dena eman genuelako eta krudela izan zelako hala galtzea. Uste dut merezi dugula arantza hori kentzea, eta Athletic bezalako talde batek Kopa irabaztea. Harrobian egiten ari den lanarentzat beste bultzada bat izango litzateke».

Pandemia dela eta, edukiera mugatuarekin jokatuko da partida. Ez du uste, ordea, hori abantaila denik beraientzat. «Argi dago zaleen babesa garrantzitsua dela. Bainadetaile txikietan erabakiko da neurketa. Arreta eta intentsitate handiena jartzen duen taldeak irabaziko du».

Alde horretatik, Logroñok duen abiadura nabarmendu du. «Zelai erditik aurrera jokalari oso bizkorrak ditu, Jade [Boho] eta Olga [Garcia] batez ere. Gainera, biek dute jaurtiketa ona. Hortik etorriko zaigu arriskua. Oso adi egon beharko dugu».

Hain jokalari azkarrak aurrean izanda, fisikoki ondo egotearen garrantzia azpimarratu du. Ez da ohikoa sasoi honetan final batera sailkatzeko aukera jokoan izatea. Gainera, denbora asko eman dute lehiatu gabe «Hori ere erabakigarria izango da, are gehiago luzapena egonez gero. Talde guztioi falta zaigu oraindik pizgarri apur bat alor horretan».

Baina taldea ondo ikusten du. «Larunbatean irabazi izanak konfiantza eman digu biharko [gaurko] neurketari begira. Ez bakarrik irabazi genuelako, baizik eta taldeak itxura ona eman zuelako. Gainera, mentalki asko laguntzen digu bigarren partida hau izatea. Itxaropen handia dugu jarria txapelketa honetan, halako partida baterako gutxi behar du jokalari batek motibatzeko».

Gazte asko daude taldean, etaeskarmentua izatea funtsezkoa da halako partidetan. Baina Gimbert ez dago kezkatuta horrekin. «Larunbatean bertan erakutsi zuten nolako maila duten». Aholku berezirik ez die eman gaurko. «Ni ez naiz oso aholku eman zalea. Baina esaten diedana da beraiek izateko zelaian».

Beste finalerdia bihar jokatuko dute Bartzelonak eta Sevillak. Bartzelona ageri da faborito argia. «Baina Sevilla oso talde lehiakorra da. Entrenatzaile oso ona dauka, eta izaera hori eman die».Aurkaria edozein izanda, finalean ikusi nahi du bere burua Gimbertek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.