Euskara eta konfiantza Nafarroan

Txoli Mateos González, Amaia Nausia Pimoulier eta Julen Zabalo Bilbao
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bizikidetza balioesten duen gizarte batean, herritarrak, elkarren ondoan ez ezik, elkarrekin bizi dira. Gutxieneko kontsentsu zabalak lortzeko premia ageri da, baina, hartarako, herritarren, administrazioaren eta eragile politikoen arteko konfiantza eraiki beharra dago. Elkarrekiko mesfidantzaz blai dagoen gizarte batek nekez gara lezake harreman demokratikorik, edozein delarik gatazka iturria. Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gobernuarekin egindako hitzarmenaren ondorioz, Ezberdinen arteko konfiantza lantzen izeneko jardunaldiari ekin zion ekainaren 16an eta, bertan, euskara izan zen eztabaidagaietako bat.

Zer harreman dago gizarte bateko bizikidetzaren, konfiantza mailaren eta euskararen artean? Zalantzarik gabe, euskara gai gatazkatsua da Nafarroan, baina ezin esan daiteke euskararen aldekoak eta kontrakoak daudenik, gehiago zehaztu gabe. Badago nafar administrazioaren jarduna euskarari egindako erasotzat hartzen duen sektore sumindua, euskal hiztunen eskubideen urraketa salatzen duena. Lanpostu publikoetan euskara eskakizun izatea eta euskararen irakaskuntza orokortzea izan zitezkeen aldarri ohikoenak. Eta beste aldean aurkitzen dira euskararen zabalkundeaz mesfidati direnak. Euskararen kontra ez dira azaltzen, azken batez, euskara nafar hizkuntza da, baina betiere dagokion eremuan; eremu naturalean gordeta irudikatzen dute euskal hizkuntza. Euskara zabaltzeko neurriei uko egiten diete, beraz. Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, nafarren %40k eusten diote pentsaera horri. Eta, azkenik, badaude nolabaiteko konfiantzaren eraikuntza egingarri ikusten dutenak. Ustezko gatazkari garrantzia kendu eta euskararen inguruko kontsentsuak lantzeari ematen diote. Baikortasuna nabaria da hemen eta epe luzera begiratzen dute; gauzak ez dira aldatuko egun batetik bestera; akordioak lortu behar dira.

Hori guztia kontuan hartuta, hiru gako argitu beharra ikusten da. Lehena litzateke zehaztea zer den euskara arma politiko gisa erabiltzea. Deigarria da alde guztietatik egiten dela salaketa bertsua. Lantzen ari den Euskararen Foru Dekretuaren harira, adibidez, euskararen aldekoek nafar gobernuari leporatzen diote euskararen ikuspegi murriztailea izatea nafar eskuindarren bozkak irabazteko asmoz. Eta gobernuko presidenteak euskara arma politiko gisa ez erabiltzeko eskatu du, bere jarreraren defentsa egitean. Nork du zilegitasuna euskarari buruzko neurriak proposatzeko?

Horri lotuta doa bigarren gakoa. Hizkuntza politiketan administrazioa ez da neutrala; ezin da izan. Hizkuntzaren inguruko neurriak ezin daitezke alderatu erlijioaren gaian agertzen direnekin, adibidez. Nafar gizartea plurala da, alde askotatik begiratuta, eta argi dago administrazioak nafar guztien mesederako lan egin behar duela eta irizpide adostuak izan behar dituela. Euskararekiko tolerantziak destaina adieraz lezake eta eskubideak eztabaidagarriak dira elkarren aurka talka egiten badute. Begirunea nagusitu beharra dago, ordea. Noraino ekin liezaioke nafar administrazioak ondare kulturalari (euskarari, alegia)begirunea indartzeari?

Eta hirugarrena, azkenik, jarreren eta neurrien arteko harremanari dagokio. Ezagun da jardun demokratikoaren funtsa eztabaida arrazionala dela. Erronka, hortaz, bestea konbentzitzea da. Baina gero eta sarriago nabarmentzen da emozioek jokatzen duten protagonismoa. Horien bidez, konbentzitu baino, erakarri egin nahi da bestea. Hala ere, ez da arriskutsua emozioek eragiten duten griñaz baliatzea, neurriak edo aldarriak proposatzeko orduan, demokraziaren jokoari gailenduz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.