Idiak atzetik

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zer nahi duzu, mediku euskaldunbat edo itzultzaile automatiko bat? Itzultzaile automatiko bat bidean da Osakidetzan, euskararen presentzia areagotzeko asmoz, diotenez. Ez da sinesgarria, eta, hori erakusteko, badago adibide nahikoa. Proba diagnostikoak gaztelera hutsean datoz, nahiz eta agiri ofizialak izan, edo euskaraz eskatu arren. Zergatik ez dituzte euskarara itzultzen? Ibilbide elebidunak ere eskatu ditugu, lehen mailako arretatik espezializatura euskarazko zerbitzua emateko asmoz, baina Osakidetzak ez ditu garatu

Oztopo guztien gainetik euskaraz idazten hasi garenean, ordea, itzultzaile automatikoa ordainetan. Ez euskararen presentzia sustatzeko, euskarazko testuak gaztelerara itzultzeko baizik, erdaldunen mesederako.

Itzultzaile automatikoa ona izan daiteke, euskaraz idatzitakoa gaztelerara bikaintasunez itzul dezake, alegia. Baina horrek itzultzaile bat baino ez dela frogatzen du, ez besterik. Euskarazko osasun arreta segurtasunez emateko ekarpenik egiten duen ezin du frogatu eta, beraz, ez da baliagarria. Izan ere, pazienteen segurtasuna bermatzeko neurririk egokiena hizkuntza-parekotasuna da, hots, osasun langileak eta erabiltzaileak hizkuntza bera hitz egitea, eta ez nolanahi, baizik eta gaizki ulertuak eta hizkuntza-mugak gainditzeko adina.

Hori posible ez denean, hurrenkeran itzultzaile profesional bat da gomendagarriena, eta ez ad hoc topaturiko itzultzailerik. Testuak itzultzeko orduan (historia klinikoa, adibidez), itzulpen profesionala eskatzen da. Osasungintzan ez da itzultzaile automatikorik erabiltzen. Kanadako frankofonoentzat, adibidez, pentsaezina da, umiliagarria izaterainokoan, osasun jarduerak derrigorrezko dituen etika eta ekitatearen aurkakoa. Bestalde, gauza jakina da ez dagoela itzulpen automatikoa onartuko duen epailerik.

Itzultzaile automatikoak itzulpen on bat egin dezake, noski, baina ez du ezer aurreikusten. Pazienteen segurtasuna eta gogobetetasuna hobetuko duen edo ez, hain zuzen. Nago ezetz. Aukeran, hobeagoa da euskaraz dakien mediku bat, euskaraz ez dakien mediku bat euskarazko testu baten itzulpenarekin baino. Biak konparatu beharko balira, nork sinatuko luke zentzurik gabeko ikerketa batean parte hartzeko baimenik? Zein etika batzordek onartuko luke bere egokitasuna frogatu duen jardun bat (hizkuntza parekotasuna) alderatzea, zer eta inon ere onargarria ez den eta arriskutsua izan daitekeen beste batekin?

Horixe baita itzultzaile automatikoak frogatu behar duena: ez itzulpena egiteko tresna egokia denik, pazienteen segurtasuna bermatzen duela baizik. Ezina, alferrik egina. Itzulbidek zera erakusten du: Osakidetzaren Euskara Planak ez direla ebidentzian oinarritzen, ez dituztela pazienteak edota klinikoak aintzat hartzen. Medikuntzatik at dauden teknikari batzuek Osakidetzako zuzendaritza erdaldun baten neurrira egindako plangintzak baino ez dira. Ideiarik ezean, idiak atzetik. Lehenengo idiak jarri behar dira, gero gurdia. Lehendabizi, euskararen presentzia benetan areagotu nahi badute, proba diagnostikoak euskaraz eskain ditzatela, eta euskarazko ibilbideak garatuz osasun arreta eman dezatela. Gero gerokoak, baita itzultzaile automatikoa ere, ordurako ez dugu beharko eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.