Izaskun Landaida Larizgoitia.

Modu berriak

2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, mundu osoko emakumeek ahalduntze kolektibokoaren erakustaldia egiteko aukera izango dugu berriz, eskubide eta aukera-berdintasunean bizitzeko gure eskubidea aldarrikatzeko. Iazko martxoaren 8ko argazki zirraragarri eta boteretsua aurrerapausoa izan da emakume askoren ahalduntze prozesuetan, eta emakumeen arteko elkartasuna eta aliantzak sortzeko ideia indartzen lagundu du.

Berdintasunak taldeko lan handia behar du, eta zeregin horretan emakumeen ahotsa funtsezkoa da. Elkarrekin sareak sortzeak eta ekintzak gauzatzeak indartsuago eta ikusgarriago bihurtzen gaitu, eta gure ahotsak eta gure aldarriak gizarteak ozenago entzutea ekartzen dute. Feminismoa, sortu zenetik, aliantzetan oinarritu da, emakumeen arteko aliantzetan, askotariko emakumeenetan, egoera sozial, ekonomiko eta ideologiko ezberdinetako eta arraza askotako emakumez osatuak...; guztiok ezberdinak garela kontuan hartzen du horrek, baina gogorarazten digu, orobat, mundu osoan emakume garelako pairatzen dugun egiturazko ezberdintasun-egoerak batzen gaituela. Horregatik, dei egin nahiko nuke gaur askotariko emakumeen arteko aliantza gehiago eraikitzen jarraitzera, gure eskubideetan eta emakumeen eta gizonen berdintasunean are gehiago aurrera egin dezagun.

Feminismoak aire freskoa dakar indibidualtasuna, neurrigabeko kontsumismoa, ezberdintasunak, indarkeria... nagusi diren munduan. Feminismoak gauzak egiteko modu berriak proposatzen ditu, bestelako lehentasunak, gizakiaren egiazko lehentasunak. Pertsonen bizitza erdigunean jartzea. Ez du ematen aldarrikapen eroa edo muturrekoa denik. Pertsonentzat, pertsona guztientzat pentsatutako gizarte baten eraikuntza aldarrikatzea da besterik gabe, kontuan hartuta geure burua zaindu behar dugula eta etorkizunak ezin direla diseinatu zaintzaren balioa kontuan hartu gabe. Izan ere, gaur egun, ez zaio balioa aitortzen oraindik, eta emakumeen ardura da gehienbat; horrek zama handia dakarkie emakumeei lanaren, ekonomiaren eta osasunaren esparruan, besteak beste.

Martxoaren 8ko gure kanpainan neskato eta emakume gazteei ahotsa ematearen alde egin dugu, haiengan sinesten dugulako, eta hunkitu egiten gaituelako ikusteak neska gazteek nola frogatzen diguten feminismoaren ondarea luzaroan egongo dela bizirik. Gainera, emakume ezagunei eta ez hain ezagunei ikusgaitasuna ematearen aldeko apustua egin dugu; gutariko askoren erreferente izan dira horiek, eta bideak zabaldu dizkigute. Izugarri zor diegu. Une ezin hobea da haiek omentzeko, bai eta, haien ondareaz baliatuz, guztion artean belaunaldi gazteentzat gizarte berdinzaleagoa eraikitzen laguntzeko ere.

Feminismoak giltza anitz eskaintzen dizkigu. Eta ez dira emakumeen eta gizonen ezberdintasuna amaiarazteko soilik. Mundua modu bidezko eta jasangarriago batez antolatzeko gakoak ematen dizkigu, bide berria eta jokatzeko modu berriak erakusten dizkigu, bizitzeko mundu egokiagoa eraikitzea lortu ahal izan dezagun. Gizarte gisa ditugun erronkek, egiturazko arazoek, ohiko estrategiak gaindituko dituzten erantzun berritzaileak behar dituzte. Feminismoak modu berriak arakatzeko aukera ematen digu; bide berriak, estrategia berriak. Har ditzagun kontuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.