Jolastu nahi dut

Ixabel Canales eta Gontzal Martinez de la Hidalga
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
«Aita, zerbait esan behar dizut. Gaur arratsaldean kalean lagunartean futbolean genbiltzala, Ertzaintza etorri da, gu identifikatu eta 600 euroko isuna jarri digute. Debekatuta omen dago lagunekin kirola egitea. Gainera, denok maskara jantzita geunden. Ez dut ulertzen. Badakit pandemian gaudela eta zer gertatzen ari den. Telebistan ikusten dugu eta saiatzen gara dena betetzen, nahiz eta inork gu kontuan hartu ez. Hain txarto dago egin duguna? Benetan, hain arriskutsua da norbaitentzat gu kalean jolastea? Etxean telebistaren aurrean geratu behar dugu? Umeok ezin gara mugitu eta lagunekin jolastu? Guretzat ezinbestekoa da!».

Aste honetako kontsulta bat izan da. Markel, 14 urte. Aitak, zer erantzun ez zekiela, guri galdetu zigun. Zertan dago oinarrituta umeek talde-kirola egitearen debekua?

Bizitzen ari garen egoera latz honetan Chomskyren esaldiak argi berezia dauka: «Aurrera egingo badugu espezie bezala, gure bizitzen gainean eragina daukaten erabakietan parte hartzea izango da gakoetako bat. Bestea, aldaketa klimatikoa». Umeen eta nerabeen ahotsa ez da entzun sindemia honetan. Ez zen entzuten lehenago ere. Gazteena ere ez gehiegi. Bizi garen gizarte honetan ahots guztiak ez dira berdinak. Eta ahalik eta ahots gehiagori oihartzuna ematea lortu beharko genuke. Ez da erraza, baina denon errealitateak zaindu behar ditugu.

Martxoan pandemia deklaratu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Eta martxoaren 14an Alarma Egoera ezarri zuten gurean. Haurtzaro-nerabezaroari eragiten zieten bi erabaki zorrotz hartu zituzten: eskolak itxi eta 40 egunez etxetik irteteko debeku zorrotza ezarri zieten. Horrelakorik pairatu zuten bakarrak izan ziren. Ez zegoen neurri hauek sostengatzen zituen oinarri zientifikorik. Ez da erraza ezjakintasun maila altua dugunean erabakiak hartzea, egia da. Baina horrekin batera, etengabe egon behar duzu hartutako neurriek sortu ditzaketen ondorioak neurtzen. Europako beste herrialdeetan ez ziren horren neurri bortitzak hartu haurtzaroari zegokionez. Arrisku bat dago: ekidin nahi duzun kaltea baino kalte handiagoa eragitea, gerta daitezkeen ondorioak kontuan hartzen ez badira eta datuak pilatzen ez baditugu. Eta guk datuak eta azterketak nahi ditugu. Ebidentziak denbora behar du eraikitzeko, baina hasieratik umeek egoera honekin guztiarekin sentitzen zutena adierazten zuten. Marina Garcesek esandakoa da: «Etxealdia ume batzuentzat opor modukoak izango dira; beste batzuentzat, berriz, infernua». Arrakala digitala, soziala, ekonomikoa, umeek pairatzen dituzten tratu txar eta abusu ikusezinak ... Bazeuden pandemia heldu baino lehen eta oraingo egoerak dena areagotu du.

Hamaika galdera egon arren, urtebeteko tarte honetan ezagutza eta ebidentzia zientifikoa pilatzen joateko aukera izan dugu eta, tentuz bada ere, honako hau esan dezakegu: umeak ez dira inoiz hiperkutsagarriak izan (gripearekin gertatzen dena koronabirusarekin parekatu zuten); ez da frogatu eskolen itxieraren eraginkortasuna transmisioa ekiditeko orduan; neurri egokiak hartuta eskolak zabaldu ziren lekuetan ez zen agerraldi berezirik izan. Egon daitezke, baina neurri egokiak hartuta ez da gertatu. Kutsagarritasunari dagokionez, eztabaidagarria bada ere, ematen du umeek gutxiagotan pairatzen dutela gaixotasuna eta ez direla helduak bezain kutsagarriak. Normalean, etxean gertatzen dira kutsatzeak eta, orokorrean esanda, helduak izaten gara infekzioaren iturri. Eta noski, kasu ezohikoak badaude ere, normalean gaixotasun arina da umeek pairatzen dutena.

Unicefek eta beste hamaika erakundek argi gorria piztu dute. Umeen eta nerabeen osasun fisiko eta emozionalean pandemia izaten ari den ondorio latzak azpimarratu dituzte... eta gure kontsultetan ere ikusten ari gara: autolesioak, antsietatea, garapen psikomotorraren atzerapena, obesitatea... Gureak sentsazioak eta susmoak dira. Ez daukagu datu zehatzik. Gure gehiegizko lanak ez digu ikerketa edota datuak biltzen utzi. Lehen Arreta eztanda egitear dago baliabide faltarengatik. Dena den, umeei buruzko datuak behar ditugu. Bai koronabirusari dagozkionak, bai beste arazoen ingurukoak. Besteak beste, obesitatea eta kalte emozionalen inguruko datuak ere. Horiek guztiak neurtu behar dira errealitate osoa aztertu ahal izateko.

Umeen itxialdi zorrotza eta eskolen itxiera berraztertu egin ziren. Batetik neurri horiek sostengatzen zuten ebidentzia eskasa eta bestetik sortutako ondorioak kontuan izanda. Gaur egun, denok gaude ados eskolen itxiera ez litzatekeela berriro gertatu beharko, ezta ezagutu dugun etxealdi zorrotz hura ere. Baina indarrean jarraitzen duten beste neurri batzuk neurtzeko unea izan daiteke, betiere, egoera orokorrari arriskua gehitu barik. Eskertuko genuke eskola-kirola edota ume eta gazteen talde-kirolaren debekua berraztertuko balitz. Hori justifikatzen duten datu epidemiologiko eta zientifikoak ezagutu nahi ditugu. Ez dadila berriro ere berandu izan. Ez ditzagun neurri hauek sortzen dituzten ondorioak bazter batean ezkutatu. Talde- eta eskola-kirola ezinbestekoa da haurren osasun fisiko eta mentalerako.

Pandemiaren hasieratik ikerketa asko egin dira eta argi geratu da COVID-19a arrisku handia dela gaixotasun kroniko larriak pairatzen dituzten pertsona nagusientzat. Ez, ordea, beste adin tartekoentzat. Estatu Espainiarrean, heriotzen %70 nagusien egoitzetan suertatu dira. Pribatizazioa, baldintza txarrak, langileen prekarizazioa eta material falta izan dira hori gertatzeko arrazoi garrantzitsuenetarikoak. Logikak dio nagusien egoitzen eredua porrot handia dela. Hartu behar izan den neurri garrantzitsuena gure nagusiak babestea da. Hori lortzeko, lehenik eta behin egoitza horien eredua guztiz aldatu beharko genuke. Dena den, hori ez da ukitu eta begirada guztiak beste norabidera ipini dira. Tartean, umeak eta gazteak erruduntzat hartu dituzte. Horren atzetik hipokrisia handia ezkutatzen da. Eta hartu izan diren neurriek eragin handia dute haurren eta gaztetxoen osasunean.

Umeak oraina eta geroa ere badira eta ez genuke haien osasun osoa kolokan jarri behar. Baina, batez ere, entzun ditzagun. Protokoloak, arauak, neurriak hartzen diren guneetan umeen eta nerabeen hitza egon dadila, besteenarekin batera. Nahia Idoiagak dio: «Umeei ezin zaie egin ezin dutena eskatu. Ezin zaie lagunekin ez jolasteko eskatu, ezin zaie hurkoak ez ukitzeko eskatu». Guk hau gehituko genuke: umeak eta nerabeak ez dira heldu txikiak, ez sintometan ezta behar eta gaitasunetan ere. Agian gaztetxoei gauza gehiago eskatu dakieke, baina betiere haien ahotsa erdigunean egonda. Konfiantza osoa daukagu haiengan. Lagunekin, taldeka jolastea haientzat ezinbestekoa da.

Kontuan har ditzagun haur eta nerabeak eta entzun dezagun haien ahotsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.