Aitor Otxoa. Mendiko eskiatzailea

«Eskiatzeak bizipoza ematen dit gehienbat»

Mendiko eskiak Euskal Herrian izan duen bilakaeraren protagonista eta lekukoa da, bai lehiaketetan, bai lehiaketetatik kanpo. Aitzindarietako bat da.

Unai Ugartemendia.
Oñati
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Pierra Menta bakarra egitea erronka da edozein mendi eskiatzailerentzat. Bada, Aitor Otxoak (Oñati, Gipuzkoa, 1972) hamasei egin ditu. Mendian eskiatzea du pasio, etxe ondoko mendietan edo Alpeetako erraldoietan, Pierra Mentan edo Karolo Bandresen, egun argiz edo kopeta argia jarrita.

Nondik datorkizu mendi eskirako zaletasuna?

Euskal Herrian soldadutza egindako azkenenetakoa izango naiz. Hara joan aurretik, enpresa batean lan egiten nuen, baina 1992ko krisiaren aurretik, bertako nagusiak zera aipatu zidan bederatzi hilabeteko soldadutza osatzen banuen lanean kontratu finkoa egingo zidala. Soldadutza mendiko talde batean egitea tokatu zitzaidan, Candanchun [Aragoi, Espainia]. Ordura arte eski batzuk jantzi gabea nintzen, eta han jantzi nituen lehenbizikoz eskiak, 19 urterekin. Teoria asko izaten genuen, elur jausiak nola kudeatu, foka larruen aldaketak nola egin, eskiak nola konpondu... Begietatik sartu zitzaidan mendiko eskia. Han bi hilabete pasatu eta gero, nire lehen eskiak eta material guztia erosi nituen.

Oñatin ez al zen mendiko eskian aritutako inor aurretik?

Bai, eskiatzaile batzuk baziren. Kable antzeko bat jarrita egoten zen Tellakasku inguruan, eta han ibiltzen zen jendea. Nahiko eskola partikularra izan da Aloña Mendi taldearena mendiko eskian. Irteera asko egiten ziren. Lasterketetara joateko grina geroagokoa da.

Lasterketak aipatu dituzu. Gogoan al duzu jokatu zenuen lehen lasterketa?

Araneko ibarrean izan zen [Lleida, Herrialde Katalanak], 2002an. Oñatiar batzuek hara joatea erabaki genuen. Tartean ziren Iñaki Urteaga eta Arkaitz Letamendi. Aurreko urtean ikusi genuen lasterketak jokatzen zirela, berotu ginen eta joatea erabaki genuen. Han ezagutu genituen Tolosaldeko Joseba Ormazabal eta Joseba Tobar. Hurrena, lehenbizikoz, Euskal Herriko txapelketa jokatu genuen. Denbora gutxian taldetxo bat osatu genuen.

Orduan ia lasterketarik ez zen jokatzen Euskal Herrian.

Ez. Lasterketak jokatzen aurrenetakoa izan zen Andoni Areizaga. Berak jada egina zuen lehen Pierra Menta. Areizagak eta Antxon Bandres orduko Euskal Herriko Mendi Federazioko presidenteak sustatu zituzten lehen lasterketak. Talde moduko bat egin zuten, arropa ere erosi zuten, eta denon artean lasterketetara joateko konpromiso antzeko bat hartu genuen. Urte batzuetara, gaur egun hain famatua den Altitoy Ternua antolatzen hasi ziren.

Euskal selekzioa ere orduan sortu al zen?

Ez zegoen gaur egun dagoen antolakuntzarik. Orduan jendea biltzen ginen lasterketetara joateko eta, esaterako, Pierra Mentan parte hartzeko lau bikote elkartzen baginen, federazioak ordaintzen zuen bidaia. Urte amaieran, bakoitzak bere curriculuma prestatzen zuen, eta horren arabera izaten ziren ordainketak.

Aspaldi hasi zinen kanpora joaten, lehiatzera. Askotan izan zara munduko lasterketarik ezagunenean, Pierra Mentan.

Aurtengoa hamaseigarrena izan da. Mendiko aldizkari gutxi zeuden orduan. Pyrenaica eta Desnivel erosten nituen, eta haietako batean ikusi nuen lehenbizikoz. Oso formatu polita iruditu zitzaidan: bikoteka, lau egun, Alpeetan... Beste lasterketa batzuk ere egiten ziren: Patrouille des Glaciers [Suitza], Mezzalama [Italia]... 2002an hasi nintzen lasterketetan lehiatzen, eta 2003an egin nuen lehen Pierra Menta. Handik maiteminduta etorri nintzen.

Nola gogoratzen duzu lehena?

Areizagaren bidez izan zen. Galdetu zidan ea hara joateko asmorik nuen. Animatu nintzen, Iñaki Urteagarekin. ETB ere joan zen grabatzera. Beldur handiz joan ginen. Joan aurretik, historiako Gipuzkoako txapelketa bakarra egin genuen, Lecherines inguruan [2.344 metro, Aragoi, Espainia]. Sekulako beldurra pasatu genuen. Zera pentsatu nuen: zer izango ote da Pierra Menta! Baina dena ondo atera zen.

Hainbeste urteren ostean, denetatik ikustea tokatuko zitzaizun.

Bai, gogoan dut urte batean elur asko egin zuela ia egunero. 2.000 metrotik ez ginen pasatu, herrietara jaitsi behar izan genuen, baita etxeetako balkoietatik igaro ere... Baina, hala ere, Pierra Menta beti jokatzen da. Urte txar asko izan dira elur faltagatik, baina Arechesen beti izaten da elurra.

Mendi eskiko lasterketa gehienak bikoteka jokatzen dira. Xarma handia du.

Bai, beste gauza bat da. Oso zaila izaten da biok aldi berean eta leku berean ondo ibiltzea, talde bat egin behar da, asko hitz egin, elkar ulertu... Beti izaten da zerbait, tentsioa dago. Ezinbestekoa da ondo konpontzea.

Lagunekin joan al zara beti?

Bai. Hala ere, egokitu izan zait kataluniar batekin joatea. Historian Pierra Menta gehien duen eskiatzailea da: Joan Maria Vendrell. Askotan topatzen ginen Pierran, eta hizketan ari ginen batean, batera ere egin beharko genuela aipatu genuen. Duela hiru urte izan zen; asko gozatu genuen.

Euskal Herrira itzulita, aurten omenaldi bat egin zizuten Bandres Karolo proban.

Sorpresa izan zen niretzat, baina asko eskertzen dira horrelakoak. Gainera, biak ezagutzen nituen, eta ilusio berezia egin zidan.

Buetraitzeko yetia deitzen omen dizute herrian.

Egia da [barrezka]. Ni izango nintzen gauez ere kopeta argia jarrita eskiatzera joaten hasi zen lehenengoetakoa. Beti orduak lapurtzen ibili behar izaten dugu familia dugunok, eta, gainera, oso gertu dut Arantzazu. Ia egunero begiratzen diogu eguraldiari, eta behin neguan sartuta, tarteren bat noiz hartuko pentsatzen egoten gara. Asko igotzen gara hara, baina beteranoena naizelako-edo deitzen didate horrela. Aurtengo lehen elurtea egin zuenean, hamahiru pertsona elkartu ginen 06:00etan Buetraitzera igotzeko asmoz... eta ni izan nintzen iristen azkena. Orain urte batzuk sekulakoak entzutea tokatzen zitzaidan, baina gaur egun ni bezalako ero gehiago ere batu zaizkit ingurura [barrezka]. Euskal Herrian ez du askotan elurra egiten, eta, horregatik, elurrari probetxu handia ateratzen ikasi dugu.

Ia hogei urte daramatzazu mendiko eskian. Gauzak asko aldatu al dira zu hasi zinenetik?

Bai, aldatzen ari da aldiro, baina aldaketa gehienak positiboak dira. Euskal Herrian, hala ere, oinarria falta da, eta agian hemendik urte batzuetara nabarituko da. Kirol hau profesionalizatzeko bidean doa, eta uste dut gutxi barru olinpiarra izango dela. Materialaren bilakaera ere hor dago. Gure garaian, erositako materialarekin ibiltzen ginen, baina orduan ere jendeak gauza asko aldatzen zizkion: zola erdia kentzen zien, taladruarekin bota zulatu ere bai, pisu gutxiago izateko...

Gaur egun hori ezinezkoa da.

Gutxieneko pisu bat behar dute, segurtasuna bermatzeko. Egungo karbonozko botek oso pisu gutxi dute, eta alde handia dago. Lasterketetan ere antolatzaileek dena kontrolpean izaten dute, badakite ezin dela txorakeriatan ibili.

Lasterketa askotan eskatzen dute lasterkari bakoitzaren curriculuma, izena eman aurretik. Zer iruditzen zaizu?

Ondo. Pentsa Pierra Mentan istripu bat duzula 2.500 metroan, eta ez aurrera ez atzera geratzen zarela. Eskarmentua izateak horrelako ezbeharrak saihestu ditzake. Tokatu izan zait ikustea jendea ia nora zihoan ere ez zekiela. Alde horretatik, gaur egun askoz ere informazio gehiago dago lasterketei buruz.

Zer ematen dizu eskiak?

Eskiatzeak bizipoza ematen dit gehienbat. Elurra egiten duen bakoitzean, ez dut barkatzen. Familia edukita gehiago kostatzen zait lasterketetara joatea, baina etxe inguruan ibiltzen naiz. Buetraitzen, Aloñan edo Artzanburun elurra egiten badu, eguna zerura begira pasatzen dut.

Noiz arte ikusiko zaitugu mendiko eskian lehiatzen?

Oraindik emaztearen baimena badut Pierra Mentara joateko [barrezka]. Aurten hamazazpi lagun joan gara, eta bi bakarrik lehiatu gara. Izugarrizko giroa izan dugu aurten ere, eta gustatuko litzaidake ahal dudan bitartean joatea. Ez dakit 2020an joango garen, Altitoy eta Pierra Menta jarraian izango baitira. Izugarrizko pena ematen dit; ikusi egin beharko dugu!

Lasterketa berezia da zuretzat Arechesekoa.

Bai. Oso leku berezia da. Alpeetako ibar purua da oraindik, garai batekoak bezala. Eski estaziotik bizi dira gehienak, eta herritik azkar batean eskiatzera joan daiteke. Sekulako festa izaten da. Urte batzuetan Grand Monten lau mila pertsona inguru ere elkartu izan dira. Mendi eskiko Frantziako Tourra dela esan dezaket.

Mendi eskiko lasterkariaren soslaia asko aldatzen ari da. Lehen beste kirol batzuetatik iritsitako jendea izaten zen. Etorkizunean, ordea, goian ibiltzeko ezinbestekoa izango al da eski alpinoan trebatua izatea?

Ia derrigorrezkoa dela esango nuke, aurrean ibiltzeko behintzat. Horrek dena erraztuko du, eta, gainera, kirol hau egunetik egunera teknikoagoa da.

Lasterkari gisa oso metodikoa izan al zara?

Lehen gehiago, orain gutxiago. Materiala, esaterako, lehen gehiago berritzen nuen. Gaur egun ez naiz material berria merkaturatu bezain pronto erosten duten horietakoa; hala ere, material ona izatea gustatzen zait.

Eta lehiakorra?

Lehiakorra bai, baina neure buruarekin gehienbat. Dudan guztia ematea gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.