Errugbiko kanporaketak. Iñaki Puyadena. Ordiziako jokalaria

«Nire ibilbidea biribiltzea litzateke liga irabaztea»

IHEIG.
Iñaki Berastegi.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Denboraldia amaitutakoan hartuko du erretiroa Iñaki Puyadenak (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Altamiran azken neurketa jokatu zuen, baina ez du nahi gaur bere ibilbideko azken partida izatea. «Espero dezagun gutxienez beste partida bat jokatzea». Hura eta Asier Alvarez Eulate dira 2012an eta 2013an Ordiziarekin Espainiako Kopa irabazi eta oraindik taldean dauden jokalari bakarrak.

Ligako partida baten aldean, oso bestelakoa da kanporaketa baten atarian jokalariok izaten duzuen sentipena?

Partida guztiei garrantzia eman behar zaie, baina kanporaketetara iristean beste zerbait sentitzen da. Nahi gabe datorkizun sentsazio bat da. Behin kanporaketak jokatzeko sailkatuta, hiru partida irabazten dituenak liga eskuratzen du. Ilusio eta gogo handiadugu.

Ciencias menderatu zenuten final-laurdenetan. Zer ondorio atera zenuten partida horretatik?

Hobetzeko gauzak badaude, baina ondorio garrantzitsuena da detaile txikiena ere zaindu behar dela. Cienciasen aurka ikusi genuen huts txiki batengatik partida bat gal dezakezula. Gauzak ondo ateratzen zaizkigunean guri irabaztea zaila izaten da, eta, beraz, geure buruari erreparatu behar diogu.

El Salvadorri irabaz diezaiokezue?

Bai. El Salvador oso aurkari indartsua da; oso talde gogorra da, eta horrelako partidetan esperientzia handia du. Ia urtero jokatzen ditu azken kanporaketak. Haien zelaian jokatuko dugu. Posible den irabaztea? Bai, noski! Badakigu zaila izango dela, baina, aldi berean, badakigu gauzak ondo egiten baditugu etxera ekar dezakegula garaipena.

Denboraldi honetan bi aldiz jokatu duzue elkarren aurka, kopako finalerdietan eta ligan, eta bietan izan zarete galtzaile.

Kopako finalerdian nabaritu zen haien esperientzia. Baliteke gu urduriago aritzea, eta haiek ondo kudeatu zuten presioa.

Zein dira El Salvadorren indarguneak eta ahulguneak?

Ahulgune gutxi ditu. Ahalegindu behar dugu ahalik eta joko dinamikoena egiten erasoan, eta defentsan hutsunerik ez izaten. Aurreko lerro oso indartsua du El Salvadorrek, eta, metroak irabazten dituztenean, min handia egiten dute. Partida estua izango dela uste dut.

Zale ugari joango dira zuen atzetik Valladolidera. Horrek laguntza handia emango dizue, ezta?

Badirudi jende dezente joango dela. Altamiran ematen diguten indarra kanpoan asko nabarituko da, eta oso eskertuta gaude.

Jokalari gisa, Altamirari agur esan zenion Cienciasen aurkako partidan. Gaurkoa zure azken neurketa izan daiteke.

Espero dezagun ezetz, eta gutxienez beste bat gehiago jokatzea. Albo batera pauso bat ematea erabaki nuen, gazteei tokia uztea, eta etapa hau amaitutzat ematea. Erabakia nahiko argi nuen, baina, amaierara ailegatzen ari garen honetan, kostatzen ari zait pausoa ematea. Baina erabakia hartuta dago.

Hunkigarria izan zen Altamiran egin zizuten agurra?

Oso. Ez nuen horrelakorik espero, eta esker hitzak besterik ez daukat mundu guztiarentzat. Ibilbideari ginga jartzea litzateke liga irabaztea. Denboraldia oso ona izango da, amaitzen den moduan amaitzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.