Lehen Mailara igoera. Josune Urdaniz. Osasunako jokalaria

«Neurketan eragin handia izango du arlo psikologikoak»

IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bihar partida erabakigarria jokatu behar duten arren, «lasai» dago Josune Urdaniz Osasunako jokalaria (Iruñea, 1993). «Deskonektatzeko gaitasuna dut. Lana eta entrenamenduak tarteko, oso nekatuta iristen naiz etxera. Denaz ahaztu, eta 22:00etan ohera joaten ahalegintzen naiz».

Iritsi da azken jardunaldia, eta zuzenean igotzeko aukerak dituzue. Nola zaudete?

Taldea ondo eta gogotsu dago. Denboraldia oso gogorra eta parekatua izan da. Azken jardunaldira hiru talde berdinduta iritsi garela ikustea besterik ez dago, eta hirurek dugula zuzenean igotzeko aukera. Egoera honetan egon nahi genuen, eta lortu dugu.

Dena den, zuen biharko aurkariak ere, Cacereñok, asko du jokoan: irabazi egin behar du, eta beste emaitzen zain egon, igoera kanporaketak jokatzeko.

Haiek ezinbestean irabazi behar dute, aukeraren bat izateko. Guk, berriz, zuzenean igoko ez bagina, ziurtatua dugu kanporaketak jokatzea. Ezin gara presaka aritu.

Cacereño nolako taldea da?

Indartsua. Zelai erdiko bi joko antolatzaileak asko gustatu zitzaizkidan lehen itzuliko partidan: Akari eta Ayaka. Gainera, aurrean oso jokalari bizkorrak dituzte, batez ere Edna eta Ngaska. Gol dezente sartu dituzte, ondo zaindu beharko ditugu. Zaleen bultzada ere izan dute.

Nolako partida espero duzu?

Denboraldia amaitzear da, eta, tekniko-taktikoki aldaketa txikiren bat egin daitekeen arren, oso zaila da aurkariak ezustean harrapatzea. Gainera, talde bakoitzak oso barneratuak ditu bere mekanismoak. Horrenbestez, uste dut arlo psikologikoak garrantzi handia izango duela igandeko [biharko] partidan. Esan bezala, ezin gara presaka aritu, eta halako partida batek sortzen dituen urduritasunak ondo kudeatu behar ditugu. Zaila izango den arren, amaitu arte ez diegu aurkarien emaitzei begiratu behar. Hortik harago, denboraldi osoan bezala, multzo bat izan behar dugu. Eskarmentuaren eta gaztetasunaren arteko nahasketak emaitza onak ekarri dizkigu.

Baikor zara?

Bai. Guk irabazten badugu, eta Deportivok ez badu irabazten, Lehen Mailan izango gara. Izan ere, Eibarren aurka irabazita daukagu golen aldea. Deportivok Logroñoren aurka jokatuko du, eta uste dut estu har dezakeela.

Zuzenean igotzen ez bazarete, kanporaketak jokatu beharko dituzue. Prest zaudete?

Egia da azken urteetan eskura izan dugula igoera, eta ez dugula lortu. Baina horrek ez digu eragin behar. Bai fisikoki, baita psikologikoki ere, taldea ondo ikusten dut, lehiatzen segitzeko moduan.

Zer izango litzateke zuretzat Osasunarekin Lehen Maila jokatzea?

Amets bat betetzea. Etxekoa naiz, eta barru-barrutik bizi ditut kolore hauek. Uste dut klub honek merezi duela igoera. Aspalditik ari da ondo lanean emakumeen futbolean, eta harrobia egoki lantzen. Talde moduan, berriz, Kopan erakutsi dugu gai garela Lehen Mailako taldeei aurre egiteko. Sporting Huelva kanporatu, eta Athletic estu hartu genuen. Igotzen bagara, aurretik taldean egon ziren jokalarien meritua ere izango da: Mairena [Garde], Maiderrena[Irisarri], Lorenarena [Herrera]... Aitzindari izan ziren Eta, noski, entrenatzaile taldearena. Oso lan ona egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.