Ikurrina

ZALDI ERO.
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
«Aita bizi zelarik, hil baino urte eta erdi lehenago, film bat jaso nuen, zinta pirata banatzaile baten bidez: La pelota vasca, Julio Medemena. Bertan ageri diren irudi zaharren artean, morroi bat mortero bat kargatzen. «Horixe aitaren antza!». Eta aitari hots egin nion: «Aita, zu zara?». Zalantzan izan ginen. Zorionez, ondoan nuen kamera bat, laguna, dena grabatzen. Grabatutakoa ikusi aitak, eta galdetu zidan: «Zer egin behar duzu honekin?». «Ez dakit!». Orduan ez nekien, baina nire filmaren abiapuntua zen. Paperean zenbait ohar idazteko esan nion, eta idatzi ere bai aitak, artean letra txukuna zuen eta. Finean, kronika bat zen, nola joan zen gerran frontera, nondik nora ibili zen eta beste. Filmaren gidoia egin zidan! Euskal Herrira etorri eta hark ibilitako lekuetako batzuk ibili nituen, Sabino Arana Fundazioaren eta Trapagarango Sancho de Beurko Elkartearen laguntzaz. MIA Irrintziko lagunen izenak eman zizkidaten, eta hau eta hura. Horrela hasi nintzen. Zerk bultzatu ninduen filma egitera ez dago erraz esaten. Historia bera interesgarria da. Bestalde, nik, nagusitan, haurretan entzundako gerra istorioak egiaztatu nahi nituen, aitak kontatzen zituen anekdotak… Biziaren amaiera aldera aitak anekdota haiek kontatzen segitzen zuen, nahiz bestelakoak zituen entzuleak: bera zaintzen zuten erizainak. Haiek beste belaunaldi bateko emakumeak ziren, beste kultura batekoak; andetarrak batik bat. Haatik, jakin-minez eta arretaz entzuten zioten. Aita hiltzeko zorian zela, emakume haietako batek esan zidan: «Akordatzea ez ahaztu: bandera». Ikurrina. Interneten arakatu eta Flags on line jo nuen. Eta ikurrina erosi nuen. Aitak heriotza aurreratu zuen, ordea, nik ikurrina jaso baino lehen joan zen. Erizainetan arduradunak, ikurrina ez genuela jabetu zenean, erran delako bandera hori nolakoa zen galdetu zidan, eta nik eredu txiki bat eman nion. Hura hartu, Sorquilloko merkatura joan, oihala erosi eta maletak konpontzen zituen batengana joan zen. Hark, josteko makinan egin zion bandera, unean bertan. Ikurrina hartu eta aitaren hilkutxa elizara sartzen ari zenean heldu zen erizaina, ikurrina eskuan, doi-doi. Horrelaxe, estu eta larri, baina ikurrina gainean zuela sartu zen aita parrokiara…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.