Kataluniako erreferenduma. Atzera begira

Katalunia aldatu duen hamarkada

Nork bere une kuttuna du 'procès' famatuaren hasiera kokatzeko: helduagoek Trantsiziora joko dute; gazteenek, 2009ko kontsultetara. Gutxik ukatzen dute Estatutuaren esperientzia gabe dauden lekuan egongo liratekeela. Ustekabeko pizte baten kronika izan da ondorengo guztia.

A-9. 2014an saiatu zen Katalunia independentziari buruzko erreferenduma egiten. ALEJANDRO GARCÍA / EFE.
Samara Velte.
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Azken hamarkada Kataluniatik kanpo igaro duen bati galdetu besterik ez zaio egin behar: joan zenean, nekez irudikatuko zukeen 2017an erreferendum baten atarian egongo zenik, gobernu eta parlamentu independentista batekin, eta Espainiako Estatuko makineria dardaraka ipinita. Oraindik goiz da gertakarien hurrenkera zehatz ulertzeko, baina, atzera begiratuta, identifika daitezke gaur egungo egoerara heltzeko giltza izan diren une batzuk:

2005-2010

ZORIGAIZTOKO ESTATUTUA

Frankismo amaieratik, alderdi eta agintari bakarreko herrialdea zen Katalunia: CiU eta Jordi Pujol ziren haren sinbolo. 2003an, PSCk, ERCk eta ICVk osatutako hiruko gobernuak oposiziora zokoratu zuen alderdi katalanista eskuindarra —ordurako Artur Mas buru zuena—. Agintaldi gatazkatsua zen, eta konpromiso batek elkartu zuen hirukoa: Autonomia Estatutua erreformatzea. Oraingo asmo subiranistetatik oso urrun zegoen ordukoa; hizkuntza politika eta, batez ere, zerga sistema hobetzea zuen helburu. Baina, hori bai: estatutu berriak naziotzat jotzen zuen Katalunia. Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen —PPk soilik bozkatu zuen aurka—, eta herritarrek 2006ko ekainean berretsi zuten erreferendum bidez.

Espainian, kontrako iritzia zen nagusi: PPk sinadurak bildu zituen haren aurka. Kongresuak onar zezan, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak (PSOE) eta Masek Estatutuaren erreforma leuntzea adostu zuten. Gaiak liskarra eragin zuen Kataluniako Parlamentuan, eta ERCk babesa kendu zion agiriari.

2006ko otsailean egin zuten, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko lehenbiziko manifestazio jendetsua, Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu lelopean. Ordurako, PPk agiria Konstituzio Auzitegian salatua zeukan, eta hark, lau urte geroago, baliogabe jo zituen Estatutuaren hamalau artikulu.

2009-2012

MOBILIZAZIOAK

Keinu hark eta Espainiako zenbait politikarik erabilitako hizkerak —Alfonso Guerraren «jo eta garbitu egin dugu Estatutua» famatuak— katalan askoren sumindura piztu zuten, euren borondatea ez zelako errespetatua izan. Independentismoa bazterrekoa zen ordura arte, baina, jendeari zalantzak sortu zitzaizkionean, erantzuna eskaintzeko prest agertu zen. 2009ko irailean, Konstituzionalaren kolpea artean iritsi gabe zegoela, independentziari buruzko galdeketak antolatzen hasi ziren zenbait herritan. Hurrengo bi urteetan, udal guztietan errepikatu zuten keinua.

2012ko martxoan, hainbat tradizio subiranistatako kide batzuk elkartu ziren, eta ANC Biltzar Nazional Katalana sortu zuten. Oinarria garbia zen: foro hartan, nork bere burua soilik ordezkatuko zuen, alderdiekiko independentziaz; gerora, Carme Forcadell izendatu zuten presidente. Erakunde zibil subiranistak urte hartako Diadako manifestaziora deitu zuen, eta ustekabeko arrakasta izan zuen: milioi bat pertsona baino gehiago atera ziren kalera, Katalunia, estatu berria Europan leloari jarraika. Harrezkero, irailaren 11 egun seinalatua izan da mugimendu subiranistarentzat. Omnium Cultural elkartearekin aliatuta, urtez urte mobilizazio ikusgarriak antolatu ditu ANCk.

2012KO HAUTESKUNDEAK

Politika gizartearen atzetik piztu zen. 2012ko Diadaren ostean, Masek itun fiskala proposatu zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Ezezkoa jasota, iragarpen bat egin zuen: parlamentuak independentziari buruzko kontsulta bat antolatzeko konpromisoa hartuko zuen, eta, horren ostean, hauteskundeetara deituko zuen. Babes handia jaso zuen: Kataluniako 131 diputatuetatik 84k bozkatu zuten kontsultaren alde.

CiUren ospea, ordea, nabarmen apalduta zegoen, aurreko urteetako murrizketa zorrotzak zirela eta. Ondorioz, alderdiak ez zuen xanpain botilarik zabaldu azaroaren 25eko arratsean, bozen emaitzak Bartzelonako Majestic hoteletik jarraitu zituenean: gehiengo osoa galdua zuen, eta beste alderdien babesaren menpe geratu zen gobernatzeko. PPrekin berriz aliatzea garesti irtengo zitzaion testuinguru politikoan, eta erabakitzeko eskubidea defendatu zuen bigarren alderdiarengana jo zuen: ERCrengana. Orduan hasi zen bien arteko ezkontza behartua; gaur egun, Junts Pel Si koalizioa osatzen dute.

2013-2014:

LEHEN KONTSULTARA BIDEAN

Hasia zen galdeketaren legealdia. 2013ko urtarrilean, diputatuen hiru laurdenek sinatu zuten Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Ituna, baina kontsigna argiarekin: legezko bideetatik soilik egingo zuten. Handik urtebetera, Espainiari erreferendumak egiteko eskumena eskatu zion Kataluniak; hark ukatu egin zion, eta, gainera, Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen urtarrileko adierazpena. Auzia itun bidez ebazteko asmoz, berriro Madrilera jo zuen Masek; han, Rajoyk behin betiko itxi zion atea erreferendum adostuari. Itzuleran, Kataluniako Parlamentua zain zeukan: irailean onartu zuen galdeketarako legea. CiUk, ERCk, ICVk eta CUPek adostuta zeukaten data: azaroaren 9a.

A-9: KARTOIZKO

HAUTETSONTZIAK

Katalanek ordurako ongi ezagutzen zituzten Auzitegi Konstituzionala eta haren komenentziazko erritmoak. Bi egun baino ez zituen behar izan galdeketa baliorik gabe uzteko. Eztabaidak erdibitu egin zituen subiranistak: CUP antikapitalistak desobeditzeko eskatu zuen, baina CiUk ez zuen legetik irten nahi. Azkenean, presidenteak proposatu zuen alternatiba: azaroaren 9koa «prozesu parte hartzailea» izango zen, eta, ongi ateraz gero, «hauteskunde plebiszitarioetara» deituko zuen.

Urardotutako kontsulta izanagatik, katalanek erruz bozkatu zuten A-9an. Aurreko egunetan, aste honetan bezalaxe, espekulazio ugari egon ziren Poliziaren inguruan, baina, azkenean, gorabeherarik gabe egin ahal izan zuten bozketa. Egunaren amaieran, bi milioi pertsonak baino gehiagok adierazia zuten independentziari buruzko iritzia; 1,8 milioik, alde.

NEGOZIAZIO ETSIGARRIAK

Azaroaren 10az sarri damutu izan dira subiranistak: Masek egun horretan bozetara deitu izan balu, baliatuko zukeen A-9an pilatutako indar soziala. Horren ordez, negoziazioetan kateatu ziren alderdiak: ERCk errezeloa zion CiUk proposatutako zerrenda subiranista bakarrari; hark, ordea, ez zuen bakarrik aurkeztu nahi, inkestek eta udal hauteskundeek iragarria zioten etorkizun iluna ikusita. CUPek hasieratik iragarri zuen alboko errailetik joango zela. Azkenean, CiUk eta ERCk Junts Pel Si koalizioa sortu zuten, eta CUPek bere aldetik aurkeztu zuen hautagaitza independentista.

2015

I-27: BOZ PLEBISZITARIOAK

Eragotzitako erreferendumaren ordezko izan behar zuten bozek: independentziaren aldekoen eta aurkakoen arteko banaketa ahalik eta aratzena. Emaitza, ordea, are lausoagoa izan zen: subiranistek gehiengoa lortu zuten parlamentuan —72 eserleku, 135etik—, baina ez ziren botoen erdietara iritsi (%47,8). Nork bere erara interpretatu zuen emaitza. «Ez dugu erreferenduma irabazi», adierazi zuen CUPek berehala. «Parlamentuak agindu subiranista argia dauka», Junts Pel Sik.

ALIANTZA BERRIAK...

Hamarkada honetako aldaketa ikusgarrienetako bat paisaia politikoan gertatu da. Hauteskundeen izaera plebiszitarioak zirt edo zart egitera behartu zituen alderdi gehienak, eta bide horretan ezkon bikote zalantzati batzuk hautsi ziren. Nagusia, CiU, Convergenciak (CDC) eta Uniok osatua: bigarrenak errail subiranista utzi zuenI-27aren aurretik. Egun hartan, agerian geratu zen urte luzez askok susmatutakoa: Uniok ordezkaritza handiegia izan ohi zuela koalizioaren karguetan, botoetan egiten zion ekarpenerako. %2,5ekin, legebiltzarretik kanpo geratu zen.

Auzi subiranistaren ondorioz, PPren eta CDCren arteko harremana ere mikaztu da, alderdi popularra bere garaian Masen gobernuaren akuilu izan zen arren. Horren ordez, azken urteotako aliantza independentistak sozial demokraziara hurbiltzera behartu du CDC, ERCk eta, batez ere, CUPek estututa. Carles Puigdemont presidentea da horren adibide: antikapitalisten exijentziaz Mas agintetik kendu zutenean heldu zen boterera. CDCko kidea izanagatik, independentista konbentzitua da, eta ez dauka Masen burgesia kutsurik; aurreko legealdietako ustelkeriarekin ere ez dute hainbeste lotzen. Hala ere, aukerak erdibitu egin zuen ezker independentista 2015eko neguan, 3.000 laguneko batzar historiko bat berdinketan amaitzeraino. Ordutik, Junts Pel Siren gobernua sostengatu du CUPek, eta konfiantza mozioa onartu dio Puigdemonti, «ezohiko legealdia» amaitu aurretik erreferenduma egitekotan.

...ETA DIBORTZIOAK

Beste alderdi batzuek garesti ordaindu zuten independentziari buruzko eztabaidan ez lerrokatzea: PSCk botoen erdiak galdu zituen hamarkada batean, eta haren sektore bat ERCra igaro zen. ICVren militante batzuk ere urrundu ziren alderditik; Raul Romeva egungo Atzerri kontseilaria, esaterako. Beste batzuei tranpolin gisa balio izan die prozesuak. Ciutadans, katalanezko murgiltze ereduaren aurkako alderdi gisa sortua zena, unionisten erreferentzia nagusi bihurtu da urte gutxian, Espainiako eskuin berrituaren irudi bilakatzeraino.

'COLAU FENOMENOA'

Hirugarren bidea porrot politikorako bidea ere badela frogatu da hainbaten kasuan, baina ez guztietan. Ada Colau Bartzelonako alkateak eginahalak egin ditu urteotan oreka zailari eusteko. 2011ko M-15 mugimenduak eragin handia izan zuen Bartzelonan, eta handik sortutako alderdiak, Barcelona En Comu-k, gutxik esperotako emaitza lortu zuen 2015eko udal bozetan; ordutik hiriburuan agintzen du, PSCrekiko aliantza hauskor bati esker.

Espainian Podemos hazten ari zen garaian, Colauk ordezkatzen zituen balizko Espainia konfederal eta ezkertiar baten idealak Katalunian. Logika parlamentariotik at geratzen saiatu da orain arte, baina hemendik aurrera hiriburutik harago lehiatzeko asmoa du, Catalunya en Comu formazioarekin. ICV, EUiA, eta Podem-eko militante batzuk batzen ditu, nahiz eta erreferendumaren auziak nabarmen gaiztotu dituen harremanak Comuns gisa ezagutzen den sektore zabalean.

PROZESUA EPAITEGIETAN

A-9a ez zen doakoa izan. Estatuko Fiskaltzak auzitara eraman zituen Mas eta haren gobernuko bi kide; aurtengo otsailean epaitu zituzten, eta inhabilitazio zigorrak jarri zizkieten. Carme Forcadell parlamentuko presidentearen aurkako auzibide bat ere zabalik da. Katalunian, haserrea handitu dute esku hartze judizialek; independentista ez diren askok ere protesta egin dute euren instituzioak erreprimituta ikusi dituztenean.

BAZTERREAN GERATUAK

Kataluniako prozesu subiranistari izena kentzeko erabili ohi diren argudioetako bat da CiUren gainbehera politikoa eta hura ukitzen duten ustelkeria kasuak estaltzeko balio izan duela. Komeni da gogoratzea, ordea, prozesuak hainbat gune ilun argitzeko balio izan duela, besteak beste, ezker independentistak —CUPen bidez— goi mailako informazio politikoa sozializatzen egindako lanari esker. Katalan gutxik ahaztuko dituzten irudiak ere eman ditu prozesuak: esate baterako, Pujolek azalpenak eman behar izan zituenean parlamentuko gai instituzionalen batzordearen aurrean, bere familiaren ondasunak zirela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.