Bi kopa: gozoa eta garratza

Gaur hasiko da Espainiako Kopa, Valentzian (Herrialde Katalanak), eta, final-laurdenetako lehen bi partidetan, IDK eta Gernika arituko dira. Gipuzkoarrek aurkari gaiztoa dute: Perfumerias. Bizkaitarrek, samurragoa: La Seu.

Bi kopa: gozoa eta garratza.
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Saskibaloian, berezia izaten da Espainiako Kopa. Partida bakarrera partida guztiak, kale edo bale. Leku berean guztiak. Emozioa eta zirrara apartekoak izan ohi dira. Gaurtik igandera artean biziko dute hori guztia, Valentzian (Herrialde Katalanak), eta bi talde izango dira han euskal saskibaloia ordezkatzen: IDK Euskotren eta Lointek Gernika. Hirugarrena, Kutxabank Araski, ez zen sartu, ez zuelako Ohorezko Mailako lehen itzulia zortzi onenen artean bukatu.

Zortzi talderekin zozketa egin zen gero. Eta hor komeriak hasi ziren IDKrentzat, eta festa antzekoa Gernikarentzat. Izan ere, gipuzkoarrei aurkaririk zitalena egokitu zitzaien: Perfumerias Avenida (ligako bigarrena egun). Samurragoa bizkaitarrei: Cadi La Seu (ligako hirugarrena orain). Biek jokatuko dute gaur: IDK-k 18:30ean, eta Gernikak 21:30ean.

Donostiako taldean, jokalari onenetakoa da Mariam Coulibaly (Bamako, Mali, 1997), eta zozketaren berri jakitean zer pentsatu zuen azaldu du: «Oso talde ona egokitu zaigula, baina gu ere onak garela, eta zergatik ez diegu ba irabaziko?». Gernikan, Melisa Brcaninovicek (Solingen, Alemania, 1999) beste aldarte bat erakutsi zuen zozketa egin eta segituan: «Zorte pixka bat izan genuela pentsatu nuen. Erraza ez da izango, baina errazagoa bai beste hiruretako bat tokatu izan balitzaigu», esan du, hiru faboritoak gogoan: Perfumerias, Girona eta Valentzia.

Orain, heldu zaie Kopa prestatzeko ordua: norbere estiloa landu, aurkariaren jokoa ikusiz ñabardurak sartu eta abar. Biek ezagutzen dituzte oso ondo gaurko bi aurkariak. Coulibalyri galdetu zaio ea baduen ahuleziarik Roberto Iñiguez gasteiztarraren taldeak, eta alderik onenak aipatuz erantzun du; ez dizkio, nonbait, hutsuneak ikusten pibotak: «Jokoaren erritmoa bikain eramaten dakite, eta sekulako jokalariak dauzkate; ez da bat bakarrik nabarmentzen». La Seuren inguruan, zehatzagoa izan da Brcaninovic: «Irati da onena [Etxarri, nafarra], baina taldea nabarmenduko nuke guztiaren gainetik».

Aurkariaren alderdi onak azaldu eta aztertu ondoren, hurrengo koska da nola irabaz diezaieketen bi aurkariei. Coulibalyk bi gakoren berri eman du: «Defentsa oso ona egin beharko dugu. Azkenean, horrelako talde handiak menderatzeko ezinbesteko lana da hori». Erasoan, berriz, lasaitasuna eskatu du: «Ezin dugu presaka jokatu, eta ondorioz baloiak galtzen hasi». Jakin bai baitaki galera horien ondorioa zer izango litzatekeen: «Saskiratze errazak sartuko lizkigukete, eta hori ezin da gertatu». Izan ere, espainiarrek erraz saskiratzeak beste kalte handi bat ekarriko lioke Donostiako taldeari: «Partidan sartuta heldu behar dugu amaierara, eta ezin diegu ospa egiten utzi lehenago».

Brcaninovicek ere ederki daki zein den bidea La Seuri irabazteko, eta bere taldera begira egin du hausnarketa: «Guk gurea egin behar dugu. Dakigun bezala jokatu. Arreta guztia gure jokoan jarri behar dugu». Badu horren premiarik bai Gernikak, azkenaldian asko galtzen ari delako: otsaila eta martxoa bitartean, sei partida segidan galdu zituen. Horri egin dio aipamena Bosnian jaiotako pibotak, baina baikortasunez: «Taldea hobeto dago orain. Garai txarra pasatu dugu, baina ez dugu amore eman, eta hor gaude».

Faboritoak, betikoak

Kale edo bale, bai, baina kalera joateko eta baleko txapelketa egiteko aukerak ez dira berdinak talde guztientzat. Kopa berezia izanik, faboritoak daude hemen ere, eta badakite hori Coulibalyk eta Brcaninovicek. Hiru talde indartsuenak azkar asko zerrendatu dituzte. Alemaniarrak, hala ere, hiru horietako bat jo du hautagai nagusitzat: «Perfumerias beste biak baino koska bat gorago dago». Coulibalyk umorea sartu dio erantzunari: «Faboritoa IDK da», esan du barrezka.

Batek daki gaurko bi partidetan zer gertatuko den, baina biek dute aparteko ilusioa Kopan jokatzeko. Coulibalyk badaki zer den, hirutan aritu baita. Bigarren aldia izango du IDKrekin [iaz, lehen kanporaketan, Valentziaren aurka galdu zuten]: «Berezia da txapelketa. Azkenean, partida bakoitza da final bat, eta gustatzen zait». Gogoko du zaleak harmailetara bueltatu izana ere: «Aurreko sasoiko Kopan, zale gutxi batzuek izan zuten sartzeko aukera, pandemiagatik. Orain, libre da sarrera, eta zaleak egotea motibagarria da jokalarientzat». Brcaninovicek lehen aldiz jokatuko du Kopa hau, orain arte ez delako aritu Espainiako lehiaketetan. Bai, ordea, toki askotan: Bosnia, Turkia, Libano, Italia, Hungaria eta Belgikan. Kopaz taldekideek hitz egin diote: «Ondo antolatutako txapelketa dela esan didate. Partida onak izango dira jokatzeko; baita zaleentzat ere, ikusteko».

Gaurko bi irabazleak elkarren aurka ariko dira etziko lehen finalerdian. Bigarrenean, biharko bi partiden irabazleak ariko dira: Girona edo Estudiantes, batetik, eta Valentzia edo Zaragoza, bestetik. Finala igandean izango da. Palmaresean, titulu gehien Perfumeriasek dauzka (9). Euskal Herriko taldeek ez dute inoiz irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.