KRITIKA. Musika

Ez soilik Ravel

2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun

EOS



Zuzendaria: Robert Treviño. Klarinetea: Julian Bliss. Egitaraua: Bela Bartoken, Aaron Coplanden eta Maurice Ravelen obrak.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abenduak 9.

Basileako Ganbera Orkestraren 10. urteurrena ospatuko zuen obra konposatzeko Paul Sacherrek eman zion askatasunetik sortu zuen Bela Bartokek Hari, perkusio eta zelestarako musika. Zelesta eta pianoa publikoaren eskuinaldean kokatuta, obra horretan Bartokek irudikatutako efektu estereofonikoa ez zen guztiz lortu. Haatik, lehen mugimendua irekitzen duen fuga lasaiaren soinu laua antifona gisa zabaldu zuen harien sekzioak Kursaalean. Nahiz eta obraren amaierako akordean doitasun falta sumatu, Kubrickek ospetsu egin zuen hirugarren mugimenduan tinbre eta soinu atmosfera hunkigarriak sortu zituen Euskadiko orkestrak.

Robert Treviñoren zuzendaritza eskuzabalari eta orkestraren malgutasunari esker, Julian Bliss bikainak bere egin zuen Aaron Coplandek Benny Goodmanentzat idatzitako Klarinete eta orkestrarako kontzertua. Bere esku eta arnasan, klarineteak kolore garbia eta aberatsa du erregistro guztian, eta baita fraseatze luze ederrak egiteko gaitasun apartekoa ere. Bigarren mugimenduaren jazz estiloa aurkezten duen kadentziaren interpretazioa sen onez betetako birtuosismoaren erakusle izan zen.

Kontzertuaren bigarren zatia, eta baita programaren izena ere, Maurice Raveli eskaini zitzaizkion. Alborada del Gracioso obran —Ravelek orkestratzeko zuen ahalmen zoragarriaren eredu—, erritmo errepikakorrek distira egin zuten, tronpak atzean geratu baziren ere. Rapsodia espainiarra-ren hasierako ostinatoetatik, Ravelek iradokitzen duen giro espainiarra azaleratu zuen Treviñok, bai tempoan, bai keinuan; nabarmentzekoa, bestalde, fagot eta flauten parte hartzea. Bolero ezagunak kontzertua crescendo sutsuan amaitu baino lehen, zeinean Treviñoren presentzia ulergaitza suertatu zen, Pabana hildako infanta batentzat harribitxia jaso genuen: garapenean sotila, sakona, ederra.

Coplandek zioen berak ez zuela konposatzen, baizik eta materialak biltzen; hala bada, luze gogoratzeko bilkura ahalbidetu zuen EOSek, bai programaren osatzean, bai emaitza pozgarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.