Esperientzia jakinduria da

IDK-k irabazi egin dio Gernikari (60-50). Sarr eta Gladkovaren azken uneko lanak erabaki du

Cousseins Smith ihes egin nahian Corneliusi, atzoko partidan. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
IDK Euskotrenek harrapatu egin du Lointek Gernika Lehen Mailako sailkapenean: seina garaipenekin daude orain, hamabina partida jokatu ondoren. Atzo, bien arteko derbia Donostian geratu zen (60-50). Gorabeheratsua izan zen, oraintxe talde bat aurretik, bestea ondoren, eta ez da saskibaloiaren historiara pasatuko, elkarri ez jokatzen utzi nahian oinarritu zelako jokoa. Hamar punturen aldeak ez du adieraztenizaniko parekotasuna, baina azken sei minutuetan, 16-1eko partziala sartu zion Azu Muguruzaren taldeak Mario Lopezenari.

Partidaren historia nagusia josten duten istorio txikiak bai izan ziren nabarmentzekoak. Atzo, Donostiako taldeko bi jokalari eskarmentudunek idatzi zuten. Azkenera. Aurreko minutu guztietan, orrialdea ia zuri eduki zuten Iullia Gladkovak eta Toch Sarrek. Errusiarra gaizki ari zen, eta Muguruzak prest zeukan aldaketa. Partida amaitzeko bost minutu baino gutxiago falta ziren. Baina sartu zuen saskiratze bat, eta pistan utzi zuen entrenatzaileak. Handik aurrera, erabakigarria izan zen: kanpotik barrura sartzen hasi zen, laguntza erakartzen eta asistentziak banatzen. Eskarmentua duen beste bat ederki elikatu zuen: Sarr. Horrek ere partida akabera biribila egin zuen, lehenago gutxi nabarmendu bazen ere.

Beteranoek badute esperientzia, eta esperientzia jakinduria da. Horrelako jokalariak gai dira minutu askotan azaldu ez, eta garai erabakigarrietan partidaren jabe egiteko. Atzo Gladkovak eta Sarrek egin zutena, beste beterano baten laguntzarekin: Joyce Meganue Cousseins Smith joko antolatzailea. Hiruko erabakigarri bat sartu zuen, IDKri lau punturen aldea emateko 37. minutuan. Gazteek ere izan zuten zer kontatu: Maria Eraunzetamurgilek defentsako zortzi errebote hartu zituen, eta Kulibalyk 13 puntu sartu eta 12 errebote jaso.

Gernikakoen artean, Belen Arrojoren hemezortzi puntu baziren garaipenaren istorio handia idazteko nahiko baliabide, baina taldearen azken uneko kamustasunak loria kendu zion.

Araskik galdu egin du

Kutxabank Araskik galdu egin zuen atzo Mendizorrotzan, Valentziaren aurka: 57-60. Lehen laurdenean alde handia hartu zuten kanpotarrek, 14 punturena, eta etxekoen erreakzioa ez zen aski izan gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.