Jone Bastida Alzuru.
Donostiako 71. Zinemaldia. ILUNPEKO OHARRAK

Euskal izarrak Zinemaldian

2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Nazioarteko oihartzuna duen makrojaialdi bat da Zinemaldia. Euskal Herritik egina, baina ez euskal herritarrentzat soilik. Mundu osoko zinemagile eta artistak etortzen dira Donostiara aurten gutxiago, Hollywoodeko greba tarteko, zinemazaleentzat ere enkontru gune da, eta zer esanik ez kazetarientzat. Kultura eta hizkuntza aniztasuna agerian, profil, estilo, toki eta gaitegi askotariko pelikulek osatzen dute programazioa.

Jaialdia aukera eta erakusleiho da askorentzat, eta kulturak duen indarraren erakusle. Ikasteko parada, eta miretsitako artistak gertutik ezagutzekoa. Elitismotik ere edaten du, baina, Zinemaldiak: alfonbra gorriak, traje jantziak, klasea eta boterea. Eta Zinemaldian izango diren izarrei erreparatuta, hemen jaialdiak ekarritako zerrenda luze bat: Juliette Binoche, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton, Dominic West, Maite Alberdi, Robin Campillo, Mateo Garrone, Craig Gillespie, Jonathan Glazer, Kitty Green, Todd Haynes, Tran Anh Hung, Tatiana Huezo, Ladj Ly, James Marsh, Cristi Puiu, Valeria Sarmiento, Justine Triet...

Baina Zinemaldian ere badaude euskal izar asko, eta garrantzitsua da hor ere azpimarra jartzea. Hor daude Urrezko Maskorraren lehian euskal herritarrek zuzenduriko bi lan: Isabel Herguera donostiarrak aurkeztutako Sultanaren ametsa animaziozko filma —hizkuntza asko entzuten dira bertan, tartean euskara ere bai—, eta Jaione Cambordak —donostiarra da sortzez, baina Galizian bizi da aspaldian— zuzendutako O corno pelikula. Euskal Herriko bi zuzendari; eta biak emakumeak. Zabaltegi-Tabakalera sailean ere badaude euskal ekoizpenak, eta zer esanik ez Zinemiran: tartean, Esti Urresolaren 20.000 especies deabejas eta Paul Urkijoren Irati film sonatuak. Interesa piztu du Fermin Muguruzaren lan berriak ere:Bidasoa 2018-2023 dokumentalak. Edota Josu Martinezen bi lanek: Mirande, film bat egiteko zirriborroa eta Bizkarsoro. Kanpora begiratzeko joera eta inertzia dago askotan, baina ezin da bazter utzi, eta are, nabarmendu behar da Zinemaldia euskal izarrez eta etorkizun handiko zinemagileez beteta dagoela, fama eta maila handiko artistez, eta lan bikainez.

Eta nola ez, garrantzitsua da euskarak duen tokia ere. Egunotan euskarazko hamalau lan proiektatzen ari dira jaialdian; tartean, lau estreinaldi. Eta badago Zinemaldiak euskarari egindako keinu inportante bat: Sail Ofizialeko film guztiak euskarazko azpidatziekin ari dira ematen. Zinemaldian egin dute Primeran plataformaren aurkezpen ofiziala ere.

Zinemak munduari begiratzeko askotariko ikuspegiak eskaintzen ditu, eta Euskal Herrian eta Euskal Herritik denean, presentzia izan behar du euskarak, eta arrastoa utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.