Zipriztinak

Aste Nagusiaren ataria

Gastronomia izango da nagusi Bilboko Konpartsakide Egunean, etzi. Kritikatu dute udalak Plaza Biribileko txosnak Erripako kaira mugitzea

Bilboko Konpartsetako Iñigo Fernandez de Martikorena. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusia ate joka dabil. Hilabete falta da jaiak hasteko, baina Bilboko Konpartsek itxaronaldia leunduko dute larunbatean ospatuko duten Konpartsakide Egunarekin. «Datozen asteotako erronkari gogotsu ekiteko, gustu guztientzako programa bat» ondu dute: Bilboko Areatzan ez dira faltako jana eta edana, eta musikak ere izango du bere tokia.

Eguna 11:30ean hasiko da, konpartsek jaietan antolatu ohi duten lehiaketa gastronomiko batekin: pintxoak izango dira larunbatean prestatu beharrekoak. Gosez geratzen direnek baserriko piper eta tomate banaketan parte hartzeko aukera izango dute gero, 12:00etan. Ordu berean, haurrentzako pare bat ekintza ere egongo dira: batetik, jolasak; eta, bestetik, inklusio tailerra, Txokobideren eskutik.

Jandakoei laguntzeko, ardo dastatzea antolatu dute konpartsek, 12:30ean. Geroago, 14:30ean, pintxo lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta, jarraian, 15:00etan, konpartsen arteko bazkaria egingo da.

Goiza gastronomikoa izango da, baina arratsaldean musika izango da protagonista. Lehian taldekoen erromeriak jarriko ditu lehen notak, 17:30ean. Konpartsen kalejirarekin bukatuko da eguna: 19:30ean hasiko da, eta Orkrestak jarriko du musika oraingo horretan.

Txosnen lekuaren aldaketa

Konpartsakide Egunaren ekintzak helaraztearekin batera, udalak «aurrez ezer jakinarazi gabe» hartutako erabaki bat salatzeko ere aprobetxatu zuten atzoko prentsaurrekoa Bilboko Konpartsek.

Berriki jakin dute Bilboko Udalak Areatzako erromeria Plaza Biribilera eraman duela, eta plaza horretako txosnak Erripa kaira aldatuko dituela. Konpartsek luxuzko hotel baten irekierari egotzi diote aldaketa, eta, ondorioz, «negozio pribatuek jai eremuaren antolaketa baldintzatzea» salatu dute.Bilboko Konpartsetako kide den Iñigo Fernandez de Martikorenak aldarrikatu du doakotasunetik eta parte hartzetik antolatzen duten eragileek kudeatu behar dutela Aste Nagusia.

Konpartsakide Eguna



Etzi, Bilboko Areatzan, 11:30ean hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.