Memoria ona dute oihalek

Larunbatean kalean aurkeztuko dituzte Iruñeko peñen pankartak. Euskaldunagoak eta parekideagoak dira marrazkiak aurten.

Muthiko alaiak.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun

Normalean, sanferminetako peñek atzera begiratu eta urteko gertakari nagusien laburpena egin ohi dute pankartetan. Aurten ere hala egin dute, baina oihaletako marrazkien memoriak atzerago egin du. Ez da gutxiagorako. Uztailaren 8an, 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuela, eta ia peña guziek gogora ekarri dute egia, justizia eta ordaina falta direla. Horrekin batera, aurten puri-purian izan diren beste zenbait gai: sanferminetako talde bortxaketaren auzia, Altsasuko gazteen epaia, Iruñea atseginago egiteko plana, pentsioen aldeko borroka, Espainiako politikaren ustelkeria, euskarafobia eta Kataluniako prozesu independentista.

Aurtengo marrazkietan, azpimarratzekoa da aurreko urteetan baino euskara gehiago erabili dutela, eta emakumeen presentzia ere handitu egin dela. Bigarren horretan, zerikusia izan dezakete bortxaketaren auziari egindako erreferentziek eta justiziaren irudia emakumea izateak. Nolanahi ere, datuak hobetu egin dira. Marrazkietan ageri diren pertsonaia nagusien artean, %60 dira gizonak, eta %40 emakumeak; aurreko urteetan, emakumeak herena izan ohi ziren. Euskarari dagokionez, 28 testu daude euskaraz (%44) eta 36 gazteleraz (%56). Zenbaketa egiteko ez dira kontuan hartu bigarren planoan ageri diren aldarrikapen mezuak, testu nagusiak baizik. Aldapa eta Armonia Txantrearra peñek dituzte oihalak euskara hutsez; Txarkok, erdaraz baizik ez.

Eraso sexistena da pankarta askotako gai nagusia. Batzuek bortxaketaren auziarekin lotu dute, eta justiziaren erabakia salatu. Beste batzuek borroka feministari eman diote tokia. Joseba Asiron alkatea eta Armando Cuenca zinegotzia dira, berriro ere, pankartetako protagonistak. Bigarren horren sailak darama, hain zuzen ere, Iruñea atseginago egiteko plana; beraz, askotan bizikletaren gainean marraztu dute zinegotzia. Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak eta PP alderdiaren ustelkeria kasuek ere zeresan handia eman dute.

Deigarria da Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria ez dela behin ere agertzen. Aurreko urteetan ez da nabarmendu peñen oihaletan, baina aurten ez da batean ere agertuko. Ana Beltran PPko parlamentaria eta Maite Esporrin PSNko Iruñeko zinegotzia bai, baita Javier Esparza UPNko presidentea ere. Hirurak euskararen kontrako mezuak haizatzen ageri dira peñetan. Bitxia da telebista programa bateko irabazleak toki gehiago izatea: Amaia Romero Operación Triunfo musika lehiaketako irabazlea hainbat pankartatan ageri da.

Berdintasuna aldarri

Peñen oihaletan dantzatuko diren marrazkiez gainera, Iruñeko Peñen Federazioak larunbatean ospatuko duten Peñen Eguna eta sanferminetako asmoak ere aurkeztu zituen atzo. Marrazkietan ez ezik, haien hitzetan ere azaldu dute erasoekiko jarrera: «Ez dugu onartuko eraso sexistarik, ez gure lokaletan, ez gure inguruan», esan zuen Imanol Alvarez federazioko lehendakariak.

Peña guziek morez margotuko dute pankarten atzeko aldea: «Jai parekide eta libreen aldeko aldarrikapena izanen da». Koldobi Osta federazioko kideak azaldu zuenez, aurten ere prest dute eraso sexisten kontrako protokoloa. Edozein motatako erasoren aurrean jarrera aktiboa izateko eskatu zien sanferminetan izanen diren pertsona guziei: «Besta berdintasunean eta askatasunez bizi eta gozatzeko deia luzatzen dugu».

Larunbaterako egitarau zabala prestatu dute, eta eguerdian aterako dituzte peñen pankartak kalera. Sanferminetan, German Rodriguezen aldeko manifestazioan izanen dira peñak, eta aurreskua eskainiko diote zezen plazan. Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainia txikia ere gonbidatuko dute haurren egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.