Pandemiak etxeetako pantailetara eraman ditu bizitzaren alor asko. Besta ere bai, batzuetan. Iruñean ez da sanferminik ospatuko aurten ere, eta peñek karrikan izanen ez duten tokia bilatu dute sarean: pankarta digitalak aurkeztu dituzte. Kritika eta satira zorrotzez margoturiko oihalek ez dute karriketan dantzarik eginen txarangen melodiei jarraikiz, baina pantailak izanen dituzte bozgorailu. Sanfermin telematikoak beste behin.
Ikusi gehiago: pankarten bilduma
«Pankartak peñen ezaugarri nagusietako bat dira, eta ez genituen herritarrak hori gabe utzi nahi. Behintzat formatu digitalean atera nahi ditugu, urte bitxi hau ez ahazteko», azaldu dute Iosu Sanchez Iruñeko Peñen Federazioko presidenteak eta Rakel Arjol federazioko Talde Feministako bozeramaileak. Modu telematikoan bakarrik ez, bertatik bertara ere ikusi ahalko dira marrazkiak Iruñeko Plazara zentroan, Kale Nagusian; baina soilik asteburu honetan: ostiraletik igandera.
Sanferminetako mahaia ikus liteke zenbait pankartatako marrazkietan, eta hori hizpide izan dute federazioko kideek. Hala, Sanchezek eta Arjolek eskua luzatu diote Iruñeko Udalari heldu diren urteetako bestak antolatzerakoan elkarlanean aritzeko. «Sanferminetako mahaiari dagokion garrantzia eman behar zaio; ezin da egon garaian garaiko alkatetzaren esku», ohartarazi dute. Peñen aburuz, bestak guzienak dira, eta guzien artean antolatu behar dira. Hori sanferminetako mahaia «indartuz» eta «erabakitzeko gaitasuna emanez» lortuko dela uste dute.
Udalari egindako kritikekin batera, kezka agertu dute oraindik ere eraso sexistak, egoera matxistak, jazarpen arrazistak eta eskubide urraketak izaten direlako karrikan. Azkenik, sanferminik ospatuko ez den arren, peñetako bazkideei eta herritarrei dei egin diete uztailaren 6tik 14ra «zuhurtziaz» eta «zentzuz» joka dezaten.
Maskarak, txertoak, segurtasun distantzia, etxeratze agindua... Pandemia izan da aurtengo gai nagusia, nola ez. Ez da ohikoena Osasun kontseilari baten irudia pankartetan agertzea, baina pandemiak protagonismo hori eman dio Santos Induraini. Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta Enrique Maia Iruñeko alkatea ere askotan ageri dira marrazkietan.
Baina dena ez da pandemia, eta Iruñeko Udalari kritika egiteko baliatu dute peñek oihal digitalen bozgorailua. Aurtengo udan zenbait jarduera antolatu ditu udalak sanferminen ordez; tartean hipika eta xake txapelketak. Horiek dira pankarta gehienetan ageri diren bi gai, udal politikak askorako eman ez duen seinale.
Kanpora eta barrura begira aritzen dira peñak: Palestinari erreferentzia egin diote askok, eta, era berean, auzoetako auziei buruzko aipamenak ageri dira nonahi: Arrotxapeko gaztetxea, hitzarmenik gabe utzi dituzten auzoetako prebentzio taldeak... Euskarak, Aroztegiko proiektuak, euskal presoek eta beste gizarte gai batzuek ere badute tokia aurten. Armonia Txantreanak esaldi bakarra paratu du: Adierazpen askatasuna. Iaz zenbait alderdi politikoren kritika zorrotzak jaso zituen Patxi Ruiz presoa irudikatzeagatik, eta Nafarroako Gobernuak ez zuen baimenik eman pankarta hura Baluarte jauregian erakusteko.
Peñetako marrazkietan gaztelania da nagusi beste behin ere: agertzen diren esanen %41 baizik ez dira euskaraz; gainerakoak erdaraz idatzi dituzte. Sexuari erreparatuz gero, arrakala ere nabarmena da: agertzen diren pertsonaien %69 gizonak dira. Urtetik urtera nekez aldatzen da datu hori; beraz, agerikoa da emakumeen irudikapena bigarren mailakoa izaten dela peñetako irudietan.
Kontrolak karrikan
Iaz bezala, Iruñeko Udalak jende kopurua kontrolatuko du hiriburuko zenbait tokitan. Uztailaren 6an, 7an eta asteburuan hartuko ditu neurri bereziak. Uztailaren 6ko eguerdian Udaletxe eta Gazteluko plazetako sarbideak kontrolatuko dituzte poliziek, «jendea biltzea saihesteko». Unean uneko araudiak zehaztuko du plazetan zenbat jende sar daitekeen. Hesiak ere paratuko dituzte, jendea igaro ahal izateko, eta ez dute edaririk, janaririk, pankartarik, puxikarik edo «antzekorik» sartzen utziko.
Aipatutako egunetan, ostatuak dauden karriketako eta plazetako sarrerak zainduko dituzte poliziek: Jarauta, San Nikolas, San Gregorio, Nabarreria, Estafeta, Caldereria, Garcia Castañon, Orreaga etorbidea eta Gazteluko plaza. Leku horietan jende asko biltzen bada, sarbideak itxiko dituzte. Iruñeko Udalak gogorarazi du soilik ostatuetan eta haien terrazetan kontsumitu daitekeela alkohola.