KRITIKA. Dokumentala

Patuak bira soil bat ematen duenekoa

Joan Baez eta Bob Dylan, dokumentalaren fotograma batean. NETFLIX.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun

'Rolling Thunder Revue: A Bob Dylan story'



Zuzendaria: Martin Scorsese. Ekoizleak: Sikelia Productions eta Grey Water Park Prods. Iraupena: 142 min. Urtea: 2019. Non ikusi: Netflix.

Joan Baezek Donostiako Zurriolako hondartzan kantatuko du uztailaren 24an. Egun hori iritsi artean, haren ahotsa —kantuan duela 44 urte eta gaur egun Bob Dylani buruz hizketan— Rolling Thunder Revue: A Bob Dylan story by Martin Scorsese dokumentalean entzun daiteke. Baez eta Dylan elkarrekin kantuan ari dira, 1975ean eta 1976an egin zuten Rolling Thunder Revue biran. Lagun gehiago batu ziren biran, eta erakargarria da oso Allen Ginsberg olerkariaren izaera eta ekarria. Han ziren, besteak beste, Patti Smith abeslari eta poeta, Sam Shepard gidoilari eta aktorea, Joni Mitchell abeslari eta margolaria eta Scarlet Rivera biolin jotzailea.

AEBetako agertoki txikietan egin zuten bira. Taldea gauero aldatzen zen. Bira hura gertatu, gertatu zen, eta orduko irudiak eta kantuak pantaila aurrean izatea ederra da, berez. Kontua da Martin Scorsesek bere fantasiaren iragazkitik pasatu duela dena, Dylan gezurtiaren konplizitatearekin. Gezur hutsa da, esate baterako, Sharon Stone aktoreak kontatzen duen guztia.

Berariaz egindako hautua da Scorsesek egindakoa. 76 urte ditu zinemagileak, eta ez du larritasun ekonomikorik pasatuko zahartzaroan. Ez dio kezka handirik eragingo bere azken proiektuek arrakastarik ez lortzeak. Oharkabean pasatuko balira ere, gaitz erdi.

Baina hara non, ia bi ordu eta erdiz jositako dibertimendu borobil bat osatu duen zinemagileak, Rolling Thunder Revue biraren bueltan. Elkarrizketetako zatiak erritmo eta doinu fin baten gerizpean zabaltzen doaz. Material zaharra eta berria maisuki lotzen ditu zuzendariak, Dylanek «ez naiz ezertaz gogoratzen» esaten duen bitartean —barrutik barrez lehertzen ari da—.

Scarlet Rivera birako biolin jotzaileak Kiss taldeko musikari bat zuen mutil laguna. Filmaren arabera, Dylan Queensen (New York) emandako kontzertu batera joan, eta Kissekoen aupegiko margo zuriak hartu zituen inspiraziorako. Hori guztia ere asmakizun hutsa. Baina adibide horren moduan, gezurrak graziaz eta modu erakargarrian txertatzen dituzte dokumentalean.

Eta ez, ez da hain erraza 142 minutu irauten duen dokumental batean ikus-entzuleen arreta une oro bereganatzea. Birarekin lotutako pasarte batzuk besteak baino erakargarriagoak dira ziur aski, baina Scorsesek eraikitzen duen pelikulak zenbaitetan zeruaren atea jotzen duela iradoki daiteke. Dylanek Knockin' on heaven's door kantatzen duenean, esaterako.

Simple Twist of Face abestian, patuaren bira soil batekin sortu daitekeen istorioa kantatzen du Dylanek. Patuak eraman zaitzake istorio bat dena baino ederragoa irudikatzera. Agian, Baezekin, Zurriolako hondartzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.